Matxin itzultzaile automatikoa da gaztelania > euskara itzulpenak egiteko dagoen tresnarik onena. Urteetako garapena izan du IXA taldea eta Elhuyarren aldetik, eta perfektua ez bada ere (itzultzaile automatikoak ez dira perfektuak) emaitza txukunak ematen ditu testuen itzulpenean. Ia urte bateko lanaren ostean, Wikimediak sortutako Content Translation tresnan barneratu da gaur, eta dagoeneko prest dago itzulpenak egiteko.

Content Translation sistema sortu zutenean, hizkuntzen arteko itzulpenak egiteko modu ezberdinak jarri ziren martxan. Euskarara itzultzeko Yandex jarri zuten martxan, baina emaitzak oso txarrak ziren. Hori dela eta, erabiltzaile gutxik erabili dute sistema azkar hau itzulpenak egiteko.

2017ko apirilean IXA taldeko kide batzuk kontaktuan jarri ziren Wikimedia Fundazioarekin, Matxin itzultzailea instalatzeko prozedura abian jarriz. Hilabeteetako lana izan da, gora behera askorekin. Gaur, ordea, pozez hartu dugu albistea: Matxin dagoeneko instalatuta dago.

Itzulpenak ez dira oraindik ere bikainak, noski. Baina badugu onura handi bat: Matxinekin egiten ditugun itzulpenei erabiltzaileek egindako zuzenketak jaitsi daitezke, eta itzultzailea hobetzeko balioko du honek. Testuak alderatuz, sistemak ikasi dezake etorkizunean (ez du zuzenean egiten, baina bada aurrerapen bat!).

Matxin erabiltzen hasi nahi baduzu, joan zaitez zure erabiltzaile menuko BETA aukerara, eta aukeratu behean dagoen “Content Translation”

Hori egin ostean, gaztelaniazko Wikipedian dagoen baina euskarazkoan ez dugun artikulu batera joan zaitezke, eta ezkerreko menuan grisez izango duzun “euskara” hitzaren gainean eman eta sartu euskaraz artikuluak izan beharreko izenburua.

Paragrafoka itzultzeko aukera izango dugu, eta kategoriak ere automatikoki hartuko ditu Wikidata baliatuta, sarrerako irudian ikusten den bezala. Testua orraztu beharko dugu, itzulpena ez delako zuzena, baina laguntza handia izateaz gain, itzultzailea hobetzen ari garela pentsatzeak onurak baino ez dakartza!

1 comments