Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen ekimen nagusietako batzuk babes ofizialarekin dabiltza martxan: Hezkuntza programa, noski, Eusko Jaurlaritzak bultzatua, edo Nafarroako Gobernuaren hitzarmenarekin bultzatutakoak. Horiez aparte. funts batzuk eskura zeudela ikusirik, 2021ean ekimen jakin batzuk bultza zitezkeela-eta, elkartekideen artean ideiak arakatu ziren 2020 amaieran, eta proiektu jakin batzuek finantziazioa eta bultzada jaso dute.

Ideiak azterturik bost proiektu abiatzea erabaki zuen urtarrilean EWKE-k, eta hiru martxan dira jada. Beste bietan, detaileak harilkatzen ari gara eragile batzuekin, eta espero dugu laster berri eman ahal izatea.

Martxan jarritakoak hauek dira:

Tolosaldepedia. Tolosari eta Tolosaldeari buruzko ezagutza handitzeko eta zabaltzeko proiektua. Dauden artikuluak hobetu, eta berriak sortzea da koxka, eta premia batzuk identifikatu dira. Lantegiak ere antolatzen ari dira, herritarrak edizioan inplikatzeko.

Wikikunde. Euskal Herriko populamendu unitate txikiak (auzuneak, kontzejuak) hobeto dokumentatzeko ahalegin bat. Errealitate aberats bat, hutsune triste bezain harritzekoa duena Wikipedian: hainbeste tokitan falta da informazioa, non proiektu honek, eskualde jakin batzuetan ahalegina kontzentratuz, kalibratu nahi duen zenbat kostatuko zen Euskal Herrian osoan zabaltzea dokumentazio-lana. Tokian tokiko pertsonekin harreman eta informazio sarea osatzea, “wikikunde” bat egitea (Joxe Aranzabali bere blogetik mailegatuz hitza), da proiektuaren funtsetako bat.

Sukaldaritza liburua. Wikipedista talde bat sukaldaritzaren inguruko liburu bat wikitzen ari dira Wikiliburuetan eta, materiala antolatuz, liburu bat argitaratuko urtearen amaieran. Agian, euskaraz dagoen sukaldaritza liburu zabalena izan liteke. Atalak izango dira: teknikak, osagaiak, prestaketak, gozogintza, hiztegia, trukoak eta aholkuak eta errezetak. Jada Wikiliburuetan lanean ari dira, eta Commons biltegian edukia gehitzen ere bai.