Egunean Behin mugikorreko joko-aplikazioan euskarazko Wikipediako datu eta irudi askoren galderak agertzen direla badakite erabiltzaileek. Erantzun asmatuen zerrenda ematerakoan ere, galdera askoren argipena ikusteko Wikipediako esteka klikatzen ahal da. Jokoaren gakoetako bat izanik milaka galdera behar direla, Wikipediako datuak erabili ahal izatea funtsezkoa zaio aplikazioaren sortzaileei, CodeSyntax enpresari. Euskarazko Wikipedia ez balego, askoz zailagoa izango zen Egunean Behin programatu ahal izatea eta, dudarik gabe, askoz tristeagoa izango zen jokatzea ere. Pertsonalki, hau sinatzen duena wikipedista intermitentea da, EWKE elkarte honetako bazkide, eta CodeSyntaxeko lankidea, eta hortaz, pozik dago komunitateari azalpen batzuk emateko aukerarekin.

CodeSyntax-etik zenbait metodorekin ustiatu dugu Wikipediako informazioa, baina, Euskal Wikilarien Elkarteko Galder Gonzalez lagunaren pista batzuk tarteko, batez ere Wikidataren ustiaketan ari gara zentratzen azken aldian.

Wikidata baliatzeko, https://query.wikidata.org zerbitzua erabiltzen dugu. Bertan adibide batzuk agertzen dira, eta askoz gehiago ingelesez osatutako biltegi honetan. https://www.wikidata.org/wiki/Wikidata:Request_a_query

Bilaketa bat egindakoan, gainera, helbide labur bat eraiki dezakezu, eta horrek gogoratzeko balio dizu, bilaketa gordeta izateaz gain haren gainean beste batzuk bilatzeko. Hona adibide bat, https://w.wiki/4SB zeinak ematen dizkigun Euskal Herrian kokatutako udaletxeen irudiak (aldi berean berezko artikulua dutenak). Egin klik URL horretan, eta eman Play botoi urdinari. Ondoren, emaitzak agertzen dira, eta funtzio barra bat.

Barra honetan ezkerreko begian klikaturik, emaitzen bista desberdinak lortzen dira. Download emanik, jaitsi daitezke emaitzak, eta horra, erraz-erraz, Egunean Behin-erako galdera sorta bat: “Nongoa da udaletxe hau? <irudia> | Herria”. Galde-erantzun zuzenak behintzat, bertan leudeke; hori bai, programazio pixkat gehiago gehitu behar da erantzun okerrak sortzeko.

Udaletxeen eskaera horri begiratu diezaiogun apur bat:

Batetik, lerro luze batean Euskal Herriko eremu geografikoa definitzen da, formula baten bidez (zazpi herrialdetako estatu independente bat ez garen artean, hala beharko du), eta azpimarratu dut halaber Udaletxe bat (eraikin mota) definitzen duen Wikidata elementua. Q543654 beste elementu batzuekin ordezkatu, eta beste hainbat argazki-artikulu lortuko dituzu. Adibidez, Q16970 elementua idatziz gero, dozenaka eliza. Q199451 idatziz gero, seguruenik batere ez, pagoda bat definitzen duen wikidata elementua baita.

Beste bilaketa bat, https://w.wiki/4TT.

Kasu honetan, pertsonen gaineko bilaketa bat da, epe jakin baten artean jaioak (1960ko hamarkadan), genero propietatean (P21) emakumezko direnak (Q6651072 aldagaia) eta hiztun propietatean (P1412) euskara (Q8752) dakitenak. Era berean, emaitzak ordena jakin batean ordenatzeko irizpide bat eskatzen da. Bilaketa zehatz honen antzekoak erabili ditugu pertsonaien adinak galdetzeko Egunean Behin jokoan. Euskaldunekin egin dugu batik bat, eta bilaketa bereiziak egin ditugu gizonezko eta emakumezkoetan, kopuru berdinak izateko, 100 gizon, 100 emakumezko, berdintasunean saiatzeko.

Hortaz, horrela arakatzen dugu Wikidata, Query zerbitzuaren bidez… Esplorazioa, esan dezagun. Izatez, query horietako eskaerak Wikidatatik zuzenean ateratzeko Pywikibot Python programa erabiltzen dute nire lankide informatikariek. Hemen adibide bat dokumentatuta (honetan utziko dut hau, beste azalpen teknikoago baterako gaia da).

Wikidata arakatzea ez da Egunean Behin-eko galderak sortzeko metodo bakarra, baina bai interesgarrienetako bat. Egun hauetan lehiaketa abiatu dugu (martxoaren 15a arte) programazio bidez galde-erantzun sortak egiteko, eta azalpenak eman ditugu ideia eta adibideekin, parte-hartzaileak animatzeko: horietan bereziki aipatu dugu Wikidata eta Euskarazko Wikipedia. Inor animatzekotan:

Bestalde, kontuan izan beti: Wikidata ez dago betea berez, airetik datozen datuekin. Batzuetan kargatu dira datubase osoak beste iturri batzuetakoak, baina Wikipedia bezala, Wikidata osatzen da erabiltzaileok ezagutza dokumentatua kargatzen dugularik. Wikipedia bisitatzen duzuelarik, adi aldameneko ikono hauei:

Pagodaren artikulua hemen duzu euskaraz, baina ikonoan klikatuz iritsiko zara Wikidatako Q199451 elementura, zeinak definitzen duen zer den pagoda bat.

Hemen duzue beste orri bat, Karmele Jaio idazlearena. Berak ere badu Wikidata lotura, eta betea du hiztun propietatean (P1412) euskara dakiela… baina, adibidez, ez ote daki beste hizkuntzarik? bat edo beste susmatzen dugu baietz… Dakienak Jaiori buruz gehiago, bete beza https://www.wikidata.org/wiki/Q12261321 orri hori datuarekin! Eskerrik asko.