Artikuluak sortu, zuzendu eta itzultzeko praktika eskaintzak Letren Fakultatean
Eusko Jaurlaritzarekin egiten ari garen Hezkuntza Proiektuaren baitan EHUren Fakultate ezberdinetan aurkezpenak egin ditugu abenduan zehar. Letren Fakultatean egindako bileratik proposamen bat jaso genuen: ikasleek egin behar dituzten praktika gisa artikulu sorta batzuk sortu, zuzendu edo itzultzeko eskaria luzatzea. Gaur bertan martxan jarri da eskaintza, EHUk duen GAUR sistema bidez, otsaila eta martxoan zehar 4 ECTS kreditu lortzeko bidea emanez nahi duten ikasleei.Zazpi dira eskaintzen ditugun praktika aukerak, Letren Fakultatean dauden graduak aztertu ondoren. Honela, munduko hizkuntza familien inguruko artikulu sorta bat sortzeko aukera izango dute Filologiako ikasleek, euskararen gramatikari buruzko artikuluak sortzeko Euskal Filologiakoek edo mundu mailako hainbat erakunderen ingurukoak Geografiako ikasleek. Historiako ikasleek aukera izango dute gai ezberdinen inguruko artikulu sorta bat egiteko, tartean emakumeen historiari buruzkoak.
Filologiako eta itzulpengintzako ikasleek terminologia lantzeko aukera paregabea izango dute: itzulpenak zein zuzenketak izango dira ikasle hauen eginbeharrak, gai ezberdinetako artikuluak landuz eta zuzenean euren zuzenketak argitaratzeko aukerarekin.
Interesa duten ikasleek GAUR sisteman bilaketa egin beharko dute “borondatezko praktiken eskaintza” atalean. Otsailaren 1ean hasi eta martxoaren 15ean bukatzeko asmoa dugu, ordutegi malgu batekin, helburuak behin adostu eta zehaztuta.