Victor Suarez, Asturierazko WP: «Egoerak oso desberdinak izan arren, gauza asko ditugu amankomunean»
Egilea: VGrigas; (WMF) CC-BY-SA
Victor Suarez da Asturierazko Wikipediako arima, edo haren erdia gutxienez. Aurten, Asturierazko Wikipedia 50.000 artikulutara heldu da, aitzakia polita Asturiasko Bimenesen beste proiektu batzuetako wikilari batzuekin ospatzeko. Hil batzuk geroago, harekin elkarrizketatu gara, AST WPz hizkuntza gutxituez, Wikipediaz, Wikimediaz eta abarrez.
1. Azken urteotan, Wikipediak oihartzun handia hartu du Internet barruan informazioa eskuratzeko bitarteko gisa. Ezagutzen ditugu hizkuntza gutxituetako Wikipedia batzuk, katalana, adibidez, baina asturierazkoa nahiko ezezaguna zaigu… Nola definituko zenuke?
Asturierazko Wikipedia definitzeko orduan, garrantzitsuena boluntariotza da. Wikimediako proiektuetan boluntarioak garrantzitsuak diren bezala, are gehiago gure proiektuan: lagun talde txiki bat eta, 2006tik etengabe lanean ibili gabe, proiektua hilik zegokeen. Hori guztia erabiltzaile talderik eduki gabe, ezta erakunde publikoen babesik ere.
2. Beti dugu aldamenean hizkuntza handi bat eta haren Wikipedia, espainierazkoa edo frantsesa adibidez, eta irudiko luke itzal egiten digutela, eta horietan editatzera gonbidatzen. Aldiz, zuk asturieraz egitea erabaki zenuen, zergatik?
Gaztea naizen arren, duela hiru urtetik hizkuntz aldarrikapenerako mugimenduko kide izan naiz eta, beraz, hasierako nire interesa hizkuntzari buruzkoa izan zen. Banuen blog bat ere eta Youtube kanal bat, eta dibulgazioan interesa nuen. Wikipediak bi gai horiek uztartzen zituen: Interneten eremuan asturierari ikusgaitasuna ematea, ez baitzegoen oso presente, eta ezagutza hedatzea, eta horrek eragina izan zuen gero nire etorkizuna irakaskuntzara bideratzeko.
3. Hizkuntza gutxituen artean, hala izanik ere, alde handiak daude Wikipediako proiektuen artean. Katalana hemezortzigarren kokatzen da munduan artikulu kopuruaren aldetik, euskalduna hogeita hamaikagarren 286.989 artikulurekin. Asturierazkoak 54.498, ez da asko…
Asturierazko Wikipedian dugun ikuspegia oso baikorra da, gutxi irudi dezake, baina asturierak oso egoera bihurria bizi du: UNESCOko Hizkuntzen Atlasak arriskuan kokatzen du gure hizkuntza, ta
malez aragoiera eta euskara bezala. Gure Estatutuan hala aitortua den arren eta hizkuntzaren babeserako neurriak ezartzen dituen Erabilera Lege bat dugun arren, baita Asturieraren Hizkuntza Akademia, Hizkuntza Plangintza eta Normalizaziorako Zuzendaritza Nagusi bat, eta asturieraz mintzatzen den Kultura eta Hezkuntzako Sailburu bat, familia transmisioko hiztunen kopuruak behera jarraitzen du, eta ofiziala ere ez da, eta horrek eragina du hizkuntzaz gizartean dagoen iritzian. Hezkuntzan hautazko ikasgaia izan arren, asturierazko alfabetizazioa ez dago zabalduta, ezta gutxiago ere. Erlijio kontutan sartu gabe, esan dezakegu “mirari” bat dela kopuru horretara heltzea.
4.Wikipediari buruzko beste parametro adierazgarri bat lankide aktiboena da. Estatistika taularen arabera, 4 ari zarete hileko 100dik gora aldaketa egiten, eta 17 hori baino zerbait gutxiago. Elkar ezagutzen duzue? Nola handitu daiteke kopuru hori?
Editore aktiboen kopurua, diodan bezala, oso txikia da eta aurrez aurre denok ezagutzen dugu elkar, nahiz eta erabiltzaile bat edo beste anonimo geratzea erabaki duen, ni bat ez natorren zerbait, baina errespetatzekoa. Artikulu kopurua handitzeko, ezin bestekoa da editoreen oinarria zabaltzea.
Ahalegin bat egin behar dugu edizio tailerrak egiten, jendea Wikipediako lengoaia eta arauei buruz hezteko eta komunitate erreal bat sortzeko, orain tamalez ez baitago. Nik badut asmo pertsonal bat 2014tik gai horiek lantzeko, baina zaila da eta batzuetan lan bakartia da.
5. Hizkuntza familia handiagoetako hizkuntza gutxituetako WP proiektuetako prozedura oso oparo bat itzulpen automatikoz sortutako bot edo artikuluetara jotzea da. Erabiltzen duzue? Zeintzuk dira horren abantailak eta kalteak?
Bai, zuzenketako eta itzulpeneko botak erabiltzen ditugu. Proiektu txikietan, nire ustez, ezin bestekoak dira, lanordu pila bat aurrezten baitigute benetan eta, batez ere, atseginak ez diren zeregin errepikakorrak kentzeko modua ematen digute. Alde horretatik, abantaila dira. Bestetik, itzulpenari dagokionez, denok ezagutzen ditugu itzulpen automatikoen gabeziak eta, gero, zuzendu egin behar direla. Hori, hain esku gutxirekin, nahiko zaila egiten da artikuluen bolumena handia denean. Onena izango zen oreka bat egotea, bot zuzentzaile eta itzultzaileen eta oinarri bat ematen duen komunitate bizi baten artean. Horretarantz joan nahi dugu.
6. Dibertsitatearen gaia oso uztartuta doa ezagutzarekin, hori geratzen da agerian Wikimediako estrategian. Hizkuntza gutxituek indar handiagoa hartu dute halaber mugimendu barruan. Nola lagundu diezaiokegu elkarri? Zer eskain diezaiokete Wikimediari?
Uste dut oso garrantzitsuak direla komunitateen arteko topaketak; izan ere, hizkuntzen egoerak oso desberdinak izan arren, beste gauza asko ditugu komunean, baita antzeko problematikak ere. Wikimedia Indigenous Languages, Wikimanian oraindik orain sortutako lantalde bat, tresna ona izan daiteke etorkizunera begira, eta Asturierazko Wikipediatik horretan saiatuko gara.
Hizkuntz dibertsitatea Wikimediako proiektuen zutarrietako bat da, eta ez lirateke ulertuko Interneteko “berezitasun” hau gabe. Ez da ohikoa Interneteko handiek hizkuntz minorizatuak errespetatzea, eta eskertu eta bultzatu beharreko zerbait da…; munduan 6.000 hizkuntza bizi egonik, Wikipediak 300 eskas edukitzea gutxi da benetan eta, beraz, sustatu beharreko zerbait da, horren alde lan egin behar dugu. Munduko kultura zabaldu nahi badugu, ezin ditugu ahaztu munduko hizkuntzak.
7. Zer egitasmo duzue AST WPn aurrera begira?
Une honetan barrutik lanean jarraitzen dugu txantiloiak Wikidatako datuekin lotuz, eta hori oso erabilgarria da gurea bezalako komunitateentzat, eta hori eskertu egin behar diogu Euskal Wikilarien Elkarteari, bitarteko teknikoak erakutsi baitzizkigun. Gainera, birkategorizazio sakon bat egiten ari gara, eta hura errazten, gure proiektuaren tamainari egokitzeko. Artikulu kopurua handitzen jarraitu nahi dugu, eta Wiktcionariu proiektua suspertu, pixka bat utzita baitago, eta ez dugu galtzerik nahi.
Bestalde, esan bezala, badut nahi pertsonal bat ekintzak eta edizio tailerrak egiteko eta, beraz, elkarrizketetan nabil erakunde publikoekin eta kultur elkarteekin, 2018 honetan zer egin dezakegun ikusteko. Genero zuloa zelaitzea gustatuko litzaidake, emakumeen biografia gehiago eginez, eta Wikimedia proiektuak landa ingurunera hurbilduz, txikitu egin behar dugun beste zulo bat baita. Espero dut luze gabe egitasmo horien fruituak partekatu ahal izatea.
Eskerrik asko eta laster arte Victor!