Ahotsak.eus proiektuak 346 herritako 5.657 pertsona elkarrizketatu ditu azken hamarkada eta erdian. Guztira 49.883 bideo pasarte ditu jada, ahozko ondarea biltzeko helburua duen proiektu honek. Altxorra da, benetako altxorra: milaka pertsona horiek euren pasarteak aipatzeak garrantzia berezia du etorkizunerako. Alde batetik euskararen aldaerak, esamoldeak eta moduak jasotzen direlako; bestetik, pertsona horien testigantzek herriaren historia eraikitzen laguntzen digutelako. Laster 300 herritako euskarari buruzko bideoak izango ditugu Wikipedian, bi proiektuen arteko lotura handituz.

Gaur sinatu dugun akordioak hemendik eta abendura bitarte herrietako euskarari buruzko pasarteak aukeratu eta igotzeaz gain, euskalki eta euskararen berezitasunei buruzko artikuluak dagoen modurik onenean ilustratzeko aukera emango digu: ahoz. Ahotsa da Entziklopedia idatzi batetik bereizten gaituen aukeretako bat, bideoak igotzeak balio gehigarria emango dio Wikipediari. Bestetik, Ahotsak proiektuak ikusgarritasuna handituko du, bai loturen bitartez bai eta bideo horiez gain beste ondare guztira sartzeko aukera izango dugulako bertatik.

Ahotsak proiektuak lizentzia libreak erabiltzen ditu hasieratik, eta honek asko erraztu du bi proiektuen arteko elkarkidetzak. Dagoeneko artikulu batzuetan txertatzen ditugu Ahotsak-ek egindako bideoak. Adibidez, “Euskara batu” artikuluan, “Euskadi Ta Askatasuna” artikuluan edo “Euskararen debekua“ri buruz hitz egiterakoan. Ahotsaken ez delako bakarrik hizkuntza, zeren inguruan hitz egiten duten ere garrantzi berezia du.

Herrialdeen arteko oreka bilatuko dugu proiektu honetan, Euskal Herri osoko aldaerak jasoz. Helburu komuna dugu: ondare hau zabaltzea eta euskarak duen aberastasuna adieraztea. Ahotsak ekimeneko ordezkariek adierazi digutenez, herrietako hizkeraz gain erregistroei eta euskararen historiari buruzko gaiak ere landu nahi dituzte. Kolaborazio luze baten hasiera baino ez da, beraz. Eta amaitzeko, gomendio bat: disfrutatu gure ahotsetaz.