Hezkuntzako langileentzat mezu bat da hau. 2020-2021 ikasturtea hastear da, inoiz baino ziurgabetasun gehiagorekin. Horregatik, guk…

Lagundu nahi dugu

Lau urte dira jada Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak bere Hezkuntza Programa hasi zuela. Tarte honetan 3.000 ikasle baino gehiagok 4 milioi hitz baino gehiago gehitu dituzte Euskarazko Wikipedian. 1.500 artikulu inguru sortu dituzte, 3.000 artikulu inguru hobetu dituzte eta 9.000 erreferentzia bibliografiko gehitu dizkiote euskarazko Wikipediari.

Wikilarion lanari ikasle eta irakasleena gehitu diogunean erakutsi dugu zertarako gai garen. Ikasleek euren egunerokoan erabiltzen dituzten gaiak nabarmen hobetu ditugu, euskarazko produkzioa biderkatuz. Asko dugu egiteko, baina orain ikasleek dituzten baliabideak orain dela lau urte zituztenak baino hobeak dira.

Orain arte ikastetxez ikastetxe ibili gara ariketak egiten, baina oraingoan presentzialki zein etxetik ere egin daitezkeen ariketa sorta bat landu dugu.

Hezkuntza Atari bat

Wikipedia ez da soilik artikulu luzeak idaztea. Ilustratzea, eztabaidatzea, erreferentziak bilatzea, zuzentzea edo dokumentatzea ere bada. Ahozkotasuna landu daiteke, mapak egin daitezke, testuak laburtu daitezke. Euskarazko infografiak sor daitezke, gure inguruaren argazkiak igo ditzakegu, talde lanak egin daitezke. Wikipedia ez da soilik Unibertsitateko ikasleentzat, Lehen Hezkuntzatik landu daitezke gaiak, Txikipediari esker, adibidez.

Hori guztia biltzeko Hezkuntza Ataria sortu dugu. Hazten doan baliabideen multzoa da, zuekin egiten ditugun ariketekin aberasten den ataria da. Lehen eta Bigarren Hezkuntzarako proposamenak bildu ditugu bertan, Online irakaskuntzarako dekalogoarekin batera. Inor atzean gera ez dadin, ikasturte honetan eskolatik etxerako trantsiziorako prest egon gaitezen.

Elkarlanerako dei bat

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak esfortzu berezia egingo du aurten elkarlanean proiektuak garatu ahal izateko. Guztion artean aurrera egingo dugulako, guztion artean euskarazko edukiak biderkatzeko baliatu dezakegulako egoera hau. Online aritzea egokituko balitz ere, ikasleekin egin daitezkeen ariketak proposatzea garrantzitsua da.

Elkarlan hori bi norabideetan egingo dugu. Egiten ditugun esperientzia berriak, nazioartean egiten direnak edo zuek proposatutakoak bertan bildu nahi ditugu. Zuek ere proposa ditzakezue berriak, Hezkuntza Atarian dagoen + botoia sakatuta. Guztion artean, guztiok egin ditzakegun esperientziak bildu nahi ditugu.

Irakasleak laguntzeko gune bat

Irakasleei zuzeneko laguntza eman nahi dizuegu. Ekimen bat egin nahi baduzue, laguntza eskatzeko aukera ireki dugu. Gainera, e-posta bat ere baduzue eskuragarri: hezkuntza(@)wikimedia.eus. Tutorialak, online jarraipena egiteko bideoak eta tutoretzak ere eskuragarri izango ditugu, edozein egoerari ere aurre egin ahal izateko.

Laguntzeko gaude. Euskarazko edukiak sortzeaz gain ikasleek zerbait berria ikasteko aukera izan dezaten nahi dugu. Konpetentzia digitalak landuz elkarlana, ikuspegi kritikoa, informazioaren baheketa eta sorkuntza bultzatu nahi dugu. Bidaia elkarrekin egin nahi dugu, zuekin batera, zuei esker posible izango da. Eskerrik asko egiten duzuen lanagatik.