WikiLiburutegiak egitasmoa: Idazlezainak
Adar askoko zuhaitza da Wikipedia. Konturatuko zineten honezkero. Horregatik, gaurkoan, WikiLiburutegiak egitasmoaren berri emango dizuegu. 2015eko udazkenean sortu zen, eta Donostiako Udal Liburutegiko Haur Liburuaren Dokumentaziogunearen, Donostia 2016 Fundazioaren, Euskal Idazleen Elkartearen, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen (oh.: EWKE, elkarte gisa, 2016ko urtarrilean sortu zen) eskutik abiarazitako egitasmoa da. Proiektuaren helburuen artean daude euskal idazleen artikuluak sortu, osatu eta eguneratzea; Haur eta Gazte Literaturaren edukiak zabaltzea; Donostiako Haur Liburuaren Dokumentaziogunearen bilduma ezagutzera ematea eta alfabetizazio digitala sustatzea; eta Wikipedia ikasleen artean zabaltzea eta ikasle horiek edukien sortzaile bihurtzea. Izan ere, Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasle Eskolako ikasleek ere proiektuan parte hartzen dute. Baina… goazen banan-banan.
Wikipedia adar askoko zuhaitza dela esanez hasi dut sarreratxo hau, eta gauza bera esan genezake WikiLiburutegiak egitasmoari buruz ere. Horregatik, gutxika-gutxika joango gara goian aipatutako helburu horiek lortu ahal izateko lantzen ditugun lan-ildoak aletzen.
Gaur, hasteko, Idazlezainak izeneko ekimenari buruzkoak azalduko ditugu hemen, labur-labur. Izan ere, Donostiako liburuzainek, Wikipediaren inguruko lantalde bat osatu dute. Erakunde ezberdinetako 15 bat lagun dira guztira, eta taldean elkartzen dira ostiralero, Donostiako Haur Liburutegian, euskal idazleen eta ilustratzaileen artikuluak sortu, osatu eta eguneratzeko. Bi orduko lansaioak egiten dituzte, eta EWKEko kide batek dinamizatzen ditu saio horiek. Bakoitzak bere lana egiten du -bakarkako lana baita-, baina taldean aritzeak zenbait zalantza argitzen laguntzen die, elkarrengandik ikasten dute… eta besteak egiten ari direna ezagutzeko aukera ere ematen die. Liburuzainen lana ‘inurri-lana’ da; beste hamaika gauza dituzte egiteko, baina ohartu dira euren zereginen artean Wikipedia ere badagoela. Formakuntza jaso dute (Wikipedia, Commons, Wikidata…), eta, bistan da, liburuzainak oso pertsona egokiak izan daitezkeela euskal literaturarekin zerikusia duten artikuluak -kalitatezko artikuluak- sortu edo osatzeko, adibidez.
Irailaren 8an berrekin zioten iaz hasitako lanari, baina zer da, zehazki, orain arte egindakoa? 20-25 egileren artikuluak landu dira. Eta ‘landu’ diogunean, artikuluak sortu edo osatu eta euskarazko zein gaztelaniazko bertsioak taxutu direla esan nahi da (galizieraz, ingelesez, frantsesez… ere ausartu da bakarren bat). Beren obra katalanez argitaratuta duten euskal egileak hautatu ziren hasiera batean; izan ere, Kataluniako liburuzainekin jarri ginen harremanetan, eta ondorengoa proposatu zitzaien: euskal idazleen artikuluak, guk euskaraz eta gaztelaniaz ditugunak, beraiek gaztelaniatik katalanera itzultzea. Truke moduko bat egiteko asmoa dugu. Honela, haiek katalanez eta gaztelaniaz sortu(ko) dituzten idazleen artikuluak euskaratuko ditugu guk.
2016az haratago doan apustua dela nabarmenduko nuke, gainera, hau da, WikiLiburutegiak egitasmoa ez dela Kultura Hiriburutzari lotutako burutazio edo produktua soilik. Ez dakigu nora eramango gaituen, baina bidea egiten ari gara eta hainbat elkarlan sortzen ari dira. Kataluniako liburuzainei proposatutakoaren ildo beretik, Iparraldeko liburuzainekin jarri gara harremanetan, antzeko elkarlan bat martxan jartzeko helburuarekin, eta aipatutako liburuzain-sarea zabaltzea eta euskal idazle eta ilustratzaileen artikuluak hizkuntza gehiagotan irakurtzeko aukera eskaintzea ahalbidetuko du horrek.
Hona hemen WikiLiburutegiak egitasmoaren berri ematen duen bideo labur bat.
Eta baita Idazlezainak lantegietan landu diren idazle eta ilustratzaileen zerrenda ere.