Literatura unibertsala liburuzainekin landuz
Hezkuntza Programa abiatu genuenean jakintza eremu guztietako adituak behar genituela ikusi genuen kalitatezko artikuluak eskaini nahi baditugu, behintzat. Literaturako eremuari arreta berezia jarriko diogu 2018 honetan, hiru ekimen zehatzekin. Horietatik lehena literatura unibertsala liburuzainekin lantzeko proposamena izango da. Horretarako lehen genuen 30 artikuluen zerrenda hedatu eta 140 gairen zerrenda berritua argitaratu dugu gaur.
Literatura bezalako gai bat lantzen denean arazo berarekin egiten dugu topo beti: kanon bat behar al dugu artikulugintzari ekiteko? Beste gai batzuetan nahiko argia da: kimikan zer ikasi, matematikako gaiak zeintzuk diren edo eboluzioari buruz hitz egiteko landu behar diren kontzeptuak nahiko zehatzak izan ohi dira. Baina literatura lausoago agertzen da curriculumean. Eta literatura unibertsala oraindik lausoago.
2017ko udazkenean Hezkuntza Programa aurkeztu genuenean tarteko soluzio bat aurkitu genuen, unean baliagarri izango zena. Testu liburu pare bat aztertu eta bertan agertzen diren hainbat libururekin behin-behineko zerrenda bat osatu genuen. 25 liburu ziren, eta kontzeptu orokor batzuk ere. Laster konturatu ginen, ordea, zerrenda hori ez zela lanerako baliagarri.
Literatura hiru eremutan definitzen da curriculum dekretuan: idatzizko euskal literatura, ahozko euskal literatura eta literatura unibertsala. Proiektu bana egin nahi dugu 2018 honetan, hiru eremuetan egon daitezkeen elkarlanak lortze bidean. Elkarlan horietako bat orain arte lanean egon diren Liburuzainekin eta aurrerantzean batu nahi duten liburuzain berriekin egitea nahi dugu. Orain arte, bereziki, Euskal Herriko literatura landu du liburuzain talde batek Donostian; aurten Literatura Unibertsalaren erronkari ekitea proposatu diegu. Eta martxan hasi gara.
Lehen pausoa: kanon berri bat sortzea. Horretarako Donostiako liburutegi zentraleko Arantxa Arzamendi wikilariari eskatu genion zerrenda bat egiteko. Oinarrian, EIZIEk egindako Literatura Unibertsala dago, horietako lan batzuk aukeratuz egindako zerrenda baita. Honela, ikasle eta irakasleek egile eta obra nagusien informazio osatua izateaz gain, obra horiek euskaraz irakurtzeko aukera ere izango dute. Helburua, beraz, euskaraz disfruta daitekeen liburu sorta bat eskaintzea da, eta liburu sorta horri buruzko kalitatezko artikuluak.
Zerrendan, hala ere, beste gaitegi batzuetan agertzen diren liburu gutxi batzuk gehitu dira, tartean Lorcaren “Poeta en Nueva York”, zerrenda osotik euskaraz ez dagoen liburu bakarra. Klasiko batzuekin ere osatu dugu zerrenda, EIZIEren zerrendatik kanpo egindako itzulpenak hauek ere.
Hurrengo pausoa zein da? Ba liburuzainekin lanean hasiko gara laster, zerrenda honetan agertzen diren gaiak lantzeko, erreferentziak gehitzeko, literatura-kritika gehitzeko… eta Unibertsitatearekin ere jarraituko dugu lanean, bereziki Letren Fakultatean, literatura mugimenduak, egileak eta obrak hobeto ulertzeko.
Ah! Eta lagundu nahi baduzu ez izan dudarik. Idatzi hezkuntza@wikimedia.eus helbidera eta zurekin lanean jartzeko bideak ikusiko ditugu.