Bi urte dira Gipuzkoako campusaren eta Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen artean elkarlanean ari garela, eta gaur Liburuaren Eguna dela probestu dugu “Euskarazko libururik handiena” leloarekin laburpena egiteko. Ikasle eta irakasle batzuekin batera, EHU, Eusko Jaurlaritza eta EWKEko kideok proiektu hau bultzatzeko egindako lana laburbildu dugu. Datu gisa: aurten Gipuzkoako campuseko ikasleek egindako Wikipediako artikuluekin 1.500 orrialdeko liburu bat egin daiteke, euskarazko libururik luzeena izango litzatekeena.

42 proiektu jarri ditugu martxan EHUn, horietatik 13 Gipuzkoako Campusean. Ikasleek jada 728.000 hitz gehitu dituzte, 779 artikulu hobetu eta 259 artikulu berri sortu. Eta daturik interesgarriena: ikasleek egindako lanak 90.000 irakurle izan ditu proiektua abiatu genuenetik. Oso gutxi izango dira horrelako ikusgarritasunan lortzen duten euskarazko lanak.

Oraindik falta dira ikasle batzuk lanak igo eta moldatzeko. Eta datuak asko hobetuko direla uste dugu, noski. Liburu bat egingo bagenu, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateko ikasleek (HEFA) 595 orrialde idatzi dituztela ikusiko genuke; 102 orrialdeko mikroekonomiari buruzko liburuxka idatzi dute Ekonomia eta Enpresako ikasleek; 84 orrialde gehitu dituzte arkitekturakoek; 234 orrialde berri idatzi dituzte informatika ikasleek… eta laster datu itzelak izango ditugu Kimikako ikasleen jarduerari buruz. Aurkezpena ikusi nahi baduzu, sakatu lotura:

Liburuaren eguna - Aurkezpena Carlos Santamaria zentroan - EHU