Azken urteetan izandako esperientzia positiboarekin jarraituz, aurten ere martxan jarri dugu Euskarazko Wikipedia editatzeko lehiaketa. Martxotik abendura bitarte, Wikipedia edukiz betetzen laguntzen baduzu, sari ederrak irabazteko aukera izango duzu.

Aurten, ordea, aldaketak egin ditugu lehiaketak antolatzeko moduan. Gogoratzen baduzue, azken bi urteetan hilabetero gai berri bati buruzko lehiaketa jartzen genuen martxan eta parte hartzaileen hilabete horretako epea izaten zuten gai horrekin lotura zuten artikuluak lantzen. Aurten ezberdin egingo dugu: martxotik abendura arte iraungo duten lau lehiaketa jarri ditugu martxan aldi berean, modu honetan parte hartzaileek patxada handiagoz landu ahalko dituzte artikuluak.

Lau lehiaketa, lau gai

Hauek dira lau lehiaketetako gaiak:

  • Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrenda: Lehiaketa honen helburua funtsezko artikuluak hobetzea izango da, Euskarazko Wikipediaren fidagarritasuna handituz.
  • Euskal Herriko udalerriak: Euskal Herriko udalerrien artikuluek hobekuntza handiak behar dituzte. Lehiaketa honetan gure herriaren eta gure herrien informazioan erreferente bilakatuko dugu euskarazko Wikipedia.
  • Emakumeen biografiak: Euskarazko Wikipedian ditugun biografia guztien artean %17 baino gutxiago dira emakumezkoak. Genero-oreka hobetzeko helburuarekin, urte osoan zehar emakumezkoen presentzia handitzeko aukera duzu.
  • Txikipedia: Txikipedia umeentzako Entziklopedia da. Asko dago hor oraindik idazteko, hasi berria den proiektua baita. Idatzi haurrentzako edukia eta lagundu txikienentzako ezagutza sortzen.

Sari ugari

Sariak ere izango dira, noski! Baina alor honetan ere aldaketa batzuk egin ditugu, parte hartzen duen mundu guztiak saritua izateko aukera edukitzea da aldaketa hauen asmoa; ekarpen handiak zein txikiak saritu nahi ditugu, guztiak baitira garrantzitsuak Wikipedian.

Hiru sari mota egongo dira:

  • Lehiaketaren batean 1.000 puntu lortzen dituzun lehen aldian liburu bat erosteko bono bat jasoko duzu. Bono hau behin bakarrik jasoko duzu, eta ez dira puntuak metatuko lehiaketen artean. Zuk erabaki zer erosi nahi duzun horrekin!
  • Lehiaketa bakoitzak sari handi bat izango du amaieran, puntu gehien egin dituenarentzat.
  • Puntu metatuak erabiliko ditugu zozketa bidez beste bi sari emateko lehiaketak amaitzen direnean. Lau lehiaketatan lortutako puntuak batuko dira eta 1.000 punturo (borobilduko da) boleto bat lortuko duzu egingo den zozketan parte hartzeko. Gero eta puntu gehiago izan, orduan eta aukera gehiago izango dituzu irabazteko.

Parte hartzeko modua oso erraza da, lehiaketa bakoitzean izena eta eta kitto! Interesa baldin baduzu, sartu hemen eta hasi editatzen!