Entziklopediak beti izan dira ikasleek kontsultarako erabili duten materiala, eta hala izaten jarraitzen du. Gaur egun, ordea, aldaketa garrantzitsu bat dago: paperezko entziklopedien ordez sareko informazioa da ikasleek bilatzen dutena. Hortxe hartzen du garrantzia Wikipedia bezalako ekimen batek, hortxe hartzen du garrantzia Wikipedia euskaraz egoteak.

Ikasleek bilatzailean behar duten sartzen dutenean lehen emaitza izan ohi da Wikipedia. Euren nabigatzailea euskaraz baldin badago (eta ez da hala izaten eskola guztietan) euskarazko Wikipedia izango da lehen emaitza. Diferentzia bat dago paperezko entziklopediekin, ordea: Wikipedia guztion artean eraikitzen dugu. Honek, edukia bera lantzeko aukera paregabea ematen du eskoletan. Jakintza nola eta nork sortzen duen aztertzekoa, erreferentziek duten garrantzia zein den, bi iritzi ezberdinen artean dagoen aldea ulertzekoa. Wikipedia edonork hobetu dezake eta, horregatik, hobetze prozesua bera da interesgarria hezkuntzaren arloan.

Mundu osoan zehar ari da wikilarien mugimendua Wikipedia eta bere inguruan dauden proiektuak hezkuntzan erabiltzen. Wikipedia Education Program delakoarekin materialak sortzen dira ikasle eta irakasleek artikuluak hobetzeko lana har dezaten. Milaka dira mundu osoan zehar proiektu hau garatzen ari diren ikasle eta irakasleak: ikasleek sortu, irakasleek gidatu eta zuzendu. Nazioartean hedatu den “konpententzia digitalak eskuratu” kontzeptuarekin ondo baino hobeto lotzen da Wikipedia.

“Wikipedia hezkuntzarako da!” (Wikipedia belongs in education) ideiaren atzean dagoena ezagutu nahi baduzu, hemen dituzu hainbat adibide. Eta zuk ere proiekturen bat martxan jarri nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan. Laguntzeko gaude.