(Argazkiaren egilea: Wikimedia Foundation, CC-BY-SA 3.0)

Informazioa barra-barra dabilkigu mundu analogikoan/errealean eta, bereziki, mundu digitalean/(erdi)errealitatean, the Internet side of things. Gure izana badugu munduan, baina on-line aztarna ere uzten goaz gure bizitza paralelo horretan, pertsonek bezala, gauzek, eta gauzek bezala,  taldeek. Informazio hori, baina, sakabanatuta geratzen da bitarteko digital desberdinetan. Zabalkundera bideratutakoan, pertsonek eta elkarteek badituzte beren blogak, badira askotariko giza taldeek, politika, kultura, zientziakoek, erreferentziatzat dauzkaten web lekuak, baina ez ditugu besteenak irakurtzen, gure arlokoak, interesekoak edo aldekoak baizik.

 

Oinarrizko datuak kontsultatzeko leku bat, lankidetzaz

 

Euskarazko Wikipediak (Wikipediak, oro har) bitarteko bat sortu du ezagutze entziklopediko hori bideratzeko: kanal mainstream bat da eta, beraz, irakurle multzo zabalekoa, erreferentzia komun bat, oinarrizko datuak emango dituena, modu ahal den neutralenean eta lizentzia askeaz. Edonork sor dezake, edonork aldatu; gida labur polita argitaratu du Kepa Sarasolak oraindik orain wikimedia.eus gure webgunean, Wikipedian aritzearen argiak eta ez hain argiak nabarmenduz (lizentziek kaka ematen dute batzuetan, bai!), eta editatzera irakurleak xaxatuz.

 

Adierazpen politikoa?

 

Wikipedia munduko seigarren webgune bisitatuena da, nola ez da izango ba hor egotea garrantzitsua? Bertako informazioa zabal-zabaldu egiten da, egin kontu, artikulu esanguratsu bat hartzeko: Basques artikuluak, mundu osoan irakurriak, 1,164 bisita izan ditu egunero, 307.178 bisita 2018 osoan; History of the Basques, antzera, 349 bisita izan ditu egunero batez beste 2018an. Ildo beretik beste batzuk, eta ingelesezkoa da, gustuko edo ez, azpiko maila guztiak, hizkuntzak, bustitzen dituen iturria, itzulpenaren bitartez: ezagutza eman (isur) eta zabal, barrurantz eta kanporantz. Hori adierazpen politiko bat da? Bai, esan gabe doa, eta ez da doakoa: EN Wikipedia bereziki dago korporazioen eta gobernuen jopuntuan.

Oroimena eta ondarea, multimedian eta dizplinartekotasunean

EN WPz landa, berta-bertako apustu sendoa dugu Euskarazko Wikipedia, topikotik tira eginez, izana izen bihur dadin. Ez dator gaizki gogora ekartzea EU WPk 31. postua duela nazioarteko hizkuntzetan artikulu kopuruari erreparatuz, eta munduan 300 hizkuntzak dute Wikipedia proiektu bat (6000+ hizkuntza ditugu munduan, gero eta gutxiago…). Bere txikian bada marka, eta beste hizkuntza gutxitu askoren begirune (katalanek barka…). Wikipedia duenak, teknologia duenak bezala, aurrera egiteko aukerak izango ditu.

 

Berriaren Oroiteria jardunaldiek gogorarazi egin zuten memoriaren garrantzia, eta ez alferrik. Non kokatu oroimena eta ondarea guztion eskueran (eta guztion partaidetzaz), datu objektiboen oinarri bat izan dezaten? Ez arloko/alderdiko web espezializatu batean edo museo/liburutegi zoko batean itzalduta, edo egunero aldatzen den egunkari batean sakabanatuta, baizik etengabe aurkitu eta eguneratzeko moduan. Horretarako lotu dute EU Wikipediak eta EWKEk hitzarmena hainbat erakunderekin, tartean Berria dela: multimedia fitxategi eta testu ugari jarri du eskueran Wikipedia elikatzeko, nork egoki ikusi bezala Oroiteria Wikipedian erabili eta oroimena dinamizatzeko, tokatu zaigun inter, multi eta trans aroan. Ondarearekin bada artean lanik egiteko, hura Euskarazko Wikiteka (.eu) berrira eta Wikipediara zein Wikimedia Commonsera igotzeko, multimedia fitxategi askeen munduko biltegi handienera.

 

Martxan da artean irailean WikiLovesMonuments (argazkia atera eta parte hartu!), eta EU Wikipediak bere tartea du bertan, edonork gure ondarearen argazkiak igo ditzan. Ondarearen sailkapen irizpide hori murritza da? EHko memoria lekuak, esaterako, sailkatuta daude? Gauzak daude landu eta aurreratzeko Euskal Herriko oroimen eta ondareari buruz, uneko Hezkuntza Programan ekinez eta gai horietan diharduten elkarteekin harremanak josiz, multimediaz eta diziplinartekotasunez. Horretan, Wikidata dugu azken dema, lankidetza bidezko munduko datu basea, hazten, hazten, hazten. Wikimediako proiektuetan, arrotzen ezagutzak betetzen du hor ez dagoen bertako ezagutzaren hutsunea. Hor egotea, ezin bestekoa.

 

(*Artikulu hau Berrian agertu zen irailaren 28an)

Gehiago irakurri

Irailarekin batera martxan da Wiki Loves Monuments, mundu-mailako argazki lehiaketarik handiena. 2010ean abiatu zen ekimen honen helburua, monumentu eta ondarearen inguruko argazki libreak jasotzea da, Wikipedia zein beste edozein gunetan libreki erabili ahal izateko.

Iaz ospatu genuen lehen aldiz Euskal Herrian, eta aurten hiru erronka jarri ditugu, hiru sari ezberdinekin.

  • Edizio lehiaketa: 2018an zehar, hilabetero, edizio-lehiaketa ezberdin bat egiten ari gara. Irailean, WikiLovesMonuments lehiaketarekin bat egin eta  Gizateriaren Ondarea da hautatu dugun gaia. Munduko edozein ondareri buruzko artikuluak sortu edo hobetu daitezke. Zerrenda bat ere badaukagu, premia handia duten artikuluekin. Puntuazioa berbera da guztientzat, zerrendako ondarea ondo egotea garrantzitsua da euskal Wikipediaren irakurleentzat. Sariak liburu sorta ezberdinak izango dira, liburu ederrak, zinez.
  • Argazki lehiaketa: mundu-mailako argazki lehiaketan parte hartuko dugu guk ere. Euskal Herrian babestuta dauden eraikin eta ondasunen zerrenda eguneratu dugu 6000 elementu baino gehiagorekin. Horietako asko eta askok ez daukate oraindik argazkirik. Zerrenda guztiak hemen daude. Argazki lehiaketan hiru sari ditugu, Azkue Fundazioak eskainita: Euskal Herriko argazkirik onenari Parrot Mambo Fly drona; Bizkaiko argazkirik onenari Hero Session waterproof Go-proa eta Bilboko argazkirik onenari: Telefonoarekin argazki eta bideoak egiteko produktu sorta.
  • Donejakue bidea Euskal Herrian lehiaketa: Donejakue bideko kultura ondasunen zerrendak atera ditugu eta horiei buruzko artikuluak sustatu nahi ditugu. Lehen puntuko edizio-lehiaketarekin bat egiten du, Donejakue bidea Gizateraren Ondare izendatua dagoelako  eta hilabeteko lehiaketan gai honi buruz egiten diren artikuluak kontabilizatuko dira. Koldo Mitxelena Kulturguneak 10 liburu eder  eskaini ditu lehiaketa honetan parte hartzen duzuenentzat.

Irailaren 1etik 30era egongo da tartea parte-hartzeko eta helbide honetan duzue horretarako behar den informazio guztia: https://eu.wikipedia.org/wiki/Wikipedia:WikiLovesMonuments_2018

Argazkiak igo, artikuluak idatzi… animatu eta parte hartu! Ea lortzen dugun

gure herri(eta)ko ondasunak hobeto agertzea Wikipedian.

Euskal Herriko argazkirik onena (2017): Egunsentia Gaztelugatxen.jpg Egilea: Ebaki
Gehiago irakurri

Bigarren urtez jarraian, UEUren udako ikastaroen baitan,  Wikimedia lantegia antolatu dugu UEU, ALDEE, Hirikilabs eta EWKE elkarteek lankidetzan, . Egun osoko jardunaldi hau ekainak 26an izango da Tabakalerako Hirikilabs laborategian. Goizean zehar hitzaldi eta lantegiak izango dira eta arratsaldez ikasitakoa praktikan jartzeko tartea izango dugu.

Aurtengo saioaren nobedade nagusiak Wikiteka eta Txikipedia egitasmoak izango dira. Wikiteka, lehen eskuko iturriak biltzen dituen liburutegi librea da. Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetan dihardutenentzat bereziki interesgarria fondoak bistaratu eta publiko orokorraren esku uzteko. Txikipedia berriz, 8-13 urte bitartekoentzako euskal entziklopedia da, Wikipediaren anaia txikia. Bigarren hezkuntzako ikasleekin lantzeko egokiagoa.

Aurrekoez gain, Wikipedian sakontzeko tailer teknikoak ere antolatu ditugu. Irudi bektorialen lanketa, Wikipediarako bot-ak eta txantiloi automatikoak landuko dira horietan.

Arratsaldez, saio praktikoa burutuko dugu: bertsopaperen eskuizkribuetatik abiatu eta horiek digitalizatu, transkribatu eta Wikimedian jarriko ditugu edonoren eskura. Txirritaren esana geure eginez, gure egileen aipamenak izan daitezen beste laurogei urtian.

Lantegia doakoa da baina aurrez izena eman beharra dago UEUren webgunean, hemen. #ElkarEkin

 

PROGRAMA:

09:30 – 10:00 Harrera eta izen-ematea

10:00 – 11:00 Aurkezpenak:

10:00-10:30 Txikipedia: txikitik erronka

10:30-11:00 XXI. Mendeko liburuzaina: fondo gordeetatik Wikitekara

11:00-11:30 Kafea

11:30-13:30 Tailerrak

  • Txikipedia: 8-13 urte artekoentzako entziklopedia
  • Wikiteka: iturriak bertso-paperentzat
  • Tailer teknikoak
    • Irudi bektorialen (SVG) lanketa
    • Bot-ak eta txantiloi automatikoak

BAZKARIA

15:00 – 18:30 Editatoia eta hackathoia.
Bertsopaperak digitalizatu, Wikitekara igo, argazkiak jarri, artikuluak editatu, informazioa ustiatzeko metodoak baliatu… eta bururatuko zaiguna!

Txikipedia-editatoia: 8-13 urte arteko gaztetxoentzako edukia egokitzen eta sortzen.

18:30 – 19:00 Balorazioa eta aurrera begirakoak.
Emaitzen berri eman elkarri eta balorazio orokorra egin. Wikipedian lanean jarraitzeko gonbidapena eta aurrera begirako proiektuak lotzeko aukera.

Gehiago irakurri

Argazkia: Fred Schaerli. cc-by-sa-3.0 lizentzia.

Europar Batasuna “Merkatu digital bateraturako egile eskubideen direktiba” berria prestatzen ari da, Internet eta ezagutza librea arriskuan jar ditzakeen direktiba berria. Proposamena ekainaren 20 eta 21ean bozkatuko da JURI batzordean, eta uztaila eta iraila artean Europako Parlamentuan. Lege honek dituen hainbat neurrik sarearen neutraltasuna arriskuan jarriko du, hala nola adierazpen askatasuna, sareko elkarlana eta dibertsitatea. Europarlamentarioei eskatzen diegu besteak beste Wikipedia arriskuan jartzen duen lege honen aurka bozkatzea.

Gehiago irakurri

Gauzak mugitzen ari dira Euskarazko Wikipedian, eta hurrengo ostiralean, hilak 20, 5:30ean Euskal Wikilariok Udaberriko Topaketa & Tailerrean elkartuko gara: hiruhileko honetan Donostian egingo dugu (tokiz aldatzen joango gara). Deialdi irekia egingo dugu hala nahi duten wikilari guztiak, EWKEko kideez gain, bertaratu daitezen, patxadaz zerbait ikasi, nork bere ekarpena egin eta beste wikilari batzuekin egoteko.

Elkarren berri izateaz gain, bilkuraren helburua da bi orduz wiki komunitatean artikulugintzan sumatzen diren ohiko duda-muda praktiko eta teknikoak argitzea. Wi-Fi eskueran noski. Laguntza orri berritua aurkeztuko dugu, Ikusizko Editorearen garapenari lotuta. Ohiko zalantza batzuk argitu eta, gero, elkarrekin arituko gara nor bere artikulua lantzen eta elkarri laguntzen.

 

Erraza duzu gurekin bat egitea: eramazu laptopa,

gustu baduzu elkarrekin hor egingo dugu topa.

Eramazu artikulua lantzean aurkitu duzun zalantza,

hor emango dizu norbaitek argitzeko eskaintza.

5:30ean ikusiko gara Koldo Mitxelena atzealdean

Errege Katolikoen Komikigunean

Gehiago irakurri

Uliako Auzo Elkartearen eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen arteko lankidetzari esker, wiki-liburu bat aurkeztu dugu gaur Donostian.  Uliako Mintegietako parkeari buruzkoa da liburua, eta bertako txori, zuhaitz eta landareak jasotzen ditu. Mundu mailako Wikimedia erakundearen laguntzari esker lortu da liburua argitaratzea eta Donostiako udal liburutegiei 14 ale oparitu zaizkie.

Uliako Mintegietako parkea oso aberatsa da: 40 espezie zuhaitz eta 40 espezie txori bizi dira hor. Euskal Wikipediak eta Uliako Auzo-Elkarteak lankidetzan eta 2015eko azaroan hasita parkeko espezie horientzako artikuluak osatu genituen. Gainera parkeko 165 argazki igo ditugu Wikipedian erabili ahal izateko.

Parkeko txori, zuhaitz eta landare guztiak orain erraz kontsultatu daitezke, baita QR kodeen bidez parkean bertan telefonoaren bidez ere (2016ko maiatzetik hori). Egindako ahalegin handi horrek saria jaso du orain: artikulu guztiak liburu batean jaso ditugu, egindako lanaren erakusgarri.

Mundu mailan Wikipedia kudeatzen duen Wikimedia erakundeak diru-laguntza eman du proiektu honetan erabili den metodologia eredugarria gizartean zabaltzeko. Egin dugun lana zabaldu nahi dugu, antzeko egitasmoak sortu daitezen. Wikimediak eman duen diru-laguntzari esker Donostiako 14 liburutegiei oparitzen diegu egindako lana hiritarren artean hobeto zabaltzeko.

Helburu bikoitza lortu dugu proiektu honetan:

  1. Euskarazko Wikipedian 90 artikulu sortu edo osatu ditugu.

  2. Ia 400 orrialde dituen liburu dotore bat argitaratu dugu parkearen natur aberastasuna ondo ilustratzen duena. Ederra da liburua. 89 artikulu biltzen ditu 362 orrialdetan.

Liburuan hutsunerik nabaritzen baduzu… zuzendu edo osatu Wikipediako artikulu horiek. Eta horrela, geroago, liburuaren bertsio berri hobe bat egin ahal izango dugu!

Ezin ditugu aipatu gabe utzi liburua egin ahal izateko parte hartze nabarmena izan duten elkarteak eta pertsonak:

  1. Wikimedia,

  2. Euskal Wikilarien Kultur Elkartea

  3. Uliako Auzo Elkartea,

  4. Donostiako udal liburutegiak, proiektuan sinistu zutelako eta eskaera egin zutelako

  5. Uliako Lorebaratzak, hackathoia antolatzen lagundu zutelako

  6. SEO birds Donostia, pareko hegaztiak zeintzuk ziren aztertu zutelako

  7. Antton Larretxao, parkeko arima eta ur biltegien zaindaria delako.

Liburua ikusi eta pdf-an deskargatuz nahi izanez gero, sakatu hemen.

PediaPress bitartez ale bat(zuk) eskatu nahi izanez gero, hemen.

Liburua argitaratu dugu baina Wikiproiektuak bizirik jarraitzen du, eguneratu eta osatzen lagun dezakezu: Uliako mintegietako Parkea.

Liburuaren azalean Erregetxo txoria jarri dugu (asfalto gainean). SEO-BIrds-Donostiako elkartekoek horrela esaten baitigute: “Aipagarria da Erregetxo bekainzuria, guretzat parkeko enblematzat, parkeko ikurtzat hartu beharko zena; bera txikia, bitxia eta geldiezina baita, Uliako Mintegi/Lorategia den bezalakoxea.”

Gehiago irakurri

Iturria: Theklan CC-BY-SA

Tokian tokiko kultur joeren erakusgarria da Wikipedia. Esan daiteke Wikipedia proiektu batek darabilen hizkuntzaren arnasa adierazten duela, edo haren zati bat bederen: gogoa, arima. Wikipediako markatzaile kuantitatibo eta kualitatiboak argigarriak dira kultura baten une horretako isuriari buruz. Wikipediako estatistika neurgailuek tresna ederra eman digute haren berri izateko. Ikusi izan dugunez, ezusteko emaitzak aurki daitezke batzuetan.

Tokian tokiko kultur joeren erakusgarria da Wikipedia

Duela gutxi Hezkuntza Proiektuari buruzko azterketan ezagutu genuen eskola eta unibertsitatean baliatzen dela gehien Wikipedia. Beraz, ez dago dudarik gazteak direla Euskal Wikipediaren irakurleak, Internet eta unibertso digitalean murgilduak. Abendua eskola garaia da artean, azterketa garaia, ikasleek Wikipedia ikuskatu eta arakatzeko abagune ezin hobea. Bada, zein dira hilabete honetan haiek eta ikasle ez direnek bilatu dituzten gaiak?

Ez dago dudarik gazteak direla Euskal Wikipediaren irakurle nagusiak

Tools estatistika tresnak erakusten duenez, lehendabizi Itxaro Borda agertzen da, bigarren Azpilkueta (herria), biek ere emaitza guztiak egun banatan bilduta. Horiek positibo faltsuak dira pentsa daitekeenez, ‘makina’ren barruko eragiketa automatizatu, errepikakor bat. Gehien ikusitako 4, 5, 6. artikuluak eta gerokoak, 30.eraino erreparatuta, euskal kulturako gaiak dira gehin-gehienak. “Go!azen” telesaioa nabarmentzen da (4.019 ikustaldi), eta bertsolaritzak aztarna sendoa utzi du estatistikan: Sustrai Kolinak gehien, 3.404 ikustaldirekin. Asmatu zein egunetan? Abenduaren 17an txapelketako final handiaren egunean.

Antzeko ‘jokatu’ dute Maialen Lujanbiok eta Aitor Mendiluzek, hilabete osoan ikusitakoenen estatistikako 7. eta 9. postuan hurrenez hurren. Bertsolaritza txapeldun atera dela esan daiteke Wikipediako ligan. Eguberria bukatzen ari da, eta abenduaren 24an beste artikulu batek gaina jo du, bertsotan ez baizik eta kantuan herri (batzuetako) oroimenean gordetako “Mari Domingi”k. Jakin-min handia piztu du; izan ere, 6. postuan ageri da 3,394 ikustaldirekin hilabete osorako, Olentzerok baino askoz gehiago; azken hau 163 bider abenduaren 24an; Mari Domingi, berriz, 809 bider (hara, “nor-arraio-da-hau” faktorea). Mari Domingiren lorratzean 8. postuan “Euskara” du. Noiz ikusia gehien? Sorpresarik ez: abenduaren 3an, Euskararen Egunean.

Bertsolari txapelketa, Mari Domingi, Go!azen eta August Ames: abenduko gai nagusiak

Inor aspertzeko arriskuan, ez naiz gehiago luzatuko. Badago abenduaren 7an beste gertaera bat, erpin estatistiko bat, Euskal Wikipedian ikusienetan 3.a (5.084 ikustaldi), nor eta “August Ames” delako bat, artikulu labur bat inondik ere, artikulu sorberria. Bere erpin estatistikoaren isatsa abendu osoan luzatzen da. Azterketa luzeagoaren faltan eta nazioarteko distortsio faktorea argitzeke, aurkitu ote du “August Ames”ek, bere burua hil omen duen aktore pornoak, txoko bat abenduko euskal gazteen ariman / gogoan?

Gehiago irakurri

Donostian ospatzen den Literaktum jaialdiak, literaturara hurbiltzeko modu ezberdinak proposatzen ditu: liburuak irakurriz, egileak ezagutuz, eztabaidetan parte hartuz… eta orain, baita Wikipediaren bitartez ere, sortzaileei eta hauen obrei buruzko artikuluak sortuz eta hobetuz. Azaroak 23an, Literaktum jaialdira etorriko diren idazleak Wikipedian sartzeko lantegia antolatuko da: nola egiten den ikasi nahi baduzu, zatoz Wikilantegira!

Literaktum, Donostia Kulturak literaturaren inguruan antolatzen duen jaialdia da. 2005ean izan zen lehen edizioa, beraz, 2017ko hau 13. edizioa izango da. Aurtengo gai nagusiak honakoak izango dira: Nobela eta historiaren arteko harremana, utopiaren indarra -eta haren itzal distopikoak- eta liburu ilustratua. Horien inguruan programa zabala antolatu da. Erronka berriei aurre egiteko asmoz, kolaboratzaile berriak bildu dira jaialdira, eta horien artean, bigarrenez, euskarazko Wikipedia.

Wikipediaren bitartez, Literaktum jaialdira etorriko diren egileak eta hauen idazlanak hobeto ezagutzeko modua proposatu nahi dizuegu. Nola? Artikuluak sortuz, hobetuz eta gaurkotuz.
Azaroak 23an, asteazkena, egingo dugu hori, 17:30-20:00 artean, Donostiako Alde Zaharreko Haur Liburutegian.

2016ko Literaktum Wikilantegia
James Rhodes musikari eta idazlea
2017ko Literaktum jaialdiaren kartela

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Wikilantegiari buruzko informazio zehatza Wikiproiektuan bertan topatuko duzue. Aurrez izena ematea ez da beharrezkoa baina bai komenigarria.

Literatur zalea baldin bazara eta Wikipedian editatzen baldin badakizu edo ikasteko gogoz bazaude, apuntatu ondo hitzordua!

  • Non? Donostiako Haur Liburutegian
  • Noiz? Azaroak 23, osteguna, 17:30-20:00 artean
  • Zer? Literaturari buruzko Wikilantegia
Gehiago irakurri