Julio Ruiz de Alda Mikeleitz (Lizarra, Nafarroa, 1897ko urriaren 7a – Madril, Espainia, 1936ko abuztuaren 23a) hegazkinlaria, militarra eta politikari falangista izan zen. 1926an Ozeano Atlantikoa zeharkatu zuen espainiar hidrohegazkin batean, eta hurrengo urtean Nafarroako argazkiak egiteari ekin zion, airetik. Honela, 1927 eta 1931 artean ia Nafarroa Garaia osoa zeharkatu zuen, eta milaka argazki egin zituen. 2019an Nafarroako Gobernuak argazki horiek digitalizatu eta eskuragarri jarri zituen, eta euren bisore espazialarekin ere azter daitezke.

2021ean, Euskarabideak EWKEri emandako diru-laguntzari esker argazki hauek jaitsi, geokokapena eskuratu eta Wikimedia Commonsera igotzeko bidean utzi genituen. Arazo teknikoak izan ziren, ordea, argazkiak masiboki igotzeko erabiltzen den Pattypan tresnak akats bat baitzuen. Baina jada konpondu da arazo hori eta azken egunotan argazki horiek igotzen aritu gara.

1.511 dira igotako argazkiak. Nafarroako gune askotan egindako argazkiak dira, ez baitzuen lortu lurralde osoari argazkiak egitea. Nafarroa Espainiako Bigarren Errepublikaren aurretik nolakoa zen ikusteko aukera ematen digu, Tafalla hegoaldeko Erriberako herri gutxi batzuk izan ezik. Argazkiak kalitate oso handikoak dira, eta ez dago horrelako beste bilduma zaharrik.

Argazkiak geokokaturik daudenez, mapa bidez ere aztertu daitezke, Nafarroako Gobernuaren bisore espazialak eskaintzen duen aukeran bezala. Mapara sar zaitezke helbide honetan: https://wikimap.toolforge.org/?cat=Orthophotos_by_Julio_Ruiz_de_Alda eta bakoitzaren gainean klikatuz argazkia ikusi. Argazki hauek moztu daitezke, eta behar den artikuluetan erabili. Eta, noski, informazioa gehi dakieke, bertan agertzen diren eraikin, etxe eta abarrekin. Honek, argazki horiek hobeto ezagutzeko aukera emango digu, kasu honetan egin dugun bezala:

Iruñea 1927an. Gutxi dira Alde Zaharra eta Lehen Zabalgunearen kanpo dauden eraikinak.

Argazkiak hurbilduz gero, ikus daiteke landa eremuak hartzen zuen hedapena, zenbat larrain zeuden herrietan, edo abere aziendarekin mendira joateko bideak nola agertzen diren.

Larrainak Etxarri Aranazko iparraldean eta hegoaldean.

Gonbidatzen zaitugu, beraz, argazkiak bisitatzera, maparen edo kategoriaren bidez. Eta, zerbait interesgarria aurkitzen baduzu, irudi hori berrerabiltzera. Azken finean, domeinu publikoan dagoen altxorra da hau, guztiok berrerabiltzeko moduan.