Ikasturte honetan abiatu dugun Hezkuntza Programaren baitan Gradu Bukaerako Lan bat egitea proposatu genien HUHEZIko multimedia komunikazio ikasleei. Bi ikaslek, Leire Marimon eta Amaia Fuertesek, proiektuari heldu eta multimedia eta Wikipedia bigarren hezkuntzako ikasleengan duen pertzepzioa ikertzeari ekin zioten. Gure hasierako helburua bideogintzan kokatzen bazen ere, laster konturatu ginen ikertu beharreko esparrua bideogintza bera zela, eta amaierako produktuak ez zela ikerketa horren ondorioa baizik. Horregatik blog sarrera honetan hasieratik egingo dugu kontakizuna, eta ez amaierako produktutik.

Ikasturte hasieran Mondragon Unibertsitateak Aretxabaletan duen campusera hurbildu ginenean, galdera bat luzatu genien ikasleei: 12-16 urteko ikasleentzat prestatzen ari garen artikuluak bideoz laguntzeko modurik al dago? Bi ikaslek erronkari heldu zioten Txema Egañaren tutoretzapean. Gure hasierako helburua bideogintza bera zen, artikuluren bat bideoz laguntzea eta produktua bera erakustea. Baina bidean oso gauza interesgarriak aurkitu ditugu guztion artean.

Alde batetik, bideogintza eta hezkuntzaren inguruko ikerketak ez direla uste genuena bezainbeste. Esparru nahiko berria da, eta bibliografia oraintxe egiten ari diren ikerketen arabera egin behar izan dute. Esparru berri bat izanda, ikertzeko aukerak oso handiak zirela ondorioztatu dugu, eta ikerketan eman dute ikasleek denbora gehiena. Egindako txostenean azaltzen dutenez,  Wikipedia hezkuntzarako tresna bilakatu da baina bideogintza ez da aldi berean proiektuaren barnean garatu. Bideoek eta multimediak, oro har, ikasleen arreta eta motibazioa handitzen duela ikusi dute hainbat ikerketek, eta Wikipedia ezin da, zentzu horretan, atzean geratu. Bideoen formatuek ere aukera handiak ematen dituzte, eta saretik asko zabaltzen diren animazio, dokumental, bideo-pilula, dramatizazioa edo tutorialen ereduak ikertu dituzte ikasleek.

Metodologia

Egindako lanaren ondorioz, hainbat bideo formaturekin frogak egin behar zirela ondorioztatu zuten, eta 1. eta 4. DBHko ikasleekin bideo horien efektibotasuna aztertu. Hiru izan ziren hartutako formatuak: animazioa, bideo-pilula eta grabatutako klasea. Bideo bakoitzaren aurrean ikasleek zuten pertzepzioa aztertu nahi zuten, inkesta bidez zein focus-group delako metodoaren bidez.

Baina bazegoen lehenago hartu beharreko erabaki bat: zeren inguruan egin bideoa. Inkesta egin zieten Armentia Ikastolako ikasleei eta aukeratutako gaia feminismoa izan zen. Gertakari historikoen inguruan ere interesa zuten, baita gaur egungo gaiak izeneko kontzeptuak ere. Bi ikasleek, beraz, GBLa feminismoaren inguruko hiru bideo eginez jarraitu zuten.

Bideoak irudi libreekin osatzeak duen zailtasuna dela eta, lehenengo hiru bideo hauetako irudiak saretik hartu ziren. Ez dira, beraz, libre eta ezin dira Wikipediara igo. Hemen dituzue egindako animazioa, bideo-pilula eta irakasle baten azalpen motako bideoak. Hiru bideo hauek ikasleei erakutsi eta elkarrizketen bitartez ondorioztatu zuten animazioa zela gehien erakartzen zien formatua.

Amaierako bideoa

Datu guzti hauekin ikasleek feminismoa zer zen azaltzen zuen bideo libre bat egiteari ekin zioten. Lehen pausoa gidoia bera fintzea izan zen, Entziklopedia batean jartzeko baliagarri eginez. Tonu neutrala mantentzeaz gain, informatiboa eta didaktikoa izan behar zen. Eta hori gutxi balitz, feminismoaren kontzeptu ezberdinak bildu behar zituen, ahalik eta denbora gutxienean. Animazioak zein musika libreak dira, eurek egin dituzte eta dagoeneko emaitza ikusgai dago feminismo artikuluan zein YouTuben. Nahi izanez gero, txosten osoa irakur dezakezu hemen.