Joan zen astean Ikusgela proiektuaren berri eman genizuen, bideo pedagogiko libreekin Wikipedia elikatzeko helburu duen lana. Proiektu hori garatzen ari ginela matematika, fisika eta kimikako bideo praktikoak garatzeko proposamena jaso genuen. Bideoak berriro egin baino, Jakindun elkartearekin jarri ginen harremanetan, gai horiei buruzko ia 400 bideo sarean jada dituen ekimena. Euren bideoak askatzeko akordioa lortu dugu, eta euren YouTube kanalean izateaz gain, dagoeneko euskarazko Wikipediako hamarnaka artikulu osatzen ikus ditzakezue.

Bideo pedagogikoen beharra

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak bideo pedagogikoen beharrean sakondu du azken hilabeteotan. Hortik jaio da, besteak beste, Ikusgela proiektua. Hala ere, proiektua garatzen ari ginela, hainbat adituk aipatu ziguten matematika, fisika eta kimikako ariketen azalpenak eskaintzen dituzten bideoak beharrezkoak direla euskaraz. Horrelako bideoak maiz kontsultatzen dituzte ikasleek, baina euskarazko eskaintza ez da aurkitzen erraza. Ikusgelak bideoak bestelako moldekoak zituela ikusita, esparru honetan egindakoa zer den aztertzen hasi ginen, eta laster aurkitu genuen aukera: Jakindun elkarteak garatutako ehunka bideoak.

Eurekin harremanetan jarri ginen, eta bideo horiek lizentzia librearekin uzteko aukerak aztertu genituen. Wikipedian txertatzea guztiontzat aukera ona zela ikusita, bideo guztiak igotzeko prozesuarekin hasi ginen ostean.

Bideoak artikuluetan txertatzea

Bi bideo mota egiten ditu Jakindunek. Alde batetik, gai baten azalpena eskaintzen duten bideoak daude, teoriaren ikuspegitik. Bideo hauek artikuluen goiko aldean txertatzea da egokiena, azalpen orokor bat eskaintzen dutelako. Horren adibide bat duzue “berreketa” artikuluan.

Bestetik, bideoen gehiengoa dugu, ariketa zehatzak ebazten ikasteko balio dutenak. Finean, matematika, fisika eta kimikan ohikoa da azterketak ariketak izatea, eta ez hainbeste teoria. Horregatik, bideo horiekin atal berezia egin dugu. “Berreketak” artikuluan dugu ere adibide bat, behean dagoen “Ariketak” atalarekin:

Bideoa duten artikuluak identifikatzea

Jakindunen bideoak dituzten artikuluak identifikatzeko bi sistema ere ezarri ditugu. Alde batetik, bideo bakoitzaren azpian kategoria bati lotura dago: “Jakindunen bideoak dituzten artikuluak“. Bertan kontsulta daitezke bideoa duten guztiak.

Bestetik, Hezkuntza Atarian ere artikulu bakoitzaren aurrean ikono bat jarri dugu, ariketak dituela argiago gera dadin: