Aurrekoan parkean nengoen umeekin eta konturatu nintzen zuhaitzak loratzen hasi zirela. Eta niri, hanamia erromantikoa iruditzen zaidanez, jakin nahi nuen zeintzuk ziren parke horretan ikusten nituen zuhaitzak.

Seek aplikazioa ireki nuen eta laster izan nuen erantzuna. Lore arrosa argiak dituztenak gerezi-aranondoak dira (Prunus cerasifera); lore txuriak dituztenak txinako udareondoak (Pyrus calleryana). Biak dira landatutako zuhaitzak, ez dira bertakoak, baina gure parke askotan egoten diren bi landare ohiko dira.

Gaur ariketa sinple bat proposatu nahi dizuet, gure inguruan ditugun zuhaitzak hobeto ezagutzeko aukera emango diguna: zergatik ez dokumentatu gure parkean (eskolako zelaian, pasealekuan…) dauden zuhaitzak? Hiru tresna erabiliko ditut: Seek edo iNaturalist (nahiago duzuena) espezieak aurkitzeko. OpenStreetMap mapan jartzeko. Wikimedia Commons argazkiak partekatzeko.

Espezieak identifikatzea: Seek edo iNaturalist

Seek edo iNaturalist espezieak identifikatzen lagunduko diguten bi aplikazio dira. iNaturalisten biologo ugari biltzen dira, eta aukera dugu espezie horien inguruko informazio askoz gehiago lortzeko. Komunitate horrek gure identifikazioak zuzenduko ditu, zehatzago egingo ditu eta, gainera, lagunduko dugu ikerketak egiten. Adibidez, landare zehatz batzuk noiz loratzen diren ikertzen aldaketa klimatikoa iker daiteke.

Bigarren aukera Seek da. Umeentzat pentsatutako iNaturalisten tresna da. Lotu dezakegu ere gure iNaturalist kontuarekin baina, nahi ez badugu, ez du geolokalizaziorik eskaintzen. Gainera, aukera dugu errealitate areagotuarekin zuzenean espeziea identifikatzen saiatzeko.

Nik Seek ireki nuen, loreetara begira jarri kamera eta hortxe izan nuen erantzuna: txinako udareondoa lehena, gerezi-aranondoa bigarrena. Informazioa iNaturalistera ere bidali nuen, ikerketan lagungarri izan dadin.

Seek eta iNaturalist erabiltzeko argibide gehiago, eta eskolan erabiltzeko argibideak dituzue gure hezkuntza atarian: https://eu.wikipedia.org/wiki/Atari:Hezkuntza/Lehen_Hezkuntza/BioBlitz

Argazkiak Commonsera igotzea

Hau pauso sinplea da, eta askotan ahazten zaiguna mugikorrarekin argazkiak egiten ditugunean. Commons aplikazioa jaitsi, eta erraza da egiten ditugun argazkiak hor partekatzea. Nire kasuan “Trees in Zarautz” kategoria sortu dut, hor ordenatuta izateko egiten ditudan zuhaitzen argazkiak. Argazkiak igotzen, gure ingurunea hobeto ezagutzen laguntzen dugu eta ezagutza hori partekatzen dugu.

Umeekin Wikimedia Commons ezagutzeko argibideak dituzu hemen: https://eu.wikipedia.org/wiki/Atari:Hezkuntza/Lehen_Hezkuntza/Wikimedia_Commons_ezagutu

Mapagintza ariketa sinple bat: OpenStreetMap

Mapa batean zuhaitz hauek agertzea interesgarria da. Ez soilik gure ingurua hobeto ulertzen laguntzen digulako, baita ere hezkuntzan egin dezakegun ariketa bat delako.

Zarauzko mapa ireki dut OpenStreetMapen, aldatzeko aukerari eman diot eta, pixkanaka, informazioa gehitzen joan naiz. Lehenengo pausoa, lekua topatzea eta zuhaitzak non dauden ikustea da.

Aldatzeko botoiari ematen diogunean, lekua topatuko dugu. Lehen zuhaitza jarri dut, goian erdian.

Bigarren pausoa, zuhaitz hori zer den identifikatzea. Wikidata erabilita, hau oso erraza da, euskaraz ere egin baitaiteke:

Puntua gehitzeko aukerari ematea da lehenengo gauza.
Tree aukeratu (zati hau itzuli gabe dagoela ematen du)
Zuhaitza hostoerorkorra dela jarri, eta zein den espeziea gehitu behean. Gure kasuan, Txinako udareondoa.

Behin zuhaitz bat egin dugunean, kopiatuz eta pegatuz (Ctrl/⌘-C, Ctrl/⌘-V) posible izango dugu zuhaitz guztiak identifikatzea modu erraz batean.

Txinako udarondo guztiak identifkatuta.

Gainera, parkean dauden beste elementu batzuk ere jar ditzakegu, hala nola bankuak edo iturriak.

Parkean dauden zuhaitzak (gerezi-aranondoak) eta bankuak lokalizatu ditut adibide honetan.

Behin aldaketa guztiak gordeta, denbora beharko du OSMk mapa gaurkotzeko, baina ordu batzuen buruan gure aldaketa guztiak eskuragarri izango dira.

Oraindik guztiz kargatu gabeko aldaketak, mapa gaurkotu bitartean.

OSM hezkuntza erabiltzeko ideia batzuk daude hemen: https://eu.wikipedia.org/wiki/Atari:Hezkuntza/Bigarren_Hezkuntza/OpenStreetMap,_herria_mapeatu