Wikipedian hainbat hutsune ditugu, eta horietako batzuk estaltzen saiatuko gara abian dugun Hezkuntza Programaren baitan martxan jarri dugun hilabeteroko lehiaketarekin. Afrikako historiarekin hasiko gara, baina beste hainbat gai jorratuko ditugu aurten: dinosauroetatik gastronomiara, emakumeen historiatik giza anatomiara eta sexualitatetik langile mugimenduaren historiara. Sari bereziak izango dira hilabetero, edizio kopurua kontutan hartuta, norvegierazko Wikipedian diseinatutako bot bat erabilita.

Euskarazko Wikipedian oinarrizko hainbat gai lantzeko Hezkuntza Programa jarri dugu abian. Bertan landu nahi ditugun ehunka gaietako batzuk aukeratu eta hilabetero, auzolanean, ahalik eta artikulu gehien osatzeko erronka jarri dugu. Eta erronka horrek saria izango du, gainera. Artikuluei gehitutako hitz eta erreferentzia kopurua, norberak egindako argazkiak eta beste hainbat irizpide kontuan hartzen dituen UKBot erabiliko dugu hilabete osoan zehar artikulu sorta batean egindako aldaketak zenbatu eta puntuak esleitzeko. Eta hilabete amaieran puntu gehien dituenak saria eramango du. Eta ez dira nolanahikoak sari horiek, ez!

Urtarrilean hasiko gara, Afrikako historiarekin. Kontinente honetako historiari buruzko 150 gai proposatu ditugu zerrenda batean, eta horiek garatzea da helburu nagusia. Afrikak betidanik izan duen ahaztu paperarekin amaitzea da erronka, beste kontinente batzuetan duguna baino eduki gutxiago baitugu hemen. Bi sari izango dira, Afrikarekin lotutako hiru liburuz osaturikoak.

Otsailean euskal musikaren gainean jarriko dugu arreta, Euskal Curriculumean zehaztuta agertzen diren 100 artikulu (eta baliteke batzuk gehiago ere agertzea) osatuz. Martxoan emakumeen historia eta emakumea historian izango dugu gai nagusia, bereziki hezkuntza programan abiatu dugun “Emakumea eta generoa zeharlerroa” garatzeko asmoz. Apirilean wikilari batzuek jada iristea nahi duten unea izango dugu: elikadura eta elikagaiak izango dira gaiak, eta bi pertsonentzako bazkaria irabazi daiteke… Arzak jatetxean.

Langileen historia landuko dugu maiatzean, giza sexualitatea ekainean eta udako bi hilabeteak munduko hiriak eta turismoari lotutako gaiekin beteko dugu. Liburu sorta ederrak irabazi daitezke lehiaketa horietan, horietako bat National Geographicen 125 urtetako argazkien bilduma berezia.

WikiLovesMonumentsi helduko diogu berriro ere irailean, eta astronomia izango da gure gaia urrian. Lehiaketekin amaitzeko, giza anatomia landuko dugu azaroan, gaiari buruzko liburu sorta eder batekin, eta urtea amaituko dugu gaztetxo askok kontsultatzen duten eta euskarazko Wikipedian oso ondo landuta ez dugun gai batekin: dinosauroak. Euskal Herriko jatorri-izendapena duten produktuz osaturiko saski bat izango dugu hor irabazlearentzat.

Ez dago aitzakiarik! Eman izena lehiaketan eta parte hartu euskarazko ezagutzaren maratoi honetan. Sari ederrak dituzu(e) zain!

0 comments

*

XHTML: You can use these tags: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>