EHUren Letren Fakultateko itzulpengintza ikasleek “Euskarazko Wikipedia: edizioa, itzulpena” jardunaldian hartu zuten parte, “Axun Aierbe VIII. Itzulpen Mintegiaren” baitan egindako ekimena. Goizeko 9etatik hasita eta egun osoan zehar 28 ikaslek itzulpengintza, hizkuntzalaritza eta euskarara ekarritako obren inguruko artikuluak landu zituzten.

46 artikulu editatu eta 33 artikulu berri sortu zituzten, Letren Fakultatean atondutako ordenagailu gelan. Luzeena, “interpretazio sozial” artikulua izan zen, 17.597 letra eta 2.026 hitzekin. Eugen Wüsterren biografia zabala osatu zuen ikasle batek, terminologia diziplinaren sortzailea. Bego Montorio edo Koro Navarro euskal itzultzaileentzat ere lekua egon zen jardunaldi honetan. Artikulu bitxiagoak ere egin ziren, “Interpretazioa Nurembergeko epaiketan” bezala, gaur egungo interpretazioaren aitzindaria izan zen epaiketa.

Ikasle batzuek itzultzaileen lanak aipatu zituzten euren artikuluetan. Adibidez Literatura Unibertsala bilduma edo Munduko Poesia Kaierak literatura bildumen inguruko artikuluak sortuz.

Egun oparoa izan zen, 133 artikulu aldaketekin eta 41.300 hitz gehiagorekin euskarazko Wikipedian. Ikasleekin, hezkuntzarekin, unibertsitateekin, Wikipedia sendoago egiten dugu!