Euskaraldiaren ospakizunekin bat eginez Idazlezainak egitasmoak ekitaldi berezi bat prestatu du azaroak 26an, 18:30ean Victoria Eugenia Cluben. Donostiako liburuzainek osatutako Literatura unibertsaleko 54 autore liburua aurkeztuko da bertan eta jarraian William Shakespeareren Zeru horren infernuak liburuan oinarritutako errezitaldi musikatua eskainiko dute Joxan Goikoetxea, Olatz Prat eta Iosune Marínek. Errezitatzaile gonbidatu gisa parte hartuko dute baita Juan Garzia, Arantza Urkia eta Aritz Brantonek. Ekitaldia irekia izango eta gonbidapenak antzokiko leihatilan eskuratu ahal izango dira 26an bertan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Idazlezainak hitz-joko bat da. Liburuzain liburuak “zaintzen” dituen pertsona da. Baina liburuzainaren lana ez da bakarrik liburuak zaintzea, sortzaileak zaintzea ere bada. Idazlezainak taldeak Wikipedian egiten du hori, sortzaileei buruzko artikuluak idatziz, sarrera horiek gaurkotuta mantenduz eta ahalik eta baliabide gehien eskainiz. 2018ko erronka edo eginkizuna literatura unibertsala izan da. Euskal Wikipediako Hezkuntza Egitasmoarekin bat eginez ari dira Idazlezainak literatura unibertsaleko egileen artikuluak lantzen. Helburua da 12-16 urteko ikasleek Wikipedian kalitatezko artikuluak euskaraz topatzea. Guztira 54 autoreen artikuluak landu dira dagoeneko eta horretarako EIZIEk egindako Literatura Unibertsala bilduma hartu da oinarri. Aurten egindakoa liburu batean jaso eta Literatura unibertsaleko 54 autore ondu dute liburuzainek.

2018an landutako artikuluekin ateratako liburua

 

Egitasmoaren oinarrian, kultura erakundeen arteko elkarlana dago: Donostia Kulturarekin batera Euskal Wikilarien Kultura Elkartea, Euskal Idazleen Elkartea eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea ari dira lanean. Horrela gauzatzen ari da Wikiliburutegiak proiektuaren helburua: liburutegiak gordetzen dituzten funtsak ezagutaraztea eta, batez ere, liburuzainen lantaldea sortzea Wikipedian edukiak editatzeko eta beste hizkuntzetan daudenak euskaratzeko. Donostiako Udal Liburutegien Sareko liburuzainekin batera, Koldo Mitxelena Liburutegiko liburuzainak eta HABE Liburutegiko liburuzainak ari dira lanean.

Donostiako Idazlezainak Wikipedian trebatzen. Literatura Unibertsaleko egileei buruzko artikuluak sortzeko prestatzen. Argazkia: Iurre Telleria, cc-by-sa

Idazlezainak hurbilagotik ezagutu edo eta errezitaldiaz gozatu nahi duenak, ez galdu asteleheneko hitzordua.

 

Donostiako Literaktum jaialdiaren baitan eta hirugarren urtez jarraian, Wikipedia lantegia egingo dugu aurten ere: jaialdian parte hartzen ari diren sortzaileei eta hauen obrei buruzko artikuluak sortzeko, hobetzeko eta gaurkotzeko. Azaroak 21ean izango da, asteazkena, 17:30-19:30 artean, Donostiako Alde Zaharreko Haur Liburutegian.

Lantegiari buruzko informazio zehatza Wikiproiektuan bertan topatuko duzue. Aurrez izena ematea ez da beharrezkoa baina bai komenigarria (Wikiproiektuan bertan edo kulturekintza@donostia.eus helbidera idatzita). Norbere ordenagailua eramatea komeni da baita.

Literatur zalea baldin bazara eta Wikipedian editatzen baldin badakizu edo ikasteko gogoz bazaude, apuntatu ondo hitzordua!

  • Non? Donostiako Haur Liburutegian
  • Noiz? Azaroak 21, asteazkena, 17:30-19:30 artean
  • Zer? Literaturari buruzko Wikilantegia

Irailean jokatu zen Wiki Loves Monuments argazki lehiaketa eta datu orokor ikaragarriak utzi dizkigu: 64 herrialdek parte hartu dute aurten eta guztien artean 249.683 argazki berri igo dituzte Commons-era. Monumentu eta ondarearen inguruko argazki libreak guztiak, Wikipedia zein beste edozein lekutan libreki erabili ahal izateko. Euskal Herrian bigarren aldiz parte hartu dugu eta aurreko urteko marka hautsiz, 24 argazkilarik bidalitako 859 argazki jaso ditugu. Ekarpen ederra.

EWKE elkarteak izendatutako epaileak lanean aritu dira bidalitako argazkien aukeraketa egiten. Besteak beste, ondoko kriterioak erabili dituzte argazkiak apartatzeko orduan: kalitate teknikoa; originaltasuna; eta, argazkiaren erabilgarritasuna Wikipedian. 10 argazki izan dira finalerako hautatuak, zuzenean nazioarteko sariketara pasako direnak. Horrez gain, Azkue Fundazioak eskainita, ondoko sariak banatu ditugu:

  • Euskal Herriko argazkirik onena: Ebaki lankidearen Gasteizko Bataila birsortzea. Berak eramango du, Parrot Mambo Fly drona.
Euskal Herriko argazkirik onena (2018): Gasteizko bataila birsortzea. Egilea: Ebaki
  • Bizkaiko argazkirik onena: Igerrak lankidearen Itsas Gane Igerrak. Berarentzat izango da Hero Session waterproof Go-proa.
Bizkaiko argazkirik onena (2018): Itsas Gane Igerrak. Egilea: Igerrak
  • Bilboko argazkirik onena: Ebaki lankidearen Grandes Molinos Vascos. Berarentzat Telefonoarekin argazki eta bideoak egiteko produktu sorta.
Bilboko argazkirik onena (2018): Grandes Molinos Vascos. Egilea: Ebaki

Gainerako argazki finalistak, nazioarteko lehiaketara pasako direnak, hauek izan dira:

Bilar – Sorginaren Txabola- . Egilea: TheKlan

 

Narros jauregia eta olatuak -bodyboard. Egilea: TheKlan

 

Gernika – Jai-Alai frontoia. Egilea: Ebaki

 

Azpiegitura hidraulikoa. Egilea: Igerrak

 

Laudio – Ugarte dorretxea. Egilea: Ebaki

 

Abaroa jauregia edurrez. Egilea: Gara2lla

 

Oñati – Sancti Spiritus Unibertsitatea. Egilea: Ondare Lagunak

 

Lehiaketara aurkeztu diren argazki guztiak ikusteko:

https://commons.wikimedia.org/wiki/Category:Images_from_Wiki_Loves_Monuments_2018_in_the_Basque_Country

Amaitzeko, garrantzitsuena: gure ondarearen testigantza jasotzen duten argazki berri mordoa daukagu hemendik aurrera, Wikipedian edo beste edozein egitasmotan erabiltzeko.

 

  • Oharra: Artikuluan txertatu ditugun argazkiak, sariketan parte hartu duten guztiak bezala, CC-BY-SA 4.0 lizentziapean daude.

Irailarekin batera martxan da Wiki Loves Monuments, mundu-mailako argazki lehiaketarik handiena. 2010ean abiatu zen ekimen honen helburua, monumentu eta ondarearen inguruko argazki libreak jasotzea da, Wikipedia zein beste edozein gunetan libreki erabili ahal izateko.

Iaz ospatu genuen lehen aldiz Euskal Herrian, eta aurten hiru erronka jarri ditugu, hiru sari ezberdinekin.

  • Edizio lehiaketa: 2018an zehar, hilabetero, edizio-lehiaketa ezberdin bat egiten ari gara. Irailean, WikiLovesMonuments lehiaketarekin bat egin eta  Gizateriaren Ondarea da hautatu dugun gaia. Munduko edozein ondareri buruzko artikuluak sortu edo hobetu daitezke. Zerrenda bat ere badaukagu, premia handia duten artikuluekin. Puntuazioa berbera da guztientzat, zerrendako ondarea ondo egotea garrantzitsua da euskal Wikipediaren irakurleentzat. Sariak liburu sorta ezberdinak izango dira, liburu ederrak, zinez.
  • Argazki lehiaketa: mundu-mailako argazki lehiaketan parte hartuko dugu guk ere. Euskal Herrian babestuta dauden eraikin eta ondasunen zerrenda eguneratu dugu 6000 elementu baino gehiagorekin. Horietako asko eta askok ez daukate oraindik argazkirik. Zerrenda guztiak hemen daude. Argazki lehiaketan hiru sari ditugu, Azkue Fundazioak eskainita: Euskal Herriko argazkirik onenari Parrot Mambo Fly drona; Bizkaiko argazkirik onenari Hero Session waterproof Go-proa eta Bilboko argazkirik onenari: Telefonoarekin argazki eta bideoak egiteko produktu sorta.
  • Donejakue bidea Euskal Herrian lehiaketa: Donejakue bideko kultura ondasunen zerrendak atera ditugu eta horiei buruzko artikuluak sustatu nahi ditugu. Lehen puntuko edizio-lehiaketarekin bat egiten du, Donejakue bidea Gizateraren Ondare izendatua dagoelako  eta hilabeteko lehiaketan gai honi buruz egiten diren artikuluak kontabilizatuko dira. Koldo Mitxelena Kulturguneak 10 liburu eder  eskaini ditu lehiaketa honetan parte hartzen duzuenentzat.

Irailaren 1etik 30era egongo da tartea parte-hartzeko eta helbide honetan duzue horretarako behar den informazio guztia: https://eu.wikipedia.org/wiki/Wikipedia:WikiLovesMonuments_2018

Argazkiak igo, artikuluak idatzi… animatu eta parte hartu! Ea lortzen dugun

gure herri(eta)ko ondasunak hobeto agertzea Wikipedian.

Euskal Herriko argazkirik onena (2017): Egunsentia Gaztelugatxen.jpg Egilea: Ebaki

Bigarren urtez jarraian, UEUren udako ikastaroen baitan,  Wikimedia lantegia antolatu dugu UEU, ALDEE, Hirikilabs eta EWKE elkarteek lankidetzan, . Egun osoko jardunaldi hau ekainak 26an izango da Tabakalerako Hirikilabs laborategian. Goizean zehar hitzaldi eta lantegiak izango dira eta arratsaldez ikasitakoa praktikan jartzeko tartea izango dugu.

Aurtengo saioaren nobedade nagusiak Wikiteka eta Txikipedia egitasmoak izango dira. Wikiteka, lehen eskuko iturriak biltzen dituen liburutegi librea da. Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetan dihardutenentzat bereziki interesgarria fondoak bistaratu eta publiko orokorraren esku uzteko. Txikipedia berriz, 8-13 urte bitartekoentzako euskal entziklopedia da, Wikipediaren anaia txikia. Bigarren hezkuntzako ikasleekin lantzeko egokiagoa.

Aurrekoez gain, Wikipedian sakontzeko tailer teknikoak ere antolatu ditugu. Irudi bektorialen lanketa, Wikipediarako bot-ak eta txantiloi automatikoak landuko dira horietan.

Arratsaldez, saio praktikoa burutuko dugu: bertsopaperen eskuizkribuetatik abiatu eta horiek digitalizatu, transkribatu eta Wikimedian jarriko ditugu edonoren eskura. Txirritaren esana geure eginez, gure egileen aipamenak izan daitezen beste laurogei urtian.

Lantegia doakoa da baina aurrez izena eman beharra dago UEUren webgunean, hemen. #ElkarEkin

 

PROGRAMA:

09:30 – 10:00 Harrera eta izen-ematea

10:00 – 11:00 Aurkezpenak:

10:00-10:30 Txikipedia: txikitik erronka

10:30-11:00 XXI. Mendeko liburuzaina: fondo gordeetatik Wikitekara

11:00-11:30 Kafea

11:30-13:30 Tailerrak

  • Txikipedia: 8-13 urte artekoentzako entziklopedia
  • Wikiteka: iturriak bertso-paperentzat
  • Tailer teknikoak
    • Irudi bektorialen (SVG) lanketa
    • Bot-ak eta txantiloi automatikoak

BAZKARIA

15:00 – 18:30 Editatoia eta hackathoia.
Bertsopaperak digitalizatu, Wikitekara igo, argazkiak jarri, artikuluak editatu, informazioa ustiatzeko metodoak baliatu… eta bururatuko zaiguna!

Txikipedia-editatoia: 8-13 urte arteko gaztetxoentzako edukia egokitzen eta sortzen.

18:30 – 19:00 Balorazioa eta aurrera begirakoak.
Emaitzen berri eman elkarri eta balorazio orokorra egin. Wikipedian lanean jarraitzeko gonbidapena eta aurrera begirako proiektuak lotzeko aukera.

Apirila eta maiatza artean, Antigua-Luberri BHIko ikasle talde bat Luberripedia egitasmoan aritu da, Donostiako Antigua auzoari buruzko edukiak sortuz eta Wikipedian zabalduz.

Egitasmoak helburu bikoitza izan du:

  • Wikipediaren funtzionamendua erakutsi eta ikasleak edizioan trebatzea.
  • Auzoari buruzko informazioarekin Wikipedia aberastea.

Tarte horretan, 7 artikulu berri sortu dituzte eta beste 11 osatu eta eguneratu. Horrela, Jakintza Musika Eskola, Txantxarreka gaztetxea, Txorroskilo musika-taldea edo Aizkorri kaleari buruzko artikulu berriak topatu genitzake orain euskal Wikipedian.

Batxilergoko 22 ikasle aritu dira wikilari gisa, Informatika ikasgaiaren baitan Alain Urizar irakasleak gidatuta. Bi orduko formazio-saioa jaso eta handik aurrerakoak beren kasa landu dituzte: gaia aukeratu, erreferentziak bildu, argazkiak atera eta Commons-era igo, txantiloiak txertatu… denetarik!

Wikiproiektuaren berri zehatza eta landutako artikuluak ondoko estekan topatuko dituzue:

https://eu.wikipedia.org/wiki/Wikiproiektu:Luberripedia

Lehenbiziko urtea izanda, esperientzia positiboa izan da oso eta hurrengo urtean jarraipena izango duela espero dugu.

Etorkizuneko wikilariak hemen dira!

Uliako Auzo Elkartearen eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen arteko lankidetzari esker, wiki-liburu bat aurkeztu dugu gaur Donostian.  Uliako Mintegietako parkeari buruzkoa da liburua, eta bertako txori, zuhaitz eta landareak jasotzen ditu. Mundu mailako Wikimedia erakundearen laguntzari esker lortu da liburua argitaratzea eta Donostiako udal liburutegiei 14 ale oparitu zaizkie.

Uliako Mintegietako parkea oso aberatsa da: 40 espezie zuhaitz eta 40 espezie txori bizi dira hor. Euskal Wikipediak eta Uliako Auzo-Elkarteak lankidetzan eta 2015eko azaroan hasita parkeko espezie horientzako artikuluak osatu genituen. Gainera parkeko 165 argazki igo ditugu Wikipedian erabili ahal izateko.

Parkeko txori, zuhaitz eta landare guztiak orain erraz kontsultatu daitezke, baita QR kodeen bidez parkean bertan telefonoaren bidez ere (2016ko maiatzetik hori). Egindako ahalegin handi horrek saria jaso du orain: artikulu guztiak liburu batean jaso ditugu, egindako lanaren erakusgarri.

Mundu mailan Wikipedia kudeatzen duen Wikimedia erakundeak diru-laguntza eman du proiektu honetan erabili den metodologia eredugarria gizartean zabaltzeko. Egin dugun lana zabaldu nahi dugu, antzeko egitasmoak sortu daitezen. Wikimediak eman duen diru-laguntzari esker Donostiako 14 liburutegiei oparitzen diegu egindako lana hiritarren artean hobeto zabaltzeko.

Helburu bikoitza lortu dugu proiektu honetan:

  1. Euskarazko Wikipedian 90 artikulu sortu edo osatu ditugu.

  2. Ia 400 orrialde dituen liburu dotore bat argitaratu dugu parkearen natur aberastasuna ondo ilustratzen duena. Ederra da liburua. 89 artikulu biltzen ditu 362 orrialdetan.

Liburuan hutsunerik nabaritzen baduzu… zuzendu edo osatu Wikipediako artikulu horiek. Eta horrela, geroago, liburuaren bertsio berri hobe bat egin ahal izango dugu!

Ezin ditugu aipatu gabe utzi liburua egin ahal izateko parte hartze nabarmena izan duten elkarteak eta pertsonak:

  1. Wikimedia,

  2. Euskal Wikilarien Kultur Elkartea

  3. Uliako Auzo Elkartea,

  4. Donostiako udal liburutegiak, proiektuan sinistu zutelako eta eskaera egin zutelako

  5. Uliako Lorebaratzak, hackathoia antolatzen lagundu zutelako

  6. SEO birds Donostia, pareko hegaztiak zeintzuk ziren aztertu zutelako

  7. Antton Larretxao, parkeko arima eta ur biltegien zaindaria delako.

Liburua ikusi eta pdf-an deskargatuz nahi izanez gero, sakatu hemen.

PediaPress bitartez ale bat(zuk) eskatu nahi izanez gero, hemen.

Liburua argitaratu dugu baina Wikiproiektuak bizirik jarraitzen du, eguneratu eta osatzen lagun dezakezu: Uliako mintegietako Parkea.

Liburuaren azalean Erregetxo txoria jarri dugu (asfalto gainean). SEO-BIrds-Donostiako elkartekoek horrela esaten baitigute: “Aipagarria da Erregetxo bekainzuria, guretzat parkeko enblematzat, parkeko ikurtzat hartu beharko zena; bera txikia, bitxia eta geldiezina baita, Uliako Mintegi/Lorategia den bezalakoxea.”

Euskararen Egunaren ospakizunekin bat eginez, Idazlezainak egitasmoa jendaurrean erakusteko ekitaldi berezi bat egingo da abenduaren 4an 19:00etan Donostian, Victoria Eugenia Club aretoan. Ana Malagon eta Iban Zaldua idazleek hitzaldi solasaldi bat egingo dute literatura, bibliotekak eta Internet gaien inguruan. Wikiliburutegiak proiektuaren erakusketa interaktiboa ere aurkeztuko da. Erakusketa ibiltari hau Durangoko azokan egongo da datorren abenduaren 8an Kabi@ gunean eta 2018an kultur etxeetan eta liburutegietan ibiliko da. Azkenik, Donostiako liburuzainek egindako lanaren ekarpena azalduko dute. Ekitaldi irekia izango da, baina Victoria Eugeniako leihatilan jaso behar dira gonbidapenak egunean bertan arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Idazlezain taldea asteroko lansaioari ekin aurretik

Euskal idazleei buruzko artikuluak sortzea, gaurkotzea, hobetzea eta ahalik eta hizkuntza gehienetara itzultzea da Idazlezainak proiektuaren xedea. Liburutegiek, zerbitzu publiko gisa, tokiko egileak (idazleak, ilustratzaileak, artistak…) babesteko eta sustatzeko bokazioa dute, haiek baitira gertaera literarioen muina eta iturburua. Egitasmo honetan, liburuzainek, liburuak zaintzeaz gain, idazleak ere zaintzen dituzte Wikipedian, haien artikuluak sortuz, gaurkotuta mantenduz eta ahalik eta hizkuntza gehienetan eskainiz.

Egitasmo honetan Donostia Kulturarekin batera Euskal Wikilarien Kultura Elkartea eta Euskal Idazleen Elkartea ibili dira. Edukien sorrerari dagokionez, Donostia Kulturako liburuzainak, Koldo Mitxelena Liburutegiko liburuzainak eta HABEko liburuzainak elkarlanean aritu dira.

Donostian ospatzen den Literaktum jaialdiak, literaturara hurbiltzeko modu ezberdinak proposatzen ditu: liburuak irakurriz, egileak ezagutuz, eztabaidetan parte hartuz… eta orain, baita Wikipediaren bitartez ere, sortzaileei eta hauen obrei buruzko artikuluak sortuz eta hobetuz. Azaroak 23an, Literaktum jaialdira etorriko diren idazleak Wikipedian sartzeko lantegia antolatuko da: nola egiten den ikasi nahi baduzu, zatoz Wikilantegira!

Literaktum, Donostia Kulturak literaturaren inguruan antolatzen duen jaialdia da. 2005ean izan zen lehen edizioa, beraz, 2017ko hau 13. edizioa izango da. Aurtengo gai nagusiak honakoak izango dira: Nobela eta historiaren arteko harremana, utopiaren indarra -eta haren itzal distopikoak- eta liburu ilustratua. Horien inguruan programa zabala antolatu da. Erronka berriei aurre egiteko asmoz, kolaboratzaile berriak bildu dira jaialdira, eta horien artean, bigarrenez, euskarazko Wikipedia.

Wikipediaren bitartez, Literaktum jaialdira etorriko diren egileak eta hauen idazlanak hobeto ezagutzeko modua proposatu nahi dizuegu. Nola? Artikuluak sortuz, hobetuz eta gaurkotuz.
Azaroak 23an, asteazkena, egingo dugu hori, 17:30-20:00 artean, Donostiako Alde Zaharreko Haur Liburutegian.

2016ko Literaktum Wikilantegia
James Rhodes musikari eta idazlea
2017ko Literaktum jaialdiaren kartela

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Wikilantegiari buruzko informazio zehatza Wikiproiektuan bertan topatuko duzue. Aurrez izena ematea ez da beharrezkoa baina bai komenigarria.

Literatur zalea baldin bazara eta Wikipedian editatzen baldin badakizu edo ikasteko gogoz bazaude, apuntatu ondo hitzordua!

  • Non? Donostiako Haur Liburutegian
  • Noiz? Azaroak 23, osteguna, 17:30-20:00 artean
  • Zer? Literaturari buruzko Wikilantegia

Azaroak 15ean, 948 Merkatua Wikilantegia egingo dugu Iruñean. Nafarroako arteen merkatuaren lehen edizioan, Wikilari bolondres talde bat arituko da diziplina artistiko ezberdinetako eragile eta elkarteei buruzko informazioa Wikipediaratzen.

Wikipedia entziklopedia askea eta kolaboratiboa da. Idazteko prest dagoen edonork, arau batzuk beteta, editatu dezake bertan. Wikilantegi edo edizio lantegiak (edit-a-thon gisa ere ezagunak), Wikilarien topaguneak dira. Gai jakin bat aitzakia gisa hartuta, auzolanean gai horri buruzko artikuluak sortu eta osatzeko topaketak. Wikipedian inoiz aritu ez den jendearentzako tailerrak ere eskaini ohi dira sarri, eta hala, mundutxo hontara hurbiltzeko aukera eskaintzen dute.

948 Merkatua, Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak aurten lehenbiziko aldiz antolatu duen Nafarroako arteen merkatua da. Iruñean egingo da azaroaren 15 eta 16an. Arteen feria honek bi helburu nagusi ditu: batetik, Nafarroako kultura-arloko ekoizpena erakustea eta, bestetik, kultura-arloko profesional eta eragileak elkartzeko gunea izatea. Diziplina artistiko guztiak daukate kabida bertan: zinema eta telebista, arte eszenikoak, arte plastikoak, musika, disko, liburu eta beste euskarrien argitalpena, eta kultura-eta sormen-industria berriak, esaterako, diseinu digitala, ehun-eta moda diseinua, arkitektura, ingeniaritza edota lanbide berriak.

Indarrak bildu eta 948 Merkatua eta EWKEren arteko lankidetzan, lantegi ireki bat antolatu dugu Iruñeako Baluarte jauregian azaroak 15ean. Horrela, arratsalde oso batez, jaialdian parte hartuko duten artista eta kultur eragileei buruzko artikuluak sortzen eta eguneratzen arituko gara Wikipedian. Baita argazkiak atera eta horiek Commons multimedia biltegira igotzen ere. Edizio lanetan aurrerapausoa emateaz gain, sektoreko eragileen artean lizentzia libreei buruzko ezagutza sustatu eta eredu ezberdinei buruzko eztabaida sortzea ere lortu nahi genuke.

Egilea:Mgoni4

Lantegian parte hartzeko ez da beharrezkoa aurretik Wikipedian esperientzia izatea. Hori egunean bertan ere ikas liteke monitore batzuen laguntzarekin. Ezinbestekoak kulturarekiko jakin-mina eta parte hartzeko gogoa dira. Hori bai, ahal dela, ordenagailua eramatea komeni da.

Lantegiari buruzko informazio zehatza Wikiproiektuan bertan topatuko duzue. Aurrez izena ematea ez da beharrezkoa baina bai komenigarria.

Kultura zale, Wikilari eta gainerako interesatuak, gonbidatuak zaudete!

  • Non? Iruñeako Baluarte jauregian
  • Noiz? Azaroak 15, arratsaldez (ordutegia Wikiproiektuan kontsultatu)
  • Zer? Nafarroako sortzaile eta kultur eragileak Wikipediaratzeko lantegia