Hasi gara, dagoeneko, Gabonetako zorion-agurrak jasotzen, eta baita 2018rako gure asmoak berritzen ere. 2018ari ekiteko gogotsu gaudenez geu ere, datorren urteko lanaz (EHUko Irakasle Eskolarekin batera egingo dugun lanari buruz) arituko natzaizue gaurkoan.
Euskal Haur eta Gazte Literatura wikiproiektua 2016an abiatutako egitasmoa da, eta Donostiako Irakasle Eskolako ikasleak dira wikiproiektu honen motorra. Triangelu forma duen motorra da, dena den. Batetik, esan bezala, Irakasle Eskolako ikasleak daude, Ibon Egaña irakaslea buru dutela. Bestetik, Donostiako Haur Liburutegia eta bertan lan egiten duten liburuzainak daude, eta triangeluaren hirugarren erpinean, Euskal Wikilarien Kultura Elkartea (EWKE) legoke. Baina zer funtzio betetzen du horietako bakoitzak?

2018ko otsailaren amaieran hasi eta apirilaren amaierara arte, Unibertsitateko ikasleak Wikipediako editore bilakatuko dira berriz ere. Donostiako Irakasle Eskolako 4. mailako ikasleak dira, eta, guztira, 25-30 lagun inguru izango dira Wikipedian trebatuko direnak, Haur Literatura irakasgaia landuko dutenak, hain zuzen ere. Horretarako, jakina, formakuntza jasoko dute, eta EWKEko kideak izango dira formakuntza hori eskaintzeaz arduratuko direnak. Otsailaren 27an jasoko dute ikasleek lehen ikastaroa. Baina badakizue… Wikipedian, entzuten baino gehiago, eginez ikasten da! Artikulugintzan hasi eta… orduan sortzen baitira galderak eta zalantzak. Martxoaren 13an izango dute, ikasleek, zalantza horiek argitzeko parada, bigarren topaketa edo lantegi bat egingo baita EHUko campusean bertan. Topaketa horretan ere, EWKEko kide bat izango dute bidelagun.
Liburutegietan, azkenik, Wikipediako artikulu horiek sortu, editatu eta eguneratzeko funtsak topatuko dituzte ikasleek. Eta funts edo material horiek (liburuak, aldizkari espezializatuak, DVDak…) bilatzen ikasteko, liburuzainen laguntza jasoko dute. Ikasleek Donostiako Fermin Calbeton kaleko Haur Liburuaren Dokumentaziogunera jotzen dute horretarako (martxoaren 5erako aurreikusi dugu lehen bisita). Honela, EHUko ikasleek Wikipediako artikuluak zuzen dokumentatzeko eta artikuluetan erreferentziak txertatu ahal izateko bibliografia eta datuak biltzen dituzte Dokumentaziogunean. Zeregin horietan, esan bezala, Liburutegiko lantaldearen laguntza izaten dute gazteek. Eskola-egun bat baliatzen dute lehen bilaketak egiteko, eta hortik aurrera, eskolaz kanpo ere, sarri jotzen dute ikasleek Dokumentaziogunera, Wikipediako artikuluetarako bibliografia topatzeko edo bestelako gaien inguruko kontsultak egiteko eta aholkuak eskatzeko.

Eta zer da, orain arte, ikasleek landu dutena?
2016an, esaterako, Mariasun Landaren Txan fantasma, Bernardo Atxagaren Chuck Aranberri dentista baten etxean edota Anjel Lertxundiren Tristeak kontsolatzeko makina bezalako artikuluak landu ziren, eta baita hainbat euskal idazle eta ilustratzaileren artikuluak ere. Hona hemen ikasleek 2016an sortu eta landutako artikuluen zerrenda osoa ikusteko lotura.
2017an, aldiz, literatura unibertsaleko klasikoetara jo zuten ikasleek. Honela, Ahatetxo itsusia, Babar edota Edurnezuri-ri buruzko artikuluak sortu eta landu zituzten, besteak beste (IKUS artikuluen zerrenda osoa).
2018rako lan-ildoak ere zehaztu ditugu, dagoeneko. Datorren urtean, Euskal Haur Literaturako hainbat pertsonaia landuko dira Wikipedian, hala nola Pello Añorgaren Pottoko, Bernardo Atxagaren Xola, Juan Kruz Igerabideren Jonas, Kirmen Uriberen Garmendia edota Patxi Zubizarretaren Usoa pertsonaiak.
Laster emango dizuegu ikasleek egindako lanaren berri.