Azaroaren bostean, Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE) 14/2019 Errege Lege-Dekretua argitaratu zuen, urriaren hogeita hamaikan onartua izan zena, non Estatuko Administrazio Orokorrak salbuespenez eta neurriak hartuz, datuen transmisioa eta interneteko konexioa eteteko eskubidea gordetzen du, ordena publikoaren arrazoiak aldarrikatuz.


IV. Kapituluaren arabera, Telekomunikazio Orokorren 9/2014 Legearen aldaketa, Estatuak, defentsa nazionalaren esparruan segurtasun publikoari eragin diezaiokeen edozein motatako azpiegitura, sare, zerbitzu edo baliabide digitalen erabileraren eskubidea bere gain hartzen du. Web orriak eta bestelako zerbitzuen itxieran berehalako ekimenen ahalmena Espainiako Gobernuak babesten du, Ekonomia eta Negozioen Ministerioaren bidez, eta baita sare guztien kontrola eta funtzionamendua salbuespenez deskribatutako aldi iragankorretan. Ez da beharrezkoa aurretiazko eskakizun judizialik.


Euskal Wikilarien Elkarteak, Amical Wikimedia katalanak ere gai honen inguruan adierazi bezala, dekretu lege berri horrekin gure desadostasun sakona adierazten dugu, bai eta gure gero eta kezka handiagoa ere eskubide digitalen murrizketekin Espainiako lurraldean.


Lehenengo eta behin, lege honen eztabaida falta Parlamentuan, behin-behineko gobernu batek onartua, hauteskunde kanpaina bete betean, eta lege-dekretu formularen bidez, une funtsezkoan informazio askatasunaren atzerakada zorrotza adierazten du. Bigarrenez, zehaztasunik gabe definitutako kontzeptuak, hala nola “segurtasun nazionala”, “ordena publikoa”, “trantsizio-aldia” edo “ohiz kanpoko egoera”, motibazio politikoan eta disidentzia ideologikoaren errepresioan oinarritutako bereizkeriarik gabeko ekintzak ahalbideratzen dute. Hirugarrenez, kezkatuta gaude legearen hitzaurreak testuinguruan jarri eta justifikatu egiten dituela Espainiako lurralde desberdinetan egiten diren etengabeko mobilizazio sozio-politikoen aurrean hartutako neurriak.


Zentzu horretan, Euskal Wikilarien Elkarteak aldez aurretik adierazi du Euskal Herriko oinarrizko eskubide zibilak eta adierazpen askatasunaren eta haren aldeko ekintzen alde dagoela. Goian aipatutako dekretuak larriki bortxatzen du informazio-askatasuna, Wikipedia eta berari lotutako proiektuetan bezala, jendeari zabalik eta eskuragarri egon beharko liratekeelako. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 19. Artikuluak defendatzen duenez, “denek dute eskubidea iritzi eta adierazpen askatasuna izateko: eskubideak, interferentziarik gabe iritziak emateko askatasuna barne hartzen du, eta informazioa eta ideiak bilatu, jaso eta helarazteko edozein euskarritan, eta mugak kontutan hartu gabe.”


Badira zentsura digitalaren azken aldiko aurrekariak, oso giza eragin larria izan dutenak. 2014ko otsailean, Turkiako parlamentuak 5651 Zb. Legea onartu zuen, estatuko telekomunikazio autoritateei botere berriak ematen Internetaren erregulazioari buruz. Urte gutxiren ondoren, 2017ko apirilean, eta lege hori erabiliz, Wikipediaren hizkuntza guztietako bertsioen sarrera blokeatu egin ziren, Turkiako Gobernuaren erreklamazioa Ingeles Wikipediaren estatuaren terrorismoaren artikuluan oinarrituta.


Arrazoi horiengatik guztiengatik, Euskal Wikilarien Elkarteak lege-dekretu honi bere gaitzespena berresten dio, eta berehala erretiratzea eskatzen du. Gure erakundea, zalantzarik gabe, askatasun digitalaren eta giza eskubideen adierazpenaren, batzar baketsuen eta informazioaren sarbidearen alde dago.


2019ko azaroaren 21a