Wikidatak 6 urte bete ditu gaur eta data hau ospatzeko opari eder bat egin diogu Euskal Wikilarien Kultur Elkartetik: Armiarma literaturaren zubitegiaren datubase osoa igo dugu, eta dagoeneko jolasteko prest dago. Ia 4.600 liburu eta 960 idazle baino gehiago jasotzen dira Armiarman, eta orain Wikipediarekin integratu eta elkarlotu dugu altxor hau. Has gaitezen jolasean.

Orain urtebete, EWKEn garatzen ari garen hezkuntza programaren baitan, Susa argitaletxearekin lanean hasi ginen. Helburua: euskal literaturari buruzko gaiak hobetzeko bideak elkarrekin egitea. Hiru lan zehatz egin dira: lehenik eta behin haur eta gazte literaturari buruzko gaitegi bat osatzea, unibertsitateekin landu ahal izateko; bigarrena, helduen literaturaren gertakari garrantzitsuenak biltzen dituen beste bat, etorkizunean Wikiproiektu bat abiatu ahal izateko; hirugarrena, gaur aurkezten duguna, datuen trukaketa izan da. Datu horiekin Wikidata elikatuz Wikipedia eta bestelako proiektuak haziko dira, baina Armiarmak ere sarrera azkarra izango du egile horien inguruko artikulu, erreferentzia eta bestelako edukietara. Gakoa bi datubase ezberdin bateratzea baino ez zen.

Teknikoki (paragrafo hau baino ez da izango, interesik ez baduzu, pasa hurrengora), ez da lan erraza. Alde batetik bi datubaseetan parametro berdinak izan behar ditugulako, eta datu horiek zeintzuk diren ondo aztertu behar delako. Wikidatan Armiarmako datuentzat propietate bat eskatu genuen, baita lortu ere. Honela, Wikipediako edozein artikulutan (ikus, adibidez, Eider Rodriguez), Armiarmarako lotura automatikoki agertuko da; beste aldean, Armiarmak datu hau erabil dezake bere aplikazioak hobetzeko. Behin datuak kalkulu orri batean lortuta, OpenRefine tresna oso indartsuak ditu datuak ordenatzeko, eta zerrenda luzeetarako tresna bikainak eskaintzen ditu. Azkenik, QuickStatements bezalako tresna bat erabilita igo ditugu idazleak lehenengo, liburuak ondoren, argitaletxeak azkenik.

(Alderdi teknikoaren amaiera)

Orain datu guzti hauek Wikidatan ditugula, galderak egin ditzakegu Query sistema erabilita. Adibidez:

Zein genero dute euskaraz idatzi duten idazleek?

Zein herrialdetan jaio dira euskarazko idazleak?
Ohar teknikoa: Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa kategoriak erakusteko, Frantziar estatuan jaio diren idazleak albo batera utzi behar izan dira.

Zeintzuk dira argitaletxe nagusiak?
Oharra: Liburu oso gutxi dituzten argitaletxe batzuk ez dira sailkatu, batez ere argitaletxe horien jarraipena egiteko arazoak direla eta. Era berean, liburu zahar gehienek ez dute argitaletxerik datuen artean.

Zenbat liburu argitaratu dira urteko genero artistikoaren arabera?
Oharra: 1958tik aurrera. Datubasearen antolaketa dela eta, poesia kaiera guztiak titulu berdinaren pean agertzen dira.

Zenbat liburu idazten dituzten emakume eta gizonek?

Bestelako gauzak ere egin daitezke, noski, eta nahi haina korapilatu dezakegu datuen bilaketa. Laster posible izango da idazleen lanen zerrenda automatikoki lortzea, adibidez. Baina gero guerocoac.