Aurten ere Celtic Knot egin da bigarren aldiz, zelta kulturako Wikipedien topagunea, uztailaren 5etik 6ra, oraingoan Galesko Aberystwyth kostaldeko herri ederrean izandakoa, non zehazki eta Galeseko Liburutegi Nazionalean. Ez, Euskal Wikipedia ez da zelta, ezta EWKE Euskal Wikilarien Elkartea ere, baina Celtic Knot Europako hizkuntza gutxituetako Wikipediak elkartzeko puntua bilakatzen ari da antza, gero eta gehiago.

Antolakuntzak euskal ordezkaritza gonbidatu du galesez mintzo den herrira (gurean antzera, ingelesa bolo-bolo dabil, ikus Iñaki Larrañagaren artikulua ZuZeun), eta plazera dugu euskal wikilariok hitzordua han jartzea. Zalantzarik gabe, topaketak euskal-gales harremanak sendotu ditu hurrengo hilabeteetara eta urtera begira: hizkuntza gutxituen ardatz berri bat?

Galesko Wikipedia lantzen

Koldo Biguri Txikipedia aurkezten (Josu, CC-BY-SA 4.0)

Jason Evans aritu da Celtic Knoteko antolatzaile; bera dabil, izan ere, Aberystwytheko Galeseko Liburutegi Nazionalean wikilari egoiliar, lan horretan dagoeneko lau urtez, bere lan onaren seinale. Eluned Morgan ministro galesaren aurkezpenak agerian utzi du Gales Wikipediak, edo Wicipedia Cymraegek (bertako hizkuntzan), rol garrantzitsua duela galesa sustatzen, eta Robin Owainek, galesgintzan urte luzez zaildutako idazle eta kultur aktibistak, eman dio topaketari behar zuen hauspoa eta hatsa.

 

Hezkuntza eta bitarteko teknikoak hizkuntzen normalizazioaren zerbitzura

Robin Owain, CY WPkoa, eta Iñaki LL, EU WPkoa (Llywelyn2000, CC-BY-SA 4.0)

Zalantzarik gabe, desberdinak dira bertan agertutako proposamenak, teknikoak zein programatikoak; askotarikoak izan dira, halaber, Wikipedien hizkuntza komunitateen errealitateak eta kezkak. Wikipedian kornubiera biziberritu eta barruko kontraesanak (lankideen arteko eztabaidak, ortografia) konpontzeko ahalegina azaldu zuen Mark Trevethanek, teknologiak gales hizkuntza bultzatzen duen garrantziaz Garleth Morlaisek, eta Wikidataren itzulpengintzak bere tokia izan zuen ere Nicolas Vigneronekin. Euskal Herritik, hizpidea jarri genuen hala Koldo Bigurik nola Iñaki Lopez de Luzuriagak, Txikipediaz eta Hezkuntza Programaz aurkezpen bana emanez, hurrenez hurren. Ikusmin handia piztu zuten biek ala biek.

Wikisource, Wikidata eta beste wiki bitarteko batzuk handitu ahala, hizkuntza gutxituak ere beren bidea egiten ari dira. Horrelako azken (aurreko) oldarraldia gure Wikiteka izan da, Wikisourceren euskal bertsioa, Jason Evansek bere agerraldian adierazi bezala. Bagabiltza eta bada zerbait, dabilen harriari goroldiorik ez: uztailaren 5ean, Ras yr Iaith galestar ‘Korrika’ ikusi eta korritu ahal izan genuen batzuek Aberystwythen zehar. Hala ere, bertan aurkeztutako kezkak eta auziak ez ote dira askotarikoegiak? Ez ote du topaketak definizio berri baten premia?

Argazki galeria