Irailarekin batera martxan da Wiki Loves Monuments, mundu-mailako argazki lehiaketarik handiena. 2010ean abiatu zen ekimen honen helburua, monumentu eta ondarearen inguruko argazki libreak jasotzea da, Wikipedia zein beste edozein gunetan libreki erabili ahal izateko.

Iaz ospatu genuen lehen aldiz Euskal Herrian, eta aurten hiru erronka jarri ditugu, hiru sari ezberdinekin.

  • Edizio lehiaketa: 2018an zehar, hilabetero, edizio-lehiaketa ezberdin bat egiten ari gara. Irailean, WikiLovesMonuments lehiaketarekin bat egin eta  Gizateriaren Ondarea da hautatu dugun gaia. Munduko edozein ondareri buruzko artikuluak sortu edo hobetu daitezke. Zerrenda bat ere badaukagu, premia handia duten artikuluekin. Puntuazioa berbera da guztientzat, zerrendako ondarea ondo egotea garrantzitsua da euskal Wikipediaren irakurleentzat. Sariak liburu sorta ezberdinak izango dira, liburu ederrak, zinez.
  • Argazki lehiaketa: mundu-mailako argazki lehiaketan parte hartuko dugu guk ere. Euskal Herrian babestuta dauden eraikin eta ondasunen zerrenda eguneratu dugu 6000 elementu baino gehiagorekin. Horietako asko eta askok ez daukate oraindik argazkirik. Zerrenda guztiak hemen daude. Argazki lehiaketan hiru sari ditugu, Azkue Fundazioak eskainita: Euskal Herriko argazkirik onenari Parrot Mambo Fly drona; Bizkaiko argazkirik onenari Hero Session waterproof Go-proa eta Bilboko argazkirik onenari: Telefonoarekin argazki eta bideoak egiteko produktu sorta.
  • Donejakue bidea Euskal Herrian lehiaketa: Donejakue bideko kultura ondasunen zerrendak atera ditugu eta horiei buruzko artikuluak sustatu nahi ditugu. Lehen puntuko edizio-lehiaketarekin bat egiten du, Donejakue bidea Gizateraren Ondare izendatua dagoelako  eta hilabeteko lehiaketan gai honi buruz egiten diren artikuluak kontabilizatuko dira. Koldo Mitxelena Kulturguneak 10 liburu eder  eskaini ditu lehiaketa honetan parte hartzen duzuenentzat.

Irailaren 1etik 30era egongo da tartea parte-hartzeko eta helbide honetan duzue horretarako behar den informazio guztia: https://eu.wikipedia.org/wiki/Wikipedia:WikiLovesMonuments_2018

Argazkiak igo, artikuluak idatzi… animatu eta parte hartu! Ea lortzen dugun

gure herri(eta)ko ondasunak hobeto agertzea Wikipedian.

Euskal Herriko argazkirik onena (2017): Egunsentia Gaztelugatxen.jpg Egilea: Ebaki