Zer da zetonemia? Eta txoriandre pispoleta? Ba al dakizu zer den errabdomero bat? Elhuyarren Zientzia eta Teknologia hiztegiak milaka sarrera ditu, euskarazko terminoak eta euren gaztelania, frantses eta ingelesezko ordainekin, eta EWKEk Elhuyar Fundazioarekin egindako akordioari esker, horietatik 6.500 dagoeneko igo dira Wikidatara. Deskribapen labur horiekin onura handiak izango ditugu Wikipedian zein Elhuyarren, baina batez ere egunero termino espezializatuen esanahia bilatzen duten erabiltzaileak izango dira onuradun nagusiak.

Lizentzia librearekin argitaratutako hiztegia da ZT Hiztegi Berria. Adituek egina, terminologiako puntako kontzeptuak jasotzen ditu euskaraz eta definizioaz gain, beste hizkuntza batzuetako terminoak ere ematen ditu. Milaka eta milaka kontzeptu dira, eta horietako asko ez genituen Euskarazko Wikipedian jasota, edo ez zuten definiziorik Wikidatan. Azken arazo honi konponbidea eman nahi izan diogu, guztiontzat onuragarria den modu batez.

Wikidatako definizioak esaldi laburrak dira, termino bat identifikatzen laguntzen dutenak. Gaur egun mugikorreko bilaketatan ematen den definizioa da, eta geroz eta gehiago egon, orduan eta zerbitzu gehiagok erabiliko dute euskarazko terminologia euren informazioa emateko. Bi kontzeptu jasotzen dira Wikidatan: hizkuntza bakoitzean nola esaten da (label), eta bere definizioa. Eta biak igotzeko aukera izan dugu Elhuyarrek propio garatu duen teknologiari esker.

Lehenengo 6.500 elementu hauek parekotasun sistema baten arabera egin dira: kontzeptua ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz bilatu eta Elhuyarrek zuen datu-basearekin parekatu ostean, ia ziurtzat eman genitzakeen definizio kopuru bat eskaini digu. Eta horien gaineko berrikusketa bat egin ostean Wikidatara igo dira. Orain gure sisteman euskarazko askoz termino gehiago izango ditugu, artikulu askotan euskarazko termino egokiak jarriz, adibidez.

Elhuyarrek, bere aldetik, propietate berri batekin lotu ditu kontzeptu guzti hauek, euren sisteman eskaintzen dituzten lau hizkuntzez gain Wikipedian dauden beste 300 hizkuntzetako loturak sartzea ahalbidetuz. Etorkizunean posible izango litzateke ingelesa, gaztelania eta frantsesaz gain, demagun arabieraz, errusieraz edo txineraz dauden milaka kontzeptu horien ordaina ere jasotzea.

EWKEk eta Elhuyarrek egindako akordioaren lehen atala izan da hau, eta laster igoko dira definizio gehiago, berrikusketa gehiago behar duten itemak aztertuta.

1 comments