Wikipedia oso baliabide lagungarria da giza-zientzietan ikertzeko. Pertsona baten edo kontzeptu baten garrantzi soziala neurtzeko tresnak eskaintzen dizkigu Wikipediak. Pageviews web-zerbitzua erabiliz aztertu dezakegu “nonbait” gizarteak pertsona edo kontzeptu bati edo batzuei ematen dien garrantzia.
Bide horretan posiblea da Wikipedian galdera hauek egitea:

  • Zenbat aldiz kontsultatzen da artikulu bat egunero?
  • Zenbat hizkuntzatako wikipediatan dago artikulu hori? 
  • Noiz izan dira kontsulta asko?
  • Egon al da egunen bat ez ohiko kontsulta kopuru ikaragarri batekin?
  • Wikipedian dauden N pertsona emanda, zeinek hartzen ditu bisita gehien?
  • Informatikaria naiz, jaso ditzaket bisitei buruzko datu horiek?

Adibidez, azken-aurreko galdera “konpleto-konpleto” hori azalduko dugu. Txillardegi hil zela 10. urteurrena da orain. Donostiarekin eta euskal kulturarekin lotura estua izan duten “erraldoi” batzuk aukeratu ditugu: Bilintx, Koldo Mitxelena, Jose Gonzalo Zulaika, Ibon Sarasola, Karlos Santamaria, Elbira Zipitria, Arantxa Urretabizkaia, Miren Azkarate, Katalina Eleizegi eta Txillardegi.

Galderak: Hamar erraldoi horien artean zeinek hartu ditu kontsulta gehien Wikipedian? Egon al da egunen bat ez ohiko kontsulta kopuru ikaragarri batekin?
Erantzunak: URL honetan aurkituko ditugu:

https://pageviews.toolforge.org/?project=eu.wikipedia.org&platform=all-access&agent=user&redirects=0&range=all-time&pages=Txillardegi|Koldo_Mitxelena|Bilintx|Ibon_Sarasola|Karlos_Santamaria|Jose_Gonzalo_Zulaika|Elbira_Zipitria|Miren_Azkarate|Katalina_Eleizegi|Arantxa_Urretabizkaia

Zenbat bisita egun bakoitzean?

Grafiko bat eta taula bat ikusiko ditugu Pageviews webgune horretan.

Batetik grafiko batean ikusten dugu azken sei urteotan egun bakoitzean zenbat kontsulta egon diren pertsona bakoitzeko:
(data-tarte txikiago bat aukera dezakezue, esaterako, hilabete bat detailean ikusteko)

Egon al da egunen bat ez ohiko kontsulta kopuru ikaragarri batekin?

Ariketak: Grafiko hori ikusita, ikertu ezazu zer gertatu zen grafiko horretako gailur bortitzetan?

  • Zer gertatu zen 2019ko martxo-apilrilean Txillardegirekin?
  • 2021eko urtarrilaren 12an?
  • 2015eko abuztuaren 20an Mitxelenarekin?
  • 2017ko irailaren 21ean Elbira Zipitriarekin?
  • Eta 2016ko azaroaren 23an BIlintxekin? Hori zailagoa da azaltzeko. Ea baten batek asmatzen duen.

Zeinek hartzen ditu bisita gehien?

Pageviewko galdera horrek taula bat erakusten digu gero, beherago, pertsona bakoitzaren datu orokorrak aurkezteko (guztira zenbat kontsulta, eguneko zenbat kontsulta batez beste, artikuluaren tamaina, zenbat editorek parte hartu duten…). Hemen ikusten da taula hori:

Txillardegiren artikulua da ikustaldi gehien jaso dituena (30.888 bisita), oso nabarmen da hori; sei urtez, batez beste 13 bisita izan ditu egunero. Artikulu osatuena ere bada (52.2274 karaktere), eta artikulua osatzen parte hartu duten “editore” kopurua altuena ere baditu (41 wikilari).

Zenbat hizkuntzatako wikipediatan dago artikulu hori?

Taula horretako azken zutabean “Hizkuntza guztiak” esteka bat azaltzen da pertsona bakoitzeko. Esteka horretan klik eginez gero euskarazko Wikipedian bakarrik ez, beste hizkuntzatan zenbat kontsulta egon diren ikusi ahal izango dugu.

Txillardegiren artikulua Wikipediako 17 hizkuntzatan agertzen da: espainiera, english, euskara, francais, japoniera, catalá, ga (irlandako gaelikoa, Gaeilge),  nl (Nederlands), finlandiera (Suomi), et (Eesti, estoniera), gl (Galego, galiziera), simple (ingeles erraza), cy (Cymraeg, galesa), no (norvegiera, Norsk bokmål), bretoiera (Brezhoneg), hr (Hrvatski, kroaziera), sh (Srpskohrvatski / српскохрватски, serbo-kroaziera).

Harrigarria bada ere kontsulta gehiago agertzen dira espainieraz (egunero 36 bisita) eta ingelesez (eguneko 16 bisita)  euskaraz baino (eguneko 13 bisita). Guztira 174,679 bisita jaso du artikuluak hizkuntza guztietakoak batuta, eguneko 73 bisita. Horien artean euskarazkoak 30.839 baino ez dira izan. Pena, euskaldun askok oraindik erdaraz konfiguratuta dauka internet nabigatzailea (ikus lehenhitza.eus).


Bilintx-en artikulua lau hizkuntzatan dago (es, eu, en, ca), eta eguneko 25 bisita ditu (11 euskaraz eta 13 espainieraz).

Elbira Zipitriaren artikulua 5 hizkuntzatan dago (es, eu, en, ca, ru), eta eguneko 14 bisita ditu (7 euskaraz eta 6 espainieraz).

Arantza Urretabizkaiaren artikulua 14 hizkuntzatan dago (es, eu, en, ca, ru…), eta eguneko 30 bisita ditu (17 espainieraz, 7 euskaraz, 3 errusieraz …).

Koldo Mitxelenaren artikulua 13 hizkuntzatan dago (es, en, eu, fr, ru, ja, ca, gl, sv, uk, oc, el, eta arz), eta eguneko 57 bisita jasotzen ditu batez beste (6 euskaraz, 8 ingelesez eta 39 espainieraz).

Miren Azkarateren artikulua 6 hizkuntzatan dago (es, eu, en, fr, ca, de), eta eguneko 7 bisita ditu (3 espainieraz, 3 euskaraz, 1 frantsesez…).

Aita Donostia 8 hizkuntzatan dago (20 bisita eguneko), Ibon Sarasola 5 hizkuntzatan dago (5 bisita eguneko), eta harrigarria dena, Karlos Santamaria euskaraz eta frantsesez bakarrik dago.

Esperimentatu, jolastu

Adibide bat baino ez da izan hemen aurkeztu duguna. Nahiko erraza da honekin esperimentatzea. Goiko adibidean (URL honetan) aldatu ze artikulu aztetu nahi duzun, eta jolastu ezazu!
Beste adibide batzuk:

Informatikaria bazara… “Jaitsi” datu guztiak 🙂

A! Eta informatikaria bazara edo programatzen moldatzen bazara… jakin ezazu grafiko eta taula horietan azaltzen diren datu guzti-guztiak kalkulu-orri batean txukun deskargatu ditzakezula. CSV edo JSON formatuetan lortu daitezke datuak. Erabil ezazu “Jaitsi” botoia.

Kulturako sei erraldoi horien (Mitxelena, Txillardegi…) bisita-kopuruak jaitsi ditzakegu egunez egun, goian aipatutako pageviews galderatik. Eta hor ikusi, adibidez, 2015eko abuztuaren 20an Mitxelenak, bere jaiotzaren urteurrenean, bisita asko jaso zituela:

Edo jaso fitxategi bat Txillardegik hizkuntza guztietan egunez-egun zenbat bisita jaso dituen aztertzeko. Ikusi beheko irudian, adibidez, 2021eko apirilaren 6an zenbat bisita egon ziren, Julen Madariaga hil zen egunean, gehien-gehienak espainierazko artikuluan, baina ingelesez, euskaraz, frantsesez, katalanez eta galegoz ere bai. Espainiako medioetan maiz aipatu zen Txillardegi egun horretan. Harrigarria da bisita gehiago jaso zirela katalanezko artikuluan, euskarazkoan baino:

Gero, zure kontura eta nahi duzun programazio-lengoaia erabilita, nahi duzun moduan aztertu ahal izango dituzu datu guzti horiek.