EWKEk akordioa sinatu du Azkue Fundazioarekin besteak beste Bizkaiko hainbat herritan Wikipedia eta jakintza librea bultzatzeko. Ikasturte honetan zehar 10 herritan egingo ditugu hitzaldiak, eta lau herritan Herripediak egiteko asmoa dugu. Hementxe duzue Azkue Fundazioak akordioaren inguruan argitaratutako testua:

Euskal Wikilarien Kultura Elkartea (EWKE), Euskarazko Wikipedia sustatzeko erakundea dela, irabazi asmorik gabea eta Wikimedia Fundazioaren elkartutako erakundetzat onartua. Euskal hizkuntza, euskal kultura eta jakintza unibertsala dituela ardatz, eta bere xedea dela giza ezagutza guztia euskaraz eskuragarri jartzea. Elkartearen helburuak lau direla: lehenengoa, kultura eta jakintza unibertsala euskaldunen eskura jartzea, formatu askean dauden entziklopedien, liburuen, hiztegien eta bestelako agirien bidez; bigarrena, Euskarazko Wikipedia eta gainerako Wikimedia proiektuak sustatzea, ezagutaraztea eta zabaltzea (sustapen hori bi norabidetan gauzatuko da: alde batetik, lehentasuna emango zaio lankide berriak sartzeari, edukien kopurua areagotzeko eta horien kalitatea hobetzeko; beste alde batetik, euskaldunen artean Euskarazko Wikipedia erabiltzea bultzatuko da, bere ikusgarritasuna indartzeko eta bisitarien kopurua handitzeko); hirugarrena, euskararen normalizazioari laguntzea, kultura —tokikoa eta unibertsala— hedatuz, Euskal Wikipedia bera eta hari lotutako proiektuak baliatuta (Wikihiztegia, Wikiliburuak, Wikimedia Commons…); eta laugarrena, Wikimediaren helburuekin bat eginez, auzolana eta jakintza askea sustatzea.

Azkue Fundazioaren helburu nagusiak hauexek direla: euskararen erabilera era aktibo eta zabalean sustatzea, euskal hizkuntzaren normalizazioari positiboki eragitea, eta agerian uztea euskara komunikaziorako tresna moderno eta garaikidea dela; euskarari eta euskararen transmisioari laguntzea, bai eta euskal komunitatea indartzea, euskara presente dagoen baliabide eta eremuen kopurua handitu dadin (besteak beste, euskara integratzea gaur egungo ingurune digitalean). Aipatutakoaz gain, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak euskara erabiltzeko eta sustatzeko baliatu nahi ditu Azkue Fundazioak, euskara hizkuntza guztiz garatua izatera ailega dadin. Horretarako, Interneterako euskarazko edukiak sortzeko eta komunikazioko sare birtualak era egokian baliatu nahi ditu Fundazioak.

Aipatutako helburuak lortzeko, Azkue Fundazioak ekimen bereziak bultzatuko ditu, eta, horiek aurrera eramateko, ezinbestekoa du Euskarazko Wikipedia sustatzea.

Ildo horretan, Euskarazko Wikipedia sustatzeko tresna ezin hobea izan daiteke Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen eta Azkue Fundazioaren arteko elkarlana (elkarte bakoitzak berez egiten duenaz gain).

Akordio honen bidez Azkue Fundazioak eta Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak (hemendik aurrera, EWKE) hainbat ekimenetan elkar-lana sustatzeko konpromisoa hartzen dute.

ELKARLANERAKO ARLOAK:

1.-Euskarazko Wikipedia bultzatzea

Hitzaldiak  eta Herripediak Bizkaian

[Informazio, formazio eta sustapena]

Euskarazko Wikipedia ezagutarazteko hitzaldi ziklo bat egingo da 2017ko udazkenetik abiatuta, Bizkaiko eskualde bakoitzean bana. Helburua proiektuaren inguruan hitz egitea izango litzateke, herri bakoitzan egin daitezkeen gauzen inguruko argibideak emanez eta, bukatzerakoan, editatoi txiki batekin. Editatoi bakoitzaren helburua herri/eskualde horretako datuak hobetzea izango da, eta zikloaren amaieran sortutako material guztiaren bilduma eta estatistikak emango ditu EWKEk.

Iurretapedia, Donostiapedia edo Amarapediaren ereduak jarraituz, Bizkaiko lau herritan “Herripediak” egiteko konpromisoa hartzen du Azkue Fundazioak. Proiektu honetarako hautatzen diren lau herrietan elkarte, idazle, irakasle eta liburutegietako langileekin lana egingo da, materiala bildu eta, guztien artean, herriko edukiak Wikimedia proiektuetan hobetzeko. Material guztiarekin atari bereziak eta liburua ekoiztuko dira 2017/2018 ikasturtearen bukaeran.

Prozedura laburtua honakoa izango da: EWKEk proiektu hau lantzeko baliabideak jarriko ditu, Bizkaiko eskualde guztietako hautatutako “herriburu” horietan informazioa, azalpen teknikoak emateko eta edukiak garatuko dituzten pertsonekin bildu eta editatoi ezberdin antolatzeko. Editatoi horiek tematikoak izan daitezke, eta helburua ahalik eta jende gehien inplikatzea izango da. Editatoi horiek bukatuta edukien bilketa egingo du proiektu arduradunak, txukunduz eta materiala maketatzeko prestatuz. Prozedura berdina jarraituko da “Herripediak”egitasmoarekin. Bukatzeko, liburuak ekoiztuko dira, parte hartu duten elkarte/ikastetxe/liburutegi ezberdinei eskainiz.

Hitzaldi, formakuntza, editatoiak eta “herripediak” bideratzeko wikilariak egongo dira. Bizkaiko 10 herri ezberdinetan egingo dira, eskualdeen arteko oreka bilatuz.

Herripediak lau herrietan garatuko dira, eta herri bakoitzarekin egin beharreko formazioaren barruan egongo dira proiektua lantzeko materiala, 4 ikastaro, 4 editatoi eragile kulturalekin eta 4 “herritatoi” herritar orori irekiak.

Herripediak garatu ahal izateko, Azkue Fundazioak herri bakoitzerako kontaktu teknikoa jarriko du, EWKErekin kontatu zuzena eduki ahal izateko eta lehenengo bilera bat egiteko proiektua bera nola garatu aztertzeko. Herri horretako arduradunarekin egon ostean, bilera bat deituko da interesgarriak izan daitezkeen eragile kultural eta elkarte guztiekin, egitasmoa azaldu eta egon daitezkeen dudak argitzeko.

Sarean ezagutza lana

EWKEk eta Azkue Fundazioak kudeatzen dituzten kontuetan elkarrekin egiten duten lana komunikatzeko konpromisoa hartzen dute. Azkue Fundazioak Wikipediako zein Wikimedia Fundazioak dituen beste proiektu batzuetako (Commons, Wiktionary, Wikisource) edukiak barreiatuko ditu, gai ezberdinak landuz eta lan berezia egingo da.

2.-Euskarazko softwarea bultzatzea

MediaWikiren softwarea itzultzea

Translatewiki erabilita MediaWiki itzultzeko lana Azkue Fundazioak proposatutako itzultzaile batek egingo du, euskarazko milaka Wiki plataformen (ez soilik Euskarazko Wikipedia, baita eskoletan erabiltzen diren wikiak, Wikia, edo Wikispaces ere) itzulpena eginez. Euskarazko Wikipedian ditugun mezuak dira software itzulpen horren helburua, baina ehunka direla jakinda, prioritateak EWKEko kideekin koordinatuta zehaztuko dira.

Wikimedia Estrategia 2030 itzultzea

Wikimedia Fundazioak abiatu duen 2030 Estrategiaren baitan eduki askok itzulpena behar dute, eztabaida hori euskaraz eman nahi badugu, behintzat. EWKEk ez du baliabiderik horri aurre egiteko. Azkue Fundazioak itzulpen zerbitzua eskainiko dio EWKEri, WMFren eztabaidaren mezuak itzultzeko.

Beste tresna batzuk itzultzea

TranslateWikiren bidez ez da bakarrik MediaWikiren softwarea itzultzen. Bertan itzultzen dira OpenStreetMap bezalako tresnak. Software hori itzultzeak euskarazko komunitateari onurak dakarzkio, eta akordio honen baitan jaso beharko litzateke. Euskarazko softwarea izateko helburuarekin, akordio hau publiko egiteko arrazoietako bat da.

Itzul-a-thon

Azkue Fundazioak eta EWKEk itzul-a-thon bat antolatuko dute, Bilboko Euskararen Etxean, itzulpen lanen inguruan hitz egin eta marko teorikoaz gain itzulpen masiboak egiteko. EWKEk itzulpen posibleen bilduma bat eramango du, gai ezberdinen artean aukera emateko.

Azkue Fundazioak Patronatukide diren unibertsitateekin bideak uztartuko ditu Euskal Filologiako ikasleen parte-hartzea ekimen hauetan sustatzeko.

3.-Eduki eta jakintza libreak bultzatzea

Materialak askatzeko kontzientziazioa

Azkue Fundazioak EWKErekin batera Bizkaiko Foru Aldundiaren barruan  materialak askatzeko konzientziazioa landuko du. EWKEk Wikisourcen aditua den pertsona baten hitzaldia eskainiko die Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare zerbitzuko arduradun eta langileei, egoeraren berri emateko.

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka euskal kulturaren plaza da. Azken urteotan K@abia ekimenaren baitan Euskarazko Wikipedia eta Wikimediako beste proiektu batzuen inguruko lanketa egin da. Aurten pauso berriak eman nahi ditugu, photocall bat sortuz euskal kulturako pertsonalitateen argazkia igo ahal izateko.

Azkue Fundazioak photocall bat sortuko du kulturgintzako pertsonen argazkiak egiteko. Bertan Azkue Fundazioaren eta EWKEren logotipoak egongo dira eta eduki guztiak Wikimedia Commonsera igoko dira, mundu osoarentzat erabilgarri egon daitezen.