Wikiteka jaio da, euskarazko liburu libreen biltegia
Gure familiako proiekturik ezagunena Wikisource da, egunero bisitatzen dugun Entziklopedia Askea. Baina baditugu ere bestelako proiektuak: Wikimedia Commons da munduko irudi libreen biltegirik handiena; edo Wikidata, datubase erraldoia; baita Wikhiztegia, hiztegi libre eleanitza sortzeko proiektua. Ezezagunagoa den Wikisource azaltzeko unea da: izan ere euskarazko domeinua eta izena jaso du, Wikiteka jaio da liburuaren egunarekin bat.
Wikisource liburutegi libre bat eraikitzeko proiektua da. Denborarekin, 67 hizkuntzako jatorrizko liburu libreak bildu, digitalizatu, igo eta transkribatu dira domeinu propio baten bidez. Gainera, “Wikisource orokorra” dei genezakeena dago: bertan nahi diren hizkuntza guztietako testuak igo daitezke.
Urtarrilean Wikisource ikastaroa egin genuen, eta helburu bat jarri genion ikastaro horri: ahalik eta azkarren domeinu propio batean egoteko lanak egitea. Hiru hilabetez komunitate bat sortu, edukiak igo eta moldatu eta beharrezko lan teknikoak egin genituen, eta Wikimediari eskatu genion gure domeinua martxan jartzea. Orain hilabete onartu zuten domeinua, eta joan zen astean egin zen gure hizkuntzak Wikisourceren bertsio propioa izateko lan tekniko guztia, munduko beste hainbat pertsonen laguntzarekin. Gaur azala prestatu eta Wikiteka sortu dugu, Wikisourceren euskal bertsioa.
Oraindik lan tekniko batzuk falta dira, baina zuk ere parte har dezakezu Wikitekan, libreak diren jatorrizko liburuak igo, transkribatu edo antolatzen. Zatoz gurekin abentura berri honetara!