Iaz hezkuntza programa martxan jarri genuenean erronka handi bat jarri genuen mahai gainean: 12-16 urteko ikasleek egunero lantzen dituzten gaiak euskarazko Wikipedian ahalik eta hobeto egotea. Zerrenda bat osatu genuen, eta 1.700 gai inguru erauztea lortu genuen. Baina gai horiek elkarren artean nola lotzen diren, ezagutza bera nola saretzen den, eta gure proiektutik kanpo zein artikulu diren garrantzitsu jakitea ariketa zaila zen. Horregatik jo genuen Talaios Kooperatibako Tanit garapen eta esperimentazio laborategira: gaien arteko loturak, hutsuneak eta ezagutza bisualizatu nahi genituen. Esfortzu horren ondorioz jaio da Zeres, artikuluen loturen azterketa egitea ahalbidetzen duen tresna.

Zeres nekazaritzaren jainkosa zen erromatarrentzat. Ugalkortasuna, zerealak eta amatasuna ere zuzentzen zuen Zeresek. 1801ean Giuseppe Piazzak Marte eta Jupiterren artean objektu berria aurkitu zuen. Planeta bat zela pentsatuz, Zeres izena jarri zion. Laster galdu zuen bistaz, baina Gauss matematikari handiak berau berriro ere aurkitzeko modua kalkulatu zuen. Laster aurkitu ziren Zeresen inguruan beste objektu batzuk, eta planeta bat baino asteroideak zirela erabaki zuten. Gaur egun milaka asteroide ezagutzen ditugu eta Zeres planeta nanotzat dugu.

Gure bisualizazio tresnari Zeres izena jarri diogu ere. Alde batetik hezkuntza proiektuan oparitzen ditugun arkatzetan jarri dugun leloa dela eta: ereiten duenak uzta jasotzen du. Bestetik, bisualizazioak asteroide gerriko baten itxura hartzen duelako askotan. Eta hori delako bere helburua: asteroide txikiak aurkitzea, artikulu askotan loturak dituzten objektuak, eta euren tamaina hedatzea. Ezagutza ez delako bakarrik artikulu handi batean agertzen, baita bertan lotuta agertzen diren beste artikuluen kalitatean ere.

Zeres tresnak gure hezkuntza programako artikuluak hartu eta euren arteko loturak aztertzen ditu. Gaiaren kolorearen arabera margotzen ditu, eta artikuluaren tamainaren arabera zirkuluaren tamaina ezartzen du. Lotura asko dituen artikulu bat aurkitzen bada, baina gure programaren baitan ez dagoena, kolore ilunez margotzen du. Honela, artikulu hori hedatzea garrantzitsua izan daiteke ikus dezakegu, begiratu batean.

Baina Zeres jolas bat ere bada. Ezagutzaren jolasa. Gaien arteko loturak ezagutzeak aukera ematen die wikilari ez direnei ere orain arte pentsatzen ez zituen lotura batzuk pentsatzen. Curriculumak garatzen dituztenei aukera ematen die curriculum horren elkarrekintzak ulertzeko. Irakasleei aukera ematen die a priori oso ezberdinak diren gaien arteko loturak egiteko. Eta zuri… zuri ere ematen dizkizu oraindik ere ezagutzen ez ditugun aukerak.

Zeres uzta jasotzeko tresna bat da. Zeres asteroide gerriko bat da. Zeres jaio da.