Hezkuntza Programa martxan jarri genuenean, hainbat proiektu Creative Commons lizentziapean jartzeko lanean hasi ginen. Tartean, Berriak egindako hiru proiekturen testua askatzea jarri genuen helburutzat: Espainiako Gerra Zibilari buruzko Oroiteria, GAL 30 urte eta Badok.eus. Azken hau otsailaren 1ean hasiko den #MusikaLehiaketa hilabeteko lehiaketan erabiltzeko tresna ezinbestekoa izango da. Lehiaketa jarri dugu martxan, bai… eta bideo honekin iragarri nahi dugu:

Urtarrilean Afrikako historiari buruzko lehiaketa abiatu genuen, eta ia 900.000 karaktere idatzi dituzte wikilariek tarte honetan, testua, irudiak, erreferentziak eta bestelakoak barne. 74 artikulu sortu dira, 821 erreferentzia gehitu eta Afrikako historiako ia 500 argazki sartu dira jada artikuluetan. Ez da marka makala.

Hilabetero lehiaketa ezberdin bat egin nahi dugu, eta otsailean Euskal Musikari helduko diogu, Badok askatuko zela probestuz. Badok.eus euskal musikari buruzko webgunerik osoena da, eta azken urteotan cc-by-nc-nd lizentziapean egon da. Lizentzia honek ez digu uzten Wikipedian erabiltzen, ezin delako lan eratorririk egin (hau da, ezin ditugu testuak moldatu) eta ezin delako erabilera komertzialik egin (hau da, ezin dugu guztiz libre utzi, gure lizentziak eskatzen duen bezala). Berriarekin egindako negoziazioaren helburua lizentzia aldatu eta cc-by-sa jartzea izan da: beti aitortuko dugu egiletza eta derrigortuko dugu modu berean partekatzera testua, lizentzia hori erabiltzen duten proiektuetan bakarrik utziz.

Curriculum dekretuan agertzen den euskal musikari buruzko 100 gai jarri ditugu lehiaketan eta, hau gutxi balitz, edozein euskal abesti edo diskoren inguruko artikuluak ere egin daitezke. Aski da ondo kategorizatzea sistema automatikoak puntuak emateko.

Sariak ere ez dira nolanahikoak: lehenengoa 10 binilo mitiko izango dira, bigarrena 10 CD berri. Eta hirugarren sari berezi bat egongo da, nahiko ezezaguna den binilo berezi batekin. Sarien zerrenda hemen duzu eskuragarri.

Beraz, badok.eus erabili eta euskarazko Wikipedia indartu nahi baduzu, euskal musikari buruzko informazioa hobetu nahi baduzu edo lehiaketak gustuko badituzu… parte hartu!