Urtero ehunka proposamen berri aurkezten dira Durangoko Azokan: diskak, liburuak, aldizkariak, antzerkia… Azoka bat da, baina sortzaileak biltzeko gune bat ere bada. Urtero ehunka sortzailek euren proposamenak aurkezten dituzte Durangon, eta sortzaile horien guztien argazkiak ez ditugu libre, Euskarazko Wikipedian, adibidez, erabili ahal izateko. Azkue Fundazioarekin batera egoera honi buelta emateko soluzio bat eskainiko dugu aurten Durangoko Azokan bertan: Photocall bat. Kulturgileak animatu nahi ditugu bertan argazkia egitera, kultura libreki hedatu ahal izateko.

Adibide sinple bat jarriko dugu: Wikidataren arabera, bizirik dauden eta Euskal Herrian jaio diren 672 idazleren datuak ditugu. Horietatik 266ren argazkiak baino ez ditugu, asko eta asko batere gaurkotu gabeak. Datua okerragoa da abeslari eta musika-taldeen artean, ez baita ohikoa euren argazki askeak eskuratzea. Egoera antzekoa da bertsolariekin, aurten txapelketan ari diren gehienen argazkirik ez dugu libre, kultura zabaldu ahal izateko.

EWKEtik deialdia luzatu nahi diegu, beraz, Durangoko Azoka bisitatuko duten sortzaile eta kulturgileei: gerturatu Kabi@ ondoan egongo den Photocallera eta atera argazkia. Kulturak eskertuko du!