Txikipedia jaio da, eta gaur aurkezpena egin dugu HUHEZIn. Txikipediaren helburua 8-13 urteko haur eta gaztetxoentzat Entziklopedia aske bat sortzea da, eta euskarazkoa izango da lehen Wikipedia proiektu bateratu bezala jasotzen. Vikidian orain arte egondako edukia berrantolatu, hedatu eta hobetu dugu proiektua abiatzeko. Dagoeneko 1.000 sarrera ditu proiektu honek.

Egunero haur eta gazteak Internetera sartzen dira informazioaren bila, eta askok Wikipediara jotzen dutela badakigu. Baina, normalki, ez dute aurkitzen bilatzen duten materiala, edo dagoena ez dute ondo ulertzen. Horri buelta emateko asmoz hainbat proiektu jaio dira Wikipediaren filosofiarekin. Vikidia da horietako bat, eta frantsesez milaka eduki ditu. Euskaraz ere edukiak sortu dira bertan, xumea bada ere.

Hala ere, proiektua nahiko ezezaguna da, eta bertan zegoen eduki hori bisibilizatzeko eta sortzeko arazoak genituen euskal komunitatearen artean. Gainera, Wikipedian ditugun berrikuntza tekniko asko ezin dira bertan erabili, eta txantiloi edo laguntza orrialde ezberdinak behin eta berriz errepikatu behar dira bi proiektuetan. Ez ditugu hainbeste esku.

Aurten mezu bat jaso zuen wikilari batek Vikidiatik: arazo batzuk egon ziren zerbitzariarekin eta proiektua arriskuan egon liteke. Kezka sortu zen Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen barnean, eta soluzio bat lortu behar genuela ikusi genuen.

Hiru arazoei (bisibilitatea, arazo teknikoak eta proiektuaren iraunkortasuna) aldi berean erantzuten zion soluzio bat topatu genuen: Vikidiako edukia Wikipediara ekartzea, baina fitxa propio batean. Horrela, artikulu bakoitzak bi bertsio izan ditzake: orokorra eta umeentzat idatzitakoa. Eta bietara leku berberetik sartzen da. Teknikoki posible zela ikusita, Txikipedia izena proposatu zen proiekturako. Nazioarteko laguntza teknikoarekin, dagoeneko prest dago, eta lehen Wikipedia gara horrelako proiektu bat barneratzen.

Parte hartu nahi baduzu, https://eu.wikipedia.org/wiki/Txikipedia:Azala helbidean duzu aukera eta argibideak. Gora Txikia!

 

1 comments