Artikulu honetan, Wikidata ezagutza-basea baliatuz kontsultak eta bistaratzeak nola egin ikusiko dugu. Bi adibide erabiliko ditugu horretarako: lehenbizikoan, Wikipediak gure herri edo auzoari buruz gordetzen duen ondarea bistaratuko dugu mapa batean; bigarrenean berriz, bertsolaritzari emango diogu begiratua, hura kuantitatiboki aztertzeko tresnak erakutsiz.

Humanitate digitalak, konputazio-zientziek eta gizarte zientziek bat egiten duten esparruari deritzo. Azken aldian han eta hemen entzuten hasi garen arren, nahikoa arlo berria da gure artean.

Funtsean, baliabide digital eta teknologikoak baliatuz, giza eta gizarte-zientzietan ohikoak diren azterketa kualitatiboetatik azterketa kuantitatiboetara jausi egiteko aukera ematen du. Eta, kontrako norakoan, gizarte zientziek erronka berriak eskaintzen dizkiete konputazio-zientzian ari diren adituei. Hortxe beraz lankidetzarako abiapuntua.

Artikulu honetan, esan bezala, Humanitate Digitalen baitako bi jarduera proposatuko ditugu: lehenbizikoan, Wikipediak gure herri edo auzoari buruz gordetzen duen ondarea bistaratuko dugu mapa batean, Wikidata datu-basea erabiliz horretarako. Falta diren elementuak identifikatu, eta txango bat eginez, ondareari argazkiak atera eta horiek Wikidatara igoko ditugu. Bigarrenean bertsolaritzari emango diogu begiratua eta hura kuantitatiboki aztertzeko tresnak erakutsiko ditugu. Besteak beste, ondoko eragiketak burutuz: bertsolarien denbora-lerroa osatu, bertsolariak jaiolekuaren arabera kokatu mapan, jaiolekuaren eta garaiaren arabera banatu, generoaren arabera… SPARQL eta Wikidatarekin erraz egin ditzakegu horrelakoak.

Bi proposamenetan, tresna digitalak eta programazio-lengoaiak baliatuko ditugu datuak bistaratu eta ordenatzeko modu berriak sortzeko. Ez beldurrik izan, ez dago informatikan trebatua izan beharrik, pausuz pausu egingo ditugu ariketak.

Gure herriko ondarea bistaratuz eta osatuz

Ondarea gero eta gehiago digitalizatuta dago eta lekuan bertan ez ezik atari digitalen bidez ere kontsulta dezakegu. Tamalez, biltegi digital horiek ez daude elkarren artean konektaturik eta bestela, informazio kopuru erraldoiak oso zaila egiten du edukiak modu eraginkorrean atzitzea. Ez daukagu tresnarik ondare horri forma eman, antolatu eta geure beharretara bistaratu ahal izateko. Jarduera honen helburu nagusia, gure herri(eta)ko ondarea ezagutu eta hura digitalki gorde eta dokumentatzeko pausoak ematea da. Horretarako Wikipedia, Commons eta Wikidata baliabideak erabiliko ditugu. Adibide hau, Wikipedia ikasgelan gidatik hartu eta moldatu dugu.

Wikipedia entziklopedia aske eta digitala da. Gai baten inguruan informazioa behar dugunean sarritan jo ohi dugu bertara. Gure herrietako ondareari buruzko informazioa ere topatu dezakegu bertan. Ariketa gisa, aztertu zure udalerriko artikulua. Ondo osatua al dago? Jasotzen al du eraikin nagusien eta ondarearen berri?

Commons multimedia-biltegia da, bertan gordetzen dira Wikipedian erabiltzen diren irudi, audio, bideo… guztiak. Wikipedian erabili daitezkeen irudiak mugatuak dira, derrigorrez lizentzia askean egon behar dute. Beraz, ikasleek beraiek egindako argazkiak, irudiak, bideoak… igo ditzakete Commons-era baina garbi izanda edonork erabiltzeko baimena ematen ari direla.

Azkenik, Wikidata daukagu. Wikipediako ezagutza bildu nahi duen datu-basea dela esan genezake. Guri dagokigunez, datuak aztertu eta bistaratzeko esakaintzen dituen tresnak interesatzen zaizkigu batik-bat.

Pausoak:

Zabaldu nabigatzailea eta idatzi bertan https://query.wikidata.org/ helbidea. Wikidatan bilaketak egiteko gunea da.

Gure herriko ondarearen mapa osatuko dugu. Mapa orokorra, Wikipediak gure herriari buruz gordetzen dituen elementu guztiekin. “Iragazi” jartzen duen lekuan klik egin eta “Ondarroa” idatziko dugu (bakoitzak aztertu nahi duen herria jar dezala hemen). Ondoren, aplikazioak gomendatzen dituen ezaugarrien artetik, “honako erakunde administratiboan dago” aukeratuko dugu. “Erakutsi” atalean, eskatuko diogu bilatzen dituen elementuen koordenatuak eta irudia erakusteko.

Wikitada datu-basean kontsultak egiteko interfazea

Jarritako adibidean, 15 elementu topatu ditugu. Emaitzak modu ezberdinean bistaratu daitezke, guk “Mapa” aukeratuko dugu.

Datuak bistaratzeko aukera ezberdinak daud

Ondarroako mapan kokaturik agertuko zaizkigu elementu guztiak. Bakoitzean klik egin eta koordenatuak era argazkia ikusiko ditugu.

Adibidea jarraitu eta probak egin. Bistaratu emaitzak modu ezberdinetan: mapa, taula… zein da egokiena gure kasuan inguru hurbileko ondarea aztertzeko?

Behin ondarea bistaratzeko tresna ezagututa, pausu bat aurrera eman eta ekarpenak egiten hasteko moduan gara. Zure inguru hurbila aztertuz gero, seguru elementu bat baino gehiago falta direla. Ekarpenak egin nahi izanez gero, segi ondoko pausoak:

  • Bistaratu herriko ondarea. Aztertu eta identifikatu falta diren edo argazkirik ez duten elementuak.
  • Antolatu txangoa herrian barrena. Argazkiak atera herriko ondareari.
  • Argazkiak aukeratu eta filtratu. Igo hautatutakoak Wikimedia Commons biltegira. Horretarako, jarraitu ondoko gida. Garbi izan, igotako edukia CC-BY-SA lizentzia librean publikatuko dela.
  • Wikida datu-basean txertatu igotako argazkiak. Bi kasu:
    • Itema existitzen ez bada, berria sortu. Horretarako jarraitu ondoko gida.
    • Itema existitzen bada, gehitu argazkia. Jarraitu gida.
  • Aztertu berriro ere herriko ondarea eta egiaztatu gehitutako elementuak agertzen direla.

Jarduera honen bidez, hainbat arlo landuko ditugu: ondarea bistaratzeko kontsultak nola egin, datuak mapan bistaratu, egile eskubideei buruzko alderdiak, ondarearen digitalizazioa eta katalogazioa…

Wikidata datu-basean kontsultak egiten trebatuz hainbat jarduera egin daitezke. Baina, horretarako, SPARQL lengoaia ezagutu eta maneiatu behar da. SPARQL kontsultarako lengoaia da, datu-basean galderak egin eta datuak bistaratzeko ahalmena daukana. Errazena eginda dauden hainbat adibide ikusi, erabili eta moldatzea da:

https://www.wikidata.org/wiki/Wikidata:SPARQL_query_service/queries/examples

Begiratu kuantitatiboa bertsolaritzari

Demagun bertsolaritza dugula aztergai eta dauzkagun datuak aztertu eta interpretatu nahi ditugula. Besteak beste, ondoko eragiketak egin nahi genituzke: bertsolarien denbora-lerroa osatu, bertsolariak jaiolekuaren arabera kokatu mapan, jaiolekuaren eta garaiaren arabera banatu, generoaren arabera… SPARQL eta Wikidatarekin erraz egin ditzakegu horrelakoak.

Egin klik ondoko loturetan Wikidata-bilaketak ikusi eta exekutatzeko:

Histropedia

Histropedia denbora lerroak osatzeko baliabide digitala da. Wikipedia eta Wikidatako datuak erabiltzen ditu denbora-lerro interaktiboak sortzeko. Elementu edo gertaeren gainean klik egin eta dagokion Wikipedia artikulura bideratuko gaitu. Oso erraza da Histropedia erabiliz denbora-lerroak sortzea. Guri hemen interesatzen zaiguna, Wikidata SPARQL galderak eginez zuzenean denbora-lerroak sortzeko eskaintzen duen aukera da. Horretarako, ondoko helbidean gure SPARQL galdera idatzi besterik ez dugu egin behar:

http://histropedia.com/showcase/wikidata-viewer.html

Adibide gisa, bertsolarien denbora-lerroa sortuko dugu.

Ondorioak

Wikidata, SPARQL, bistaratzeak… baliteke lehen aldian gainezka egitea guzti honek. Lasai hartu, tresna berri gehienekin bezala, asimilatzeko denbora puxka behar izaten da eta. Gure aldetik, jarraitzen erraza den gomendioa: hutsetik hasi beharrean proba egin azaldutako adibideekin. Moldatu zerbait eta proba egin berriro ere. Berehala konfiantza hartu eta adibideak zeurera moldatzen hasi baietz.

Wikipediaren helburua ezagutza guztia biltzea izanik, tresna hauen bitartez egin ditzakegunak, gure nahien eta imajinazioaren esku daude. Guk gaur hona ekarritakoak adibide txikiak baino ez dira, egin daitekeenaren erakusgarri.

Baliabideak