Irudia: Kunstformen der Natur (1904), 85. plaka: Ascidiacea. Ernst Haeckel. Jabetza publikoa.

Zientziaren historian ilustrazioak berebiziko garrantzia izan du, argazkilaritzaren asmakizunaren aurretik izaki bizidunen deskribapena baimentzen zuelako, eta hitzez ematen diren azalpenak laguntzeko aukera paregabea ematen duelako. EHUk lehen aldiz “ilustrazio zientifikoa graduondoa” eskainiko du aurten, eta ondo azaltzen dute honen helburua: “Ilustrazio zientifikoaren helburua zientzia modu eraginkorrean transmititzea da, ezagutzak gure adimenari ulertaraztea, ez gure begiei. Modu horretan, ideia lehenago barneratzen da, ezagutzak denbora gehiagoz mantentzen ditugu eta mezuak gehiago konbentzitzen gaitu.”

Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak hezkuntza proiektu handi bat du esku artean: ikasleentzako artikulu interesgarriagoak lantzea. Testuen zehaztasunari garrantzirik kendu gabe, kontzeptuak ulertzeko erraztasuna ematea da gure helburua, didaktikoak izatea, azken finean. Wikimedia Mugimenduan izan badira ilustrazio bikainak, mota guztietako kontzeptuak azaltzeko.

Zelula baten eskema, zenbakiekin. PD: LadyofHats

Orain, Ilustrazio Zientifikoa ikasiko duten ikasle eta irakasleekin egingo dugun elkarlanari esker, gai askori buruzko ilustrazioak sortu eta lizentzia librean sareratzeko konpromisoa landu dugu. Gainera, nahi duten ikasleek aukera izango dute, euren graduondo amaierako praktiketan, Bigarren Hezkuntzako ikasleek behar dituzten hainbat gairen inguruko ilustrazioak egiteko.

Graduondoari buruzko informazio gehiagorako:
http://www.ehu.eus/eu/web/ilustracion-cientifica/informacion-general