Akordioa UEUrekin historiari buruzko liburuak lizentzia librean jartzeko
Jakintza instituzio garrantzitsua da Udako Euskal Unibertsitatea. 1973an Donibane Lohizunen sortu zenetik ehunka izan dira eurekin lanean izan diren irakasleak, milaka euren ikastaroetatik igaro diren ikasleak, dozenaka egindako argitalpen, egitasmo eta liburuak. Sorkuntza oparoa, arloz arlo, euskaraz. Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak (EWKE), hurrengo bi urteotan garatuko duen hezkuntza proiektuaren baitan, eduki horien gainean jarri du arreta.
UEUk orain arte argitaratu dituen liburu guztiak buruxkak.eus webgunean daude eskuragarri. Baina eskuragarri izateak ez du esan nahi guztiz erabilgarri daudenik beste proiektu batzuetan erabiltzeko. Euskarazko Wikipedian material horiek (bere horretan) erabili nahi baditugu, lizentzia librea behar dute. Batez ere Creative Commonsen cc-by-sa-4.0 lizentzia da erabiltzen dena gaur egun. Lizentzia honek egilea aitortzen du eta modu berean partekatzera behartzen du, etorkizunean egon daitezkeen lan eratorri guztiak aurretik hackeatuz. Konpromiso garrantzitsua da lizentzia hau erabiltzea, erabilera ugari baimentzen dituelako, zabalpena bultzatzen duelako, akademian ere garrantzitsua den etika mantenduz.
EWKEn argi ikusten dugu euskaraz dugun hezkuntza materiala berrerabiltzea nahitaezkoa dela. Kalitate handiko edukiak zabaltzeko aukera ematen digu, Wikipedian dauden edukiak biderkatuz. UEUrengana jo genuen proiektu handi bat proposatzeko: orain arte argitaratu dituzten liburuak lizentzia librean utzi eta bertan dauden edukiak lantzeko ikerlari bati beka ematea.
Eta negoziazioak negoziazio, bi eragileok ikusi genuen gaiaren garrantzia, baina agian guk ez genuen ikusi eskaeraren tamaina: UEUk ehunka liburu ditu argitaratuta eta egile guztien baimena lortzea horrelako proiektu bati ekiteko hilabeteetako lana izango litzateke. Hori dela eta, urte honetan arlo bat aukeratzeko proposamena jaso genuen. Honek aukera praktiko batzuk eskaintzen dizkigu: egile gutxiagori eskatu behar zaie lizentzien inguruko baimena eta ikerlaria ez da orojakilea izan behar, liburu horietan benetan dagoenaren jakintza espezializatua izateari garrantzia emanez.
Ez da lan erraza izan eremu bakar bat aukeratzea. Guztiak dira tentagarri, eta eremu guztietan daude benetako harribitxiak. Zientziaren arlo ezberdinetan dauden liburuek aukera itzela ematen dute euskarazko artikuluen kalitatea igotzeko, adibidez. Baina erabaki honek bazuen bertute bat: nahi dugunaren eta egin dezakegunaren arteko oreka horretan prioritateak markatzea. Baita markatu ere: Historia eremuan dauden liburuak askatzea da UEUri proposatu geniona. Erabaki zail honek bazuen arrazoi bat: beste eremu batzuetan kalitatezko itzulpenak egitea errazagoa izan daiteke, baina historia eremuan gure historiografia propioa bultzatzea nahitaezkoa da. Euskal Herritik egina, euskaraz, gure historia ulertu ahal izateko. Historia arloa izango da gure herriaren ikuspuntutik argitalpen gehien dituen eremua. Hori arrazoia, eta hortxe erabakia.
Gaur sinatu dugu UEUk Eibarren duen Markeskoa jauregian hitzarmena. Hurrengo hilabeteotan UEUren esku geratuko da egile guztiekin hitz egitea, egiten ari garenaren berri eman eta lizentzia aldatzea. Ondoren, ikerlari batek eduki guzti horiek Wikiliburuak eta Commonsera berriro igoko ditu, proiektu honen barnean egin dela aipatuz. Liburu horietan dagoen edukiaren inguruko txosten bat ere prestatuko du, Unibertsitatean laster Hezkuntza Proiektuaren barnean lanean egongo diren ikasleei lana errazteko asmoz.
Eta… hor bukatzen al da? Ez da hori gure asmoa. Aurten lehen hurbilpen bat egin dugu, urrunera iristea nahi dugun ideia batean sakontzeko. Etorriko dira eremu gehiago, etorriko dira argitalpen gehiago, etorriko dira lankidetza gehiago. Historia askatzen ari gara.