Euskararen Egunaren ospakizunekin bat eginez, Idazlezainak egitasmoa jendaurrean erakusteko ekitaldi berezi bat egingo da abenduaren 4an 19:00etan Donostian, Victoria Eugenia Club aretoan. Ana Malagon eta Iban Zaldua idazleek hitzaldi solasaldi bat egingo dute literatura, bibliotekak eta Internet gaien inguruan. Wikiliburutegiak proiektuaren erakusketa interaktiboa ere aurkeztuko da. Erakusketa ibiltari hau Durangoko azokan egongo da datorren abenduaren 8an Kabi@ gunean eta 2018an kultur etxeetan eta liburutegietan ibiliko da. Azkenik, Donostiako liburuzainek egindako lanaren ekarpena azalduko dute. Ekitaldi irekia izango da, baina Victoria Eugeniako leihatilan jaso behar dira gonbidapenak egunean bertan arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Idazlezain taldea asteroko lansaioari ekin aurretik

Euskal idazleei buruzko artikuluak sortzea, gaurkotzea, hobetzea eta ahalik eta hizkuntza gehienetara itzultzea da Idazlezainak proiektuaren xedea. Liburutegiek, zerbitzu publiko gisa, tokiko egileak (idazleak, ilustratzaileak, artistak…) babesteko eta sustatzeko bokazioa dute, haiek baitira gertaera literarioen muina eta iturburua. Egitasmo honetan, liburuzainek, liburuak zaintzeaz gain, idazleak ere zaintzen dituzte Wikipedian, haien artikuluak sortuz, gaurkotuta mantenduz eta ahalik eta hizkuntza gehienetan eskainiz.

Egitasmo honetan Donostia Kulturarekin batera Euskal Wikilarien Kultura Elkartea eta Euskal Idazleen Elkartea ibili dira. Edukien sorrerari dagokionez, Donostia Kulturako liburuzainak, Koldo Mitxelena Liburutegiko liburuzainak eta HABEko liburuzainak elkarlanean aritu dira.

0 comments

*

XHTML: You can use these tags: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>