Aurrekoan aipatu genizuen Elhuyarren Zientzia eta Teknologia hiztegiko 6.500 definizio igo genituela Wikidatara, Elhuyar Fundazioarekin egindako akordioari esker. Gaur akordio horren beste albiste batekin gatoz: Teknopolis zientzia saioan eskainitako animazioak Commonsera igo dira gaur, lehen aldiz EiTBren eduki bat Creative Commons lizentziapean utziz.


Hilabete batzuk eman ditugu Elhuyarrekin hizketan, Hezkuntza Programan txertatu daitekeen materialak aztertu eta igotzeko aukerak ikusten. Teknopolis izan zen, hasieratik, ikusitako material horietako bat. Zientzia eta teknologiari buruzko puntako saioa da Teknopolis, eta bertan bi bideo mota labur egiten dira: pilulak eta animazioak. Orain bigarren horiek igo ditugu, eurek egindako animazio interesgarriak, gai ezberdinak lantzen dituztenak.

Bideoak gutxika sartuko ditugu Wikipediako artikuluetan, baina norbaitek guztiak ikusi nahiko balitu, hemen daude eskuragarri: https://commons.wikimedia.org/wiki/Category:Videos_uploaded_within_the_Basque_Education_program_agreement_with_Elhuyar_Fundazioa