Hezkuntza Programaren barruan 12-16 urteko ikasleentzako edukiak sortzeko prozesua hastera goazen honetan, egin ditugu hainbat programa-piloto gure ideiak nola funtzionatzen duen ikusteko. Horietako bat EHUko Kimika Fakultateko “Geologia orokorra” ikasleekin egin dugu, euren ikasgaiaren barruan egin ohi duten lana Wikipediara bideratuz. 47 ikaslek hartu dute parte, 20 artikulu hedatuz. Hilabete baten buruan 52.300 hitz berri gehitu dituzte artikulu hauetan, 270.000 karaktere baino gehiago. Artikuluetako batzuk bereziki hedatu dituzte, adibidez mineral, silikato edo oso kontsultatua den Lurraren egitura.

Sei asteko epea izan dute ikasleek artikuluak sortu edo hobetzeko. Batzuek beste hizkuntza bateko Wikipediatik itzultzeko lana hartu dute, besteek, ordea, iturriak kontsultatu eta euskarazko erreferentziak jartzearen alde egin dute. Guztiek ala guztiek artikuluak nabarmenki hedatu eta hobetu dituzte, atalak ordenatu eta zabalduz, formula kimikoak txukun jarriz eta erreferentziak gehituz lanari.

Ez da bromarako kontua: azken hilabetean ikasle hauek egin dituzten artikuluak 5.000 irakurtaldi inguru izan dituzte euskaraz. Lurraren egiturari buruzko artikuluak (nukleoa, litosfera edo astenosfera barne) oso artikulu kontsultatuak dira gure Entziklopedia Askean. Lurrikara, mineral edo laba bezalako artikuluak ere irakurleen helburu dira.

Datu interesgarri batzuk daude egindakoaren tamaina ikusteko: azken hiru hilabeteotan biologia eta geologia eremuetan definitzen genituen 200 artikuluak %20,2 hazi dira edukian, eta ia guztia geologiako ikasleekin egindako ariketa honi dagokio. Artikulu batzuen edukia boskoiztu edo seikoztu da, silikato artikulua 12 aldiz zabalagoa den bitartean. Pangea artikulua 27 aldiz zabalagoa da orain.

Hurrengo hilabeteotan ariketa hau intentsiboki egin nahi dugu fakultatez fakultate, jakintza eremu guztiak hartuz. Lehen emaitzek bidea ondo hautatu dutela erakusten dute. Segi gaitezen lanean!

0 comments

*

XHTML: You can use these tags: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>