Hasi gara, dagoeneko, Gabonetako zorion-agurrak jasotzen, eta baita 2018rako gure asmoak berritzen ere. 2018ari ekiteko gogotsu gaudenez geu ere, datorren urteko lanaz (EHUko Irakasle Eskolarekin batera egingo dugun lanari buruz) arituko natzaizue gaurkoan.
Euskal Haur eta Gazte Literatura wikiproiektua 2016an abiatutako egitasmoa da, eta Donostiako Irakasle Eskolako ikasleak dira wikiproiektu honen motorra. Triangelu forma duen motorra da, dena den. Batetik, esan bezala, Irakasle Eskolako ikasleak daude, Ibon Egaña irakaslea buru dutela. Bestetik, Donostiako Haur Liburutegia eta bertan lan egiten duten liburuzainak daude, eta triangeluaren hirugarren erpinean, Euskal Wikilarien Kultura Elkartea (EWKE) legoke. Baina zer funtzio betetzen du horietako bakoitzak?
2018ko otsailaren amaieran hasi eta apirilaren amaierara arte, Unibertsitateko ikasleak Wikipediako editore bilakatuko dira berriz ere. Donostiako Irakasle Eskolako 4. mailako ikasleak dira, eta, guztira, 25-30 lagun inguru izango dira Wikipedian trebatuko direnak, Haur Literatura irakasgaia landuko dutenak, hain zuzen ere. Horretarako, jakina, formakuntza jasoko dute, eta EWKEko kideak izango dira formakuntza hori eskaintzeaz arduratuko direnak. Otsailaren 27an jasoko dute ikasleek lehen ikastaroa. Baina badakizue… Wikipedian, entzuten baino gehiago, eginez ikasten da! Artikulugintzan hasi eta… orduan sortzen baitira galderak eta zalantzak. Martxoaren 13an izango dute, ikasleek, zalantza horiek argitzeko parada, bigarren topaketa edo lantegi bat egingo baita EHUko campusean bertan. Topaketa horretan ere, EWKEko kide bat izango dute bidelagun.
Liburutegietan, azkenik, Wikipediako artikulu horiek sortu, editatu eta eguneratzeko funtsak topatuko dituzte ikasleek. Eta funts edo material horiek (liburuak, aldizkari espezializatuak, DVDak…) bilatzen ikasteko, liburuzainen laguntza jasoko dute. Ikasleek Donostiako Fermin Calbeton kaleko Haur Liburuaren Dokumentaziogunera jotzen dute horretarako (martxoaren 5erako aurreikusi dugu lehen bisita). Honela, EHUko ikasleek Wikipediako artikuluak zuzen dokumentatzeko eta artikuluetan erreferentziak txertatu ahal izateko bibliografia eta datuak biltzen dituzte Dokumentaziogunean. Zeregin horietan, esan bezala, Liburutegiko lantaldearen laguntza izaten dute gazteek. Eskola-egun bat baliatzen dute lehen bilaketak egiteko, eta hortik aurrera, eskolaz kanpo ere, sarri jotzen dute ikasleek Dokumentaziogunera, Wikipediako artikuluetarako bibliografia topatzeko edo bestelako gaien inguruko kontsultak egiteko eta aholkuak eskatzeko.

Eta zer da, orain arte, ikasleek landu dutena?
2016an, esaterako, Mariasun Landaren Txan fantasma, Bernardo Atxagaren Chuck Aranberri dentista baten etxean edota Anjel Lertxundiren Tristeak kontsolatzeko makina bezalako artikuluak landu ziren, eta baita hainbat euskal idazle eta ilustratzaileren artikuluak ere. Hona hemen ikasleek 2016an sortu eta landutako artikuluen zerrenda osoa ikusteko lotura.
2017an, aldiz, literatura unibertsaleko klasikoetara jo zuten ikasleek. Honela, Ahatetxo itsusia, Babar edota Edurnezuri-ri buruzko artikuluak sortu eta landu zituzten, besteak beste (IKUS artikuluen zerrenda osoa).
2018rako lan-ildoak ere zehaztu ditugu, dagoeneko. Datorren urtean, Euskal Haur Literaturako hainbat pertsonaia landuko dira Wikipedian, hala nola Pello Añorgaren Pottoko, Bernardo Atxagaren Xola, Juan Kruz Igerabideren Jonas, Kirmen Uriberen Garmendia edota Patxi Zubizarretaren Usoa pertsonaiak.
Laster emango dizuegu ikasleek egindako lanaren berri.

-S.E.: Ei, aspaldiko! Zer moduz? Zertan zabiltza? Hemen lan egiten duzu?, galdetu zidan, atzo, Haur Liburutegian, topatu nuen lagun batek. Aspaldi ikusi gabe eta… bi hitzetan azaldu nahi izan nion egiten ari naizena.
-L.C.: Baaa… bai. Tira, autonomoa naiz, baina, besteak beste, hemen nabil, Haur Liburuaren Dokumentaziogunean, wikilari egoiliar gisa.
-S.E.: Wiki… zer? Neska, neska… Konturatzen zara gauza arraroetan ibiltzen zarela beti, ezta?, esan zidan lagunak.
Barre egin genuen, eta neurri batean arrazoi zuela aitortu behar izan nion. Nola esan… Batzuek zortea dute. Zertan lan egiten duten galdetzen dietenean, “Filosofiako irakasle”, edo “zirujau” edo “musikari” edo “abokatu” edo “lorezain” edo “arotz” edo “futbolari”, erantzutearekin aski dute (azken horiek, bereziki, zorte handia dute). Eta ados, lanbide horietako bakoitzaren atzean hamaika xehetasun ezkutatzen dira, baina abantaila hori dute, behintzat: euren lanbideaz galdetzen zaienean, ez dituzte 5 min. behar izaten azalpenak emateko.

Horregatik, blogeko sarrera hau baliatuko dut, gaurkoan, Liburutegien Eguna ospatzen dugun honetan, hain zuzen ere, wikilari egoiliarraren figuraren atzean dagoena zer den azaltzeko. Nolanahi ere, wikilari egoiliarrak eta wikilari egoiliarrak daude. Horrekin esan nahi dudana da, ez dela gauza bera Bartzelonako Museu Picasso-n edo Londresko British Museum-en edo… haur liburutegi batean egoiliar izatea; bakoitzak bere zereginak dituela, alegia. Hortaz, hemen -Donostiako Haur Liburuaren Dokumentaziogunean- egiten dudan lanaren berri emango dizuet jarraian.

Aurreko sarrera batean, WikiLiburutegiak egitasmoaren berri eman nizuen, eta baita WikiLiburutegiak egitasmoaren aterkipean martxan jarritako Idazlezainak izeneko ekimenaren berri ere. Donostiako liburuzainek (erakunde ezberdinetako 15 bat lagunek), Wikipediaren inguruko lantalde bat osatu dutela aipatu nizuen. Euskal idazleen eta ilustratzaileen artikuluak sortu, osatu eta eguneratzeko lantaldea da, eta neu ere zeregin horietan nabilela esan dezaket. Baina proiektuaren iturburura joko dut, nire egunerokoaren nondik norakoak azaltzeko.

Iaz, Donostia 2016 Fundazioaren eta Euskal Idazleen Elkartearen arteko hitzarmen bati esker, Haur eta Gazte Literaturaren inguruko proiektu bat jarri zen abian. Eta Donostiako Haur Liburutegia izan zen proiektu horretan aitzindaritza hartu zuena.
Iazkoa mugarri bat izan zen. 2016an, lehen euskal wikilari egoiliarra egon zen hemen, Donostiako Haur Liburuaren Dokumentaziogunean; Lore Agirrezabal izan zen, eta aurten nik hartu diot lekukoa. Euskarazko Wikipedian Haur eta Gazte Literaturarekin lotutako artikuluak sortzea, editatzea, osatzea eta eguneratzea izan da gure egitekoa. Horretarako, Haur Liburutegian bertan dagoen materiala erabili dugu: aldizkari espezializatuak, DVDak… eta baita liburuak ere, azken batean, hemen topatzen baitugu gure lan-tresna nagusia.

Zer egiten du wikilari egoiliar batek?
Wikilaria jakin-mina duen pertsona bat da; ikerlari edo kazetari moduko bat, informazioa bilatzen duena -iturri ezberdinak erabiliz-, artikuluak idatzi edo osatuko dituena, eta ondoren, ezagutza hori partekatzeko helburua duena. Nik, adibidez, kontaktuak egiten ditut: Euskal Idazleen Elkartearekin, Galtzagorri Elkartearekin, argitaletxeekin… jartzen naiz harremanetan, edo egileekin zuzenean. Zertarako? liburuen azalak, argazkiak eta ilustrazioak lizentzia askean utz ditzaten. Argitaletxe, idazle eta ilustratzaileengana jotzen dut, eta gero eta gehiago dira alderantzizko bidea egiten dutenak ere. Esan nahi dut, idazle batek, adibidez, bere Wikipediako artikulua irakurri eta zuzena ez den zerbait topatzen badu, adierazi egiten digula. Nolanahi ere, Wikipedia zer den eta nola funtzionatzen duen azaltzea garrantzitsua da. Wikipedia, komunitatean eraikitzen den entziklopedia bat da, eta ez norbere curriculuma zintzilikatzeko erakusleiho bat. Artikuluek erreferentziak behar dituzte, eta irudien baimenak ere arretaz kudeatu behar izaten dira.

Nobedade gisa, aurten, euskal idazleen ahotsen bildumatxo bat egiten ari gara. Hainbat euskal idazlerekin jarri gara harremanetan, eta hona, Donostiako Haur Liburutegira, etortzeko eskatzen zaie. Lan batzuk aukeratu zaizkie, eta lan horietako pasarteak irakurri dituzte Liburutegian. Pasarte horiek grabatu, editatu eta euskal Wikipediara igo ditugu, ondoren. Egileak bere burua aurkezten du, lehenik (minutu bat baino gutxiagoko iraupena dute audio hauek), eta aukeratutako liburuaren edo liburuen pasarteak irakurtzen dituzte, segidan. Azken hauek, minutu 1 eta 4 minutu arteko iraupena dute.
Apirilean hasi ginen grabaketekin, eta 22 euskal idazleren ahotsak jaso ditugu dagoeneko. Lotura honetan topatuko duzue orain arte grabatutako ahotsen bilduma: https://eu.wikipedia.org/wiki/Wikiproiektu:Haur_eta_Gazte_Literatura/Ekimenak

22 egileren ahotsak jaso ditugu, esan bezala: Juan Kruz Igerabide, Pako Aristi, Mariasun Landa, Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Yolanda Arrieta, Pello Añorga, Tere Irastortza, Ana Malagon, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Uxue Alberdi, Xabier Olaso, Arantxa Iturbe, Iban Zaldua, Paddy Rekalde, Beatriz Chivite, Jon Iñaki Lasa, Jesus Mari Olaizola ‘Txiliku’, Martin Bidaur eta Felipe Juaristi idazleenak, eta baita Enkarni Genua antzezlearena ere. Eta aste honetan bertan, beste bi idazleren bisita jasoko dugu: Unai Elorriaga eta Miren Agur Meabe bizkaitarrak etorriko dira gurera.

Hasieran, ez genekien zer-nolako harrera izango zuen ekimenak, baina nik uste dut idazleak, oro har, gustura daudela emaitzarekin. Gero eta multimediagoak garen honetan, euskal idazleen lanak ezagutzera emateko beste aukera bat eskaintzen dugu honela, eta ‘pilula’ moduan zintzilikatzen ditugun audio labur horiek erakargarriak direla iruditzen zait.

Honela, Wikipediako edukiak osatzeaz gain, wikilari egoiliarrak Liburutegiko baliabideak hedatzen laguntzen du, Liburutegia bera ezagutzera emanez. Horrez gain, egileen eta erakundearen arteko harremanak sendotzen ditu, eta gauza bera gertatzen da argitaletxeekin ere. Honek guztiak, azken finean, euskal Haur eta Gazte Literaturari beste proiekzio bat ematen dio; euskaraz argitaratutako liburuak eta euskal kultura, oro har, munduko plazan jartzen laguntzen du Wikipediak. Eta are gehiago, kontuan izanik, mundu mailan bisita gehien jasotzen dituzten atarien artean dagoela Wikipedia.
Horregatik, interesgarria izango litzateke beste GLAM erakunde batzuk ere -hau da, beste Galeria, Liburutegi, Artxibo edo Museo batzuk ere- gisa honetako egitasmoetan parte hartzea eta euren azpiegituretan edo egoitzetan wikilari egoiliarrak hartzea.

Adar askoko zuhaitza da Wikipedia. Konturatuko zineten honezkero. Horregatik, gaurkoan, WikiLiburutegiak egitasmoaren berri emango dizuegu. 2015eko udazkenean sortu zen, eta Donostiako Udal Liburutegiko Haur Liburuaren Dokumentaziogunearen, Donostia 2016 Fundazioaren, Euskal Idazleen ElkartearenEuskal Herriko Unibertsitatearen eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen (oh.: EWKE, elkarte gisa, 2016ko urtarrilean sortu zen) eskutik abiarazitako egitasmoa da. Proiektuaren helburuen artean daude euskal idazleen artikuluak sortu, osatu eta eguneratzea; Haur eta Gazte Literaturaren edukiak zabaltzea; Donostiako Haur Liburuaren Dokumentaziogunearen bilduma ezagutzera ematea eta alfabetizazio digitala sustatzea; eta Wikipedia ikasleen artean zabaltzea eta ikasle horiek edukien sortzaile bihurtzea. Izan ere, Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasle Eskolako ikasleek ere proiektuan parte hartzen dute. Baina… goazen banan-banan.

Gehiago irakurri