iItzulpen automatikoak jauzi ikaragarria egin du kalitatean azken bi urtetan, euskararako itzultzaile neuronalek ere bai. Itzulpenaren emaitza kalitate handikoa izaten da eta gainera modu masiboan erabil daiteke. Horrek aukera ezin hobea ekarri digu, orain Euskal Wikipediara askoz artikulu gehiago, testu-eduki askoz handiagoak ekar ditzakegu eta erraztasun handiagoarekin.

Bai, hasieran halaxe dirudi, baina kontuz ibili behar da. Kalitate handikoa baldin bada ere, itzulpen automatikoaren emaitza gainbegiratu egin behar du pertsona batek, gero zuzendu egin behar da, “posteditatu” egin behar dela esaten dugu. Horrek garrantzi itzela du. Testu itzuliaren postedizioa egiten ez badugu arrisku handia dago laster batean Wikipediako testu-zati askotan  kalitatea jaisteko.Hezkuntza Programan bereziki garrantzitsua da hori. Parte hartzen duten ikasleen lana artikulu bat automatikoki itzultzea baino ez bada, itxuraz emaitza oso txukuna da baina errealitatean ez da horrela izango. Testu itzulia zuzentzea, guztiz koherentea eta ulergarria uztea, ezinbestekoa da. Ikasleak berak egiten ez badu, irakasleek (edo wikilariek) egin beharko dute gero, eta hori lan handiegia izan daiteke hauentzat. Ikasleak, itzulpena erabili nahi badu, aurrikusi behar du gero testu itzuliaren zuzenketa egin beharko duela, eta horren arabera neurtu zenbat testu gehituko duen.

Ikus dezagun adibide bat. ingelesezko Wikipediako Password artikulutik  euskal Wikipediako Pasahitz artikulura  60.000 karaktereko ekarpena egin da. Ingelesezko artikulua bikaina zen, eta orain primerako artikulua da euskaraz ere. Lan itzela, ekarpen esanguratsua izan da euskarara hori ekartzea.  Baina paragrafo eder bat nahiko ulergaitz geratu zen.  Erromatar armadan kontsignak (pasahitzak) nola erabiltzen ziren azaltzen duen pasarte historiko hau zen:

Gauerako kontsignaren pasabidea ziurtatzeko modua honako hau da: infanteriako eta zalditeriako klase bakoitzeko hamargarren kirtenetik, kalearen beheko muturrean kanpatuta dagoen kirtenetik, gizon bat aukeratzen da guardiatik kanporatua izateko, eta arratsaldero joaten da tribunako dendara, eta harengandik kontsigna jasotzen du – Egurrezko ohol bat da, bertan idatzirik hitz bat duena –. – Agur esan eta bere geletara itzultzean kontsignak eta ohola lekukoen aurrean pasatzen dizkio hurrengo mangoko komandanteari, eta honek, berriz, Denek gauza bera egiten dute lehen manikietara iristen den arte, tribunoen dendetatik gertu kanpatutakoak. Azken horiek taula eman behar diete tribunalei, ilundu baino lehen. Beraz, jaulkitako guztiak itzuliak badira, tribunoak badaki kontsigna maniki guztiei emana izan dela, eta guztiengandik pasatu dela berarengana itzultzeko bidean. Horietakoren bat falta bada, berehala ikertzen du, marken arabera badakielako zein alderditatik ez den taula itzuli, eta geldialdiaren arduradunak merezi duen zigorra jasotzen du.

Testua euskaraz ondo eratuta dago, gainetik irakurrita ondo dagoela dirudi. Baina apur bat sakonduta, ondo ulertu nahi bada paragrafoaren esanahia, arazoak agertzen dira. Adibidez, manikiak azaltzen dira testuan. Zer dira maniki horiek? Ingelesezko jatorrizko testura joanda:

The way in which they secure the passing round of the watchword for the night is as follows: from the tenth maniple of each class of infantry and cavalry, the maniple which is encamped at the lower end of the street, a man is chosen who is relieved from guard duty, and he attends every day at sunset at the tent of the tribune, and receiving from him the watchword—that is a wooden tablet with the word inscribed on it – takes his leave, and on returning to his quarters passes on the watchword and tablet before witnesses to the commander of the next maniple, who in turn passes it to the one next him. All do the same until it reaches the first maniples, those encamped near the tents of the tribunes. These latter are obliged to deliver the tablet to the tribunes before dark. So that if all those issued are returned, the tribune knows that the watchword has been given to all the maniples, and has passed through all on its way back to him. If any one of them is missing, he makes inquiry at once, as he knows by the marks from what quarter the tablet has not returned, and whoever is responsible for the stoppage meets with the punishment he merits.

Ingelesezko testuan ez dago maniki bezalakorik, hor maniple azaltzen da, Wikipediako estekarekin gainera, esteka horrek euskarazko manipulo artikulura eramaten gaitu, erromatarrek soldadu multzoak antolatzeko erabiltzen zuten unitate bat zena. Ingelesezko paragrafoan bost aldiz azaltzen zen maniple, baina euskarazko itzulpenean hiru modu desberdinetara itzuli da: kirten, mango eta maniki. Ederra zorabioa! Antzekoa gertatu tribune hitzarekin, soldaduen nagusia dena euskaraz tribunoa da, baina testuan itzuli izan da tribuna (tribunoaren denda  –> tribunako denda)  eta tribunal moduan ere (taula eman behar diete tribunoei –> taula eman behar diete tribunalei). Horixe, ederra zorabioa, hori irakurrita hartu duguna! Ulertzerik ez badago… zuzendu egin beharko da. Ziur oraindik hobekuntzarik onartuko duela, baina apur bat ulergarriago honela geratu da paragrafoa:

Gauerako kontsignaren pasabidea ziurtatzeko modua honako hau da: infanteriako eta zalditeriako klase bakoitzeko hamargarren unitatetik (manipulotik), kalearen beheko muturrean kanpatuta dagoen manipulotik, gizon bat aukeratzen da guardia-zerbitzutik salbuetsia izateko, eta arratsaldero joaten da tribunoaren dendara, eta harengandik kontsigna bat jasotzen du — hitz bat idatzirik duen egurrezko ohol bat dena—. Agur esan eta bere geletara itzultzean kontsigna eta ohola lekukoen aurrean pasatzen dizkio hurrengo manipuloko komandanteari, eta honek berriro hurrengokoari, Denek gauza bera egiten dute lehen manipuloetara iristen den arte, tribunoaren dendatik gertu kanpatutakoak. Azken horiek taula eman behar diote tribunoari, ilundu baino lehen. Beraz, jaulkitako guztiak itzuliak badira, tribunoak badaki kontsigna manipulo guztiei emana izan dela, eta guztiengandik pasatu dela berarengana itzultzeko bidean. Horietakoren bat falta bada, berehala ikertzen du, marken arabera badakielako zein alderditatik ez den taula itzuli, eta gelditzearen arduradunak merezi duen zigorra jasotzen du.

Kontua da 50 minutu behar izan direla zuzenketa hori egiteko. Irakasleak (edo wikilariak) egindako zuzentze-lana txikia izan dela dirudi, egin duen karaktere-gehikuntza ikusita bederen (ia ordubete 348 karaktere bakarrik gehitzeko). Merezi izan du, bai, orain dezente hobeto ulertzen da, baina argitaratu den itzulpen hura gordin-gordina izanik denbora eta lan asko behar izan da zuzentzeko.

Ondorioz, asumitu behar dugu itzulpen automatikoa erabiliz gero erantzukizun handia hartzen dugula, gero testu hori ondo orrazteko, ulergarri eta atsegin bihurtzeko. Itzulpen automatikoa tresna itzela da; askoz artikulu gehiago, testu-eduki askoz handiagoak ekartzen ari gara Wikipediara eta erraztasun handiagoarekin; baina, kontuz, itzulpen automatikoa erabili eta gero… ‘giza zuzenketa’ behar da.