Niessen lantegiaren 100 urteko ibilbidea jasotzen duen argazki bilduma eskuragarri daukagu Commons irudi biltegian. Ondarea kudeatzen duten erakundeek lizentzia irekien alde egindako apustuari esker, ohikoak dira azken urteotan honelako ekarpenak. Oraingo honetan ordea, argazkiak igotzeaz gain, itzulpen automatikoari esker argazkien deskripzio-testuak elebitan jarri ahal izan ditugu.

Niessen lantegia

Guillermo Niessen alemaniarrak zabaldu zuen lantegi hau 1914. urtean Errenterian. Etxean erabiltzeko tresna elektromekanikoak ekoizten zituzten, entxufeak, etengailuak, lanpara-euskarriak eta antzeko gailuak. 70. hamarkada bitarte, familia-enpresa izaerari eutsi zion, lehenbizi Errenteriako erdigunean kokatutako lantegian eta ondoren Oiartzunen. 1996. urtean ABB multinazionalaren barruan sartu zen.

Niessen lantegia 1926. urtean. Niessen-bilduma, cc-by-sa

Argazki bilduma

Lantegiaren mendeurrenean, 2014an, hainbat ospakizun-ekitaldi antolatu ziren. Horien artean, lantegiaren bilakaera historikoa jasotzeko ahalegina argazki bilduma bidez. Aranzadi Zientzia Elkartea arduratu zen materiala bildu eta digitalizatzeaz. Guztira 6.000 irudi baino gehiago bildu zituen. Horietako 998 argazki aukeratu eta Niessen bilduma osatu zuen.

Bildumako argazkiak eta bertako informazio guztia jendearen eskura dago GureGipuzkoa webgunearen bitartez. Eduki guztia cc-by-sa lizentziapean dagoenez, Wikipediarekin bateragarriak da. Lizentzia ireki hori baliatu dugu hain zuzen bilduma osoa Commons-en jartzeko. Orain zuzenean txertatu daitezke irudiak Wikipediako artikuluetan.

Hizkuntza-teknologiak

Egindako lana ez da hor geratu ordea. Bildumako irudi guztiek argazkiaren edukia deskribatzen duten gaztelerazko testu laburrak dituzte. Bada, Elhuyar-ekin lankidetzan, gazteleratik euskarara itzuli ditugu testuok itzulpen automatikorako sistema bat erabilita. Sare Neuronaletako Itzulpen Automatikoa (NMT, Neural Machine Translation). Commons-en beraz, euskarazko eta gaztelerazko azalpenekin aurkituko ditugu argazki guztiak.

Ondarearen digitalizazioa, lizentzia libreen erabilera eta hizkuntza-teknologien arteko elkarlan bikaina, gure ustez.

1 comments