Irudia: aherrero. cc-by-2.0

WikiLovesMonuments bukatzear dagoen momentu honetan lehiaketa berria martxan dela iragartzeko unea heldu da. Eusko Ikaskuntza eta Elhuyar Fundazioak bultzatutako Ondarebideak ekimenarekin batera ibaien paisaiari buruzko lehiaketa antolatu dugu. Argazki eta artikulu edizio lehiaketa izango da, eta Euskal Herriko ibaien eta euren inguruan gizakiek sortutako ondare eta jarduerei buruzko artikuluak aberastea da helburua.

Ibai asko ditugu Euskal Herrian. Batzuk laburrak, menditik jaitsi eta bailara sakona eginez Kantauri itsasoan bukatzen direnak; beste batzuk lasaiak eta zabalak, Erribera ureztatu eta gero Ebron behera doazenak Mediterraneoraino iristeko. Badira ur garbiak dituztenak, eta baditugu mendeetako giza ekimenez kutsaturikoak. Herriak eta hiriak ibaien inguruan hazi dira, euren ibilbideak eraldatu ditugu eta euren ibilbideek eraldatu gaituzte. Ibaien ondarea deituko dugun hori da dokumentatu nahi duguna ekimen honen bidez: ibaien inguruan sortu den paisaia, industriala batzuetan, monumentala besteetan. Zubiak eraiki ditugu igarotzeko, urtegiak ura biltzeko; elektrizitatea sortu dugu, eta industria eratu da; natura dago euren inguruan, eta kirola egiten dugu ibai horien uretan.

Urria osoan zehar ibaien ondareari buruzko lehiaketa prestatu dugu Ondarebideakekin batera. Sari ederrak daude, gainera, Elhuyar Fundazioa eta Eusko Ikaskuntzari esker:

  • Naciones y estados en el siglo XXI: democracia y derecho a decidir. RIEV. Cuadernos, 11. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2015.
  • Negua Ospatuz. Calor, Color Y Ritmos Del Invierno (Liburua + DVD). Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2010.
  • Uda Ospatuz (DVD).
  • Ia denaren historia labur bat. Helduentzako zientzia dibulgazio-liburua. Elhuyarrek euskaratua. Hiru euskarritan: paperean, pdf-an eta epub-en.
  • Ume jakinguratsuen esperimentu-liburua
  • Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren urtebeteko harpidetza digitala.

Informazio guztia orrialde honetan jaso dugu: https://eu.wikipedia.org/wiki/Atari:Ondarea/Ibaien_paisaia.  Parte hartu!