Irudia: Frank Vincentz, GFDL lizentzia

Azken aldian, fakultatez fakultate nabil irakasleekin biltzen Wikipediako Hezkuntza Programa aurkezten. Irakasle askok galdera bera egiten dute: zer da nire eremuan falta dena? Ez da galdera erraza, zer dakigun baino zailago delako jakitea zer ez dakigun. Zorionez, baditugu bi tresna lan hau errazteko: Petscan eta Massviews. Lehenengoak bilaketak egitea errazten digu, artikuluen zerrendak irizpide ezberdinen arabera eginez. Bigarrenak, ordea, artikulu zerrenda batean zer den bisitatuena esaten digu. Biak batera erabilita, gure eremuan falta dena beste hizkuntza batean dituen bisita kopuruaren arabera antola dezakegu.

Petscan

Petscan bilaketa sinple zein konplexuak egiteko tresna bat da. Hizkuntza batzuetan dagoena baina beste batean ez dagoena esateko balio digu, adibidez. Edo Wikidata zein Wikipediako kategorien arteko bilaketak egiten laguntzen digu. Tresna honek eskaintzen dituen aukera guztiak azaltzea artikulu honen helburuetatik kanpo dago, baina bilaketa erraz bat nola egiten den ikusiko dugu.

Demagun fisika irakaslea naizela, eta jakin nahi dudala zein artikulu garrantzitsu ez ditugun euskaraz. Artikulu bat garrantzitsua den edo ez jakitea zaila da, eta gure irizpideak aldakorrak izan daitezke. Definizio bat ematearren: artikulu bat ingelesez, gaztelaniaz, frantsesez, errusieraz eta katalanez baldin badago, pentsa dezakegu garrantzitsua dela, hizkuntza ezberdinetan jasotzen baita. Are eta gehiago, gure esparru geografikoan ere gaiari garrantzia emateko diotela ikusten dugu.

Bilaketa erraza egin dezakegu, orduan: ingelesezko Physics kategorian eta bere azpikategorietan (azpikategorien azpikategorietan bilatuko dugu, beraz sakonera “2” dela esango dugu) dauden artikuluak bilatuko ditugu, gutxienez es, fr, ru eta ca hizkuntzetan daudenak, baina euskaraz ez daudenak. Lehen pausoa, kategoria zein den zehaztea, bere sakontasunarekin.

Bigarrena, Wikidata erabilita, hizkuntza loturak zehaztuko ditugu. Izan dezala eswiki, frwiki, ruwiki eta cawiki lotura, baina ez euwiki.

“Do it” sakatu eta 673 elementu lortuko ditugu. 673 artikulu hauek izango dira gure bilaketa irizpideak dituzten artikuluak, fisika atalean eta bere azpikategoriatan sailkatutako eta euskaraz ez dauden artikulu garrantzitsu horiek.

“Output” erabilita datu hauek jaitsi ahal ditugu, hainbat eragiketa egiteko aukerarekin. Guk “Pagepile” gisa jaitsiko ditugu, “orrialde sorta”. Honekin beste gauza batzuk egin ditzakegu Wikimedia Fundazioren hainbat tresnei esker. “Do it” klikatuta, PagePile bat lortuko dugu, kasu honetan 11664.a

Massviews

Massviews erabilita, orain lortu ditugun 673 artikulu hauek ikustaldi kopuruaren arabera antolatzeko aukera izango dugu. Bertan “Source” aukeran “Page Pile” aukeratu eta gure zenbakia jarriko dugu, 11664. Bilaketa egiten hasiko da, eta datuak ematen bukatzen duenean esango digu zeintzuk diren artikulurik irakurrienak.

Azpikategorien azpikategoriatan bilaketa egin dugunez, izango ditugu ere fikziozko fisikariak, edo fisikarekin lotura ahula duten artikuluak. Baina hortxe dugu, goian, “gasen konstantea”, egunero ingelesez 3.846 ikustaldi dituen artikulua, 49 hizkuntzatan existitzen dena… eta euskaraz ez dagoena.

Ariketa hau kategoria batekin baino gehiagorekin egin dezakegu, azpikategoriatan bilatu gabe ere abiatu dezakegu… bururatzen zaiguna. Garrantzitsuena da, honela, zer ez dakigun jakiteko aukera dugula. Eta ez da gutxi.

1 comments

  1. Iñaki Lopez de Luzuriaga

    Wow, ederra! Zorionak ere artikuluarengatik, argigarria!