Humanitate digitalak (HD) konputazioa eta teknologia digitalak eta gizarte-zientziak batzen dituen esparru akademiko bat da. Gizarte Zientzietan baliabide digitalen erabilera sistematikoa eta euren aplikazioaren inguruko ondorioak aztertzen ditu. Uda honetan UEUk Humanitate Digitalen inguruko jardunaldiarekin hasi zituen udako ikastaroak, eta bertatik sortu genuen Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen eta UEUren arteko elkarlan proposamen hau: Humanitate Digitalak ikertzeko bi beka ematea.

Aurkezpenak jasotzeko tartea irekita, zortzi proposamen jaso genituen, esparru eta gai oso ezberdinak lantzen zituztenak. Kalitatea ikusita, eta horretarako aukera zegoenez, azkenean hiru proposamen lagunduko ditugu, 2020an garatu beharrekoak. Hauek dira saritutako hiru ideiak:

Linked Data hiztegigintza historikoan: Larramendi eta Autoridades

Proiektuaren helburua Larramendiren Hiztegi Hirukoitza (1745) eta eredu izan zuen Real Academia EspaƱolaren Diccionario de Autoridades (1726-1739) hiztegien edukietatik abiatuta digitalizazio lan-fluxu integrala garatzea da, hau da, eskaneaturiko irudietatik hasi eta RDF Linked Data gisako errepresentazioan bukatzen den prozedura proposatu eta lagin esanguratsu baten gainean gauzatu eta ebaluatzea. Gure asmoa horrela sortutako datu-multzo lexikalak izango lituzkeen aplikazioak deskribatzea da, horien artean, Wikidata aberastea, besteak beste.

Euskarazko sareko edukietan oinarrituta entitateak eta hauen inguruko informazioaren erauzketa Wikidata elikatzeko

Euskarazko komunikabide garrantzitsuenetan zein Twitterren aurkitu daitekeen euskarazko edukia jaso eta bertatik informazio baliagarria erauztea izango da lan honen helburua. Testuetan aipatzen diren pertsona, erakunde zein tokiak identifikatu eta hauen inguruko informazioa jasoko da. Behin informazio hau jasoa dagoela, entitate bakoitzeko sarrera bat sortuko da Wikidatan, baldin ez balego. Hortaz, Euskarazko edukia aztertu eta Wikidatan txertatzea izango da lan honen asmoa. Testu kantitate erraldoi hauetatik nahi dugun informazioa erauzteko Lengoaia Naturalaren Prozesamenduko teknika ezberdinak erabiliko dira.

Esplorazio ikerketa sareko euskarazko ikus-entzunezko eduki pedagogiko libreen sortze prozesurako

Proiektu honek ikus-entzunezko eduki pedagogikoetan espezializatutako atari digitala izan nahi du. Kutsu didaktikoa duten bideo laburren bidez, Euskarazko Wikipediako artikuluen osagarri izango diren kontsumo azkarreko bideo pilulak sortu nahi dira, narratiba berrietara egokitutako lengoaia batekin, beti ere. Gertakari historikoak, kuriositateak, gaurkotasuneko gaiak, zinema, artea, kirola, musika, zientzia eta gisako gaiei buruzko bideoak egingo dira heziketa proiektu berritzaile honetan, euskarazko jakintza sortzeko eta gizarteratzeko asmoz. Ikerketa honek bideo plataforma baten sorreran eragiteko ikerketa izan nahi du.

Epaimahaiak oso pozik hartu du aurkeztutako proposamen kopurua eta aniztasuna, eta horren ondorio da hiru laguntza ematea biren ordez. Aurrera begira gai honen inguruan interesa dagoela argi ikusi dugu, eta Wikimediak humanitate digitalen esparruan duen garrantzia berriro ere ikusi dugu.