Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen helburuetako bat hezkuntza programa garatzea da. 12-16 urteko ikasleek behar dituzten edukiak unibertsitateko ikasle eta irakasleen auzolanarekin eraiki eta lantzea, jakintza guztion eskura jartzea eta eduki libreak areagotzea dira gure lan-lerroak. Horregatik, EHUrekin batera hasi gara jada hainbat programa garatzen. Azken astean Donostiako campusean eta Gasteizko campusean izan gara Wikipedia ikastaroak eskaintzen. Donostian, ehun ikasle baino gehiagok parte hartuko dute kalitatezko artikuluen sorreran.

Artikuluak editatzeko ikastaroa Donostian


Aurreko urteetan EHUren Donostiako campusarekin egin dugun lanari jarraipena emanez, campus honetako errektoreordetzarekin elkarlanean aritu gara gure hezkuntza programaren lan-lerro nagusiak garatzen. Honela, aurreko urteetako esperientziarekin jarraitzeaz gain, ikasle gehiago batu eta aritkulu zerrenda oinarrizko bat lantzea izan ditugu helburu nagusiak.

Urriaren 5ean Donostiako Carlos Santamaria Zentroan bildu ginen 80 ikaslerekin batera Wikipediaren filosofia azaldu eta lehen edizio lanak egiteko. Kimikako ikasleek elementu kimikoen artikuluei lehen hobekuntza batzuk egin zizkieten, beste askok, informatikariak kopuru handian, euren gustoko gai bati gehitu zioten. Psikologia, zuzenbide edo ingeniaritzako ikasleak ere baziren bertan.

Hurrengo asteotan ikasle hauek artikulu zerrenda batetik egokienak direnak hartu eta, taldean, artikulu horiek hedatzeko lana egingo dute. Unibertsitateko irakasleek, ondoren, artikulu horien zuzentasuna bermatuko dute, eta wikilariak izango gara artikuluen zuzenketa teknikoak egingo ditugunak.

Elkarlan honi orain bi urte ekin genion, eta emaitzak onak izan dira. Aurreko ikasturtean, adibidez, 72.500 hitz gehitu ziren 43 artikulu ezberdinetan. Ikasle hauen aldaketek 6.650 ikustaldi izan dituzte orain arte. Hala ere, oso artikulu teknikoak aukeratu zituzten. Aurten, aldaketa nabarmen gisa, artikulu orokorrak lantzeko apostua egin dugu.

Itzulpengintzako ikasleekin Gasteizen

Gasteizen Wikipedia eta Vikidia osatzeko tailerra jarri dugu martxan, bereziki itzulpengintzako ikasleei bideratua. Urriaren 9, 16 eta 23an ikastaroak izango dituzte ikasle zein nahi duen herritar orok, eta urriaren 25ean aukera ederra izango da bi proiektu hauek lantzeko.

Urriaren 9an ikasleek oinarrizko ikastaroa jaso zuten, euren lankide izenak sortu eta artikuluen edizioa nola egiten den ikasiz. Hurrengo asteetan sakontzeko aukera egongo da, herritar guztiei irekita.

Geologia ikasgaia Kimika fakultatean

Kimika Fakultatean, bestetik, “Geologia orokorra” ikasgaiarekin arituko gara proiektu berezia eginez. Gure hezkuntza programaren helburua, esan dugunez, artikulu orokorrak egitea da. Eta zer hobea zientzia baterako sarrera ikasgaia ikasten dutenak baino? Plaken tektonika, mineralogia, lurrikarak eta sumendiak lantzeko aukera egongo da, ikasgai honetako 50 ikasle ingururekin.

Aste honetan lehen hurbilpena egin genuen eta, hurrengo astean, ikasleek 20 gairen artean aukeratu beharko dute, talde lanean arituz, artikulu sorta bat hobetzeko. Horretarako UEUren Plaka-tektonika: Lurraren funtzionamendua ulertzeko teoria liburua ere har dezakete erreferentzia gisa, euskaraz egindako lan ona gai hauek barnebiltzen.

Aurrera begira

Hurrengo asteotan Bizkaia eta Arabako campusetako arduradun gehiagorekin bilduko gara, hurrengo lau hilabetean hainbat proiektu martxan jarri eta, erritmoa handituz, 1.000 kalitatezko artikulu eskaini ahal izateko 12-16 urteko ikasleei. Hala ere, irakaslea bazara eta zure ikasgai edo ikastetxean proiektu bat garatu nahi baduzu, ez izan dudarik: hezkuntza@wikimedia.eus e-postara idatzi eta gustora hasiko gara auzolanean, elkarlanean.