Euskaraldiaren ospakizunekin bat eginez Idazlezainak egitasmoak ekitaldi berezi bat prestatu du azaroak 26an, 18:30ean Victoria Eugenia Cluben. Donostiako liburuzainek osatutako Literatura unibertsaleko 54 autore liburua aurkeztuko da bertan eta jarraian William Shakespeareren Zeru horren infernuak liburuan oinarritutako errezitaldi musikatua eskainiko dute Joxan Goikoetxea, Olatz Prat eta Iosune Marínek. Errezitatzaile gonbidatu gisa parte hartuko dute baita Juan Garzia, Arantza Urkia eta Aritz Brantonek. Ekitaldia irekia izango eta gonbidapenak antzokiko leihatilan eskuratu ahal izango dira 26an bertan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Idazlezainak hitz-joko bat da. Liburuzain liburuak “zaintzen” dituen pertsona da. Baina liburuzainaren lana ez da bakarrik liburuak zaintzea, sortzaileak zaintzea ere bada. Idazlezainak taldeak Wikipedian egiten du hori, sortzaileei buruzko artikuluak idatziz, sarrera horiek gaurkotuta mantenduz eta ahalik eta baliabide gehien eskainiz. 2018ko erronka edo eginkizuna literatura unibertsala izan da. Euskal Wikipediako Hezkuntza Egitasmoarekin bat eginez ari dira Idazlezainak literatura unibertsaleko egileen artikuluak lantzen. Helburua da 12-16 urteko ikasleek Wikipedian kalitatezko artikuluak euskaraz topatzea. Guztira 54 autoreen artikuluak landu dira dagoeneko eta horretarako EIZIEk egindako Literatura Unibertsala bilduma hartu da oinarri. Aurten egindakoa liburu batean jaso eta Literatura unibertsaleko 54 autore ondu dute liburuzainek.

2018an landutako artikuluekin ateratako liburua

 

Egitasmoaren oinarrian, kultura erakundeen arteko elkarlana dago: Donostia Kulturarekin batera Euskal Wikilarien Kultura Elkartea, Euskal Idazleen Elkartea eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea ari dira lanean. Horrela gauzatzen ari da Wikiliburutegiak proiektuaren helburua: liburutegiak gordetzen dituzten funtsak ezagutaraztea eta, batez ere, liburuzainen lantaldea sortzea Wikipedian edukiak editatzeko eta beste hizkuntzetan daudenak euskaratzeko. Donostiako Udal Liburutegien Sareko liburuzainekin batera, Koldo Mitxelena Liburutegiko liburuzainak eta HABE Liburutegiko liburuzainak ari dira lanean.

Donostiako Idazlezainak Wikipedian trebatzen. Literatura Unibertsaleko egileei buruzko artikuluak sortzeko prestatzen. Argazkia: Iurre Telleria, cc-by-sa

Idazlezainak hurbilagotik ezagutu edo eta errezitaldiaz gozatu nahi duenak, ez galdu asteleheneko hitzordua.