(Argazkiaren egilea: Wikimedia Foundation, CC-BY-SA 3.0)

Informazioa barra-barra dabilkigu mundu analogikoan/errealean eta, bereziki, mundu digitalean/(erdi)errealitatean, the Internet side of things. Gure izana badugu munduan, baina on-line aztarna ere uzten goaz gure bizitza paralelo horretan, pertsonek bezala, gauzek, eta gauzek bezala,  taldeek. Informazio hori, baina, sakabanatuta geratzen da bitarteko digital desberdinetan. Zabalkundera bideratutakoan, pertsonek eta elkarteek badituzte beren blogak, badira askotariko giza taldeek, politika, kultura, zientziakoek, erreferentziatzat dauzkaten web lekuak, baina ez ditugu besteenak irakurtzen, gure arlokoak, interesekoak edo aldekoak baizik.

 

Oinarrizko datuak kontsultatzeko leku bat, lankidetzaz

 

Euskarazko Wikipediak (Wikipediak, oro har) bitarteko bat sortu du ezagutze entziklopediko hori bideratzeko: kanal mainstream bat da eta, beraz, irakurle multzo zabalekoa, erreferentzia komun bat, oinarrizko datuak emango dituena, modu ahal den neutralenean eta lizentzia askeaz. Edonork sor dezake, edonork aldatu; gida labur polita argitaratu du Kepa Sarasolak oraindik orain wikimedia.eus gure webgunean, Wikipedian aritzearen argiak eta ez hain argiak nabarmenduz (lizentziek kaka ematen dute batzuetan, bai!), eta editatzera irakurleak xaxatuz.

 

Adierazpen politikoa?

 

Wikipedia munduko seigarren webgune bisitatuena da, nola ez da izango ba hor egotea garrantzitsua? Bertako informazioa zabal-zabaldu egiten da, egin kontu, artikulu esanguratsu bat hartzeko: Basques artikuluak, mundu osoan irakurriak, 1,164 bisita izan ditu egunero, 307.178 bisita 2018 osoan; History of the Basques, antzera, 349 bisita izan ditu egunero batez beste 2018an. Ildo beretik beste batzuk, eta ingelesezkoa da, gustuko edo ez, azpiko maila guztiak, hizkuntzak, bustitzen dituen iturria, itzulpenaren bitartez: ezagutza eman (isur) eta zabal, barrurantz eta kanporantz. Hori adierazpen politiko bat da? Bai, esan gabe doa, eta ez da doakoa: EN Wikipedia bereziki dago korporazioen eta gobernuen jopuntuan.

Oroimena eta ondarea, multimedian eta dizplinartekotasunean

EN WPz landa, berta-bertako apustu sendoa dugu Euskarazko Wikipedia, topikotik tira eginez, izana izen bihur dadin. Ez dator gaizki gogora ekartzea EU WPk 31. postua duela nazioarteko hizkuntzetan artikulu kopuruari erreparatuz, eta munduan 300 hizkuntzak dute Wikipedia proiektu bat (6000+ hizkuntza ditugu munduan, gero eta gutxiago…). Bere txikian bada marka, eta beste hizkuntza gutxitu askoren begirune (katalanek barka…). Wikipedia duenak, teknologia duenak bezala, aurrera egiteko aukerak izango ditu.

 

Berriaren Oroiteria jardunaldiek gogorarazi egin zuten memoriaren garrantzia, eta ez alferrik. Non kokatu oroimena eta ondarea guztion eskueran (eta guztion partaidetzaz), datu objektiboen oinarri bat izan dezaten? Ez arloko/alderdiko web espezializatu batean edo museo/liburutegi zoko batean itzalduta, edo egunero aldatzen den egunkari batean sakabanatuta, baizik etengabe aurkitu eta eguneratzeko moduan. Horretarako lotu dute EU Wikipediak eta EWKEk hitzarmena hainbat erakunderekin, tartean Berria dela: multimedia fitxategi eta testu ugari jarri du eskueran Wikipedia elikatzeko, nork egoki ikusi bezala Oroiteria Wikipedian erabili eta oroimena dinamizatzeko, tokatu zaigun inter, multi eta trans aroan. Ondarearekin bada artean lanik egiteko, hura Euskarazko Wikiteka (.eu) berrira eta Wikipediara zein Wikimedia Commonsera igotzeko, multimedia fitxategi askeen munduko biltegi handienera.

 

Martxan da artean irailean WikiLovesMonuments (argazkia atera eta parte hartu!), eta EU Wikipediak bere tartea du bertan, edonork gure ondarearen argazkiak igo ditzan. Ondarearen sailkapen irizpide hori murritza da? EHko memoria lekuak, esaterako, sailkatuta daude? Gauzak daude landu eta aurreratzeko Euskal Herriko oroimen eta ondareari buruz, uneko Hezkuntza Programan ekinez eta gai horietan diharduten elkarteekin harremanak josiz, multimediaz eta diziplinartekotasunez. Horretan, Wikidata dugu azken dema, lankidetza bidezko munduko datu basea, hazten, hazten, hazten. Wikimediako proiektuetan, arrotzen ezagutzak betetzen du hor ez dagoen bertako ezagutzaren hutsunea. Hor egotea, ezin bestekoa.

 

(*Artikulu hau Berrian agertu zen irailaren 28an)