Euskararen Eguna dator eta berarekin batera ohikoa bilakatzen ari den Gipuzkoako Campuseko editatoia. EHUren campus honetan hirugarren aldiz landu dugu ikasle eta irakasleekin batera kalitatezko artikuluak egitea. Kimika, informatika, zuzenbidea edo psikologiako ikasleek artikulu bana egin beharko dute lauhilabete honetan, eta gaur guztiok elkarrekin aritu gara Euskararen Eguna aitzaki.

Aurreko urteetan egindako ibilbidearen jarraipena izan da gaur egin dugun editatoia: irakasleek ikasleei artikulu zerrenda bat proposatzen diete euren ikasgaian aurkeztu ohi den lan gisa. Ikasleek Wikipedia ikastaro bat jaso zuten urrian eta gaur artikuluak igotzeko lanetan hasi dira, guztiak elkarrekin. Eurekin batera Kimika Fakultateko “Geologia orokorra” ikasleak ere izan dira, beste artikulu sorta bat landu dutenak.

Irakasleek epe ezberdinak jarri badiete ere, gaur zuten lehen igoera egiteko eguna, eta emaitzak ikusgarriak izan dira: 23.300 hitz berri sartu dira Wikipedian; erregai-pila, R programazio lengoaia edo sexu-delitu bezalako artikuluak nabarmenki hedatu dira, eta programazioari lotutako hainbat artikulu egin dira, konjuntzio logiko, talde simetriko edo grafo oso gisa.

Hurrengo hilabeteotan falta diren artikuluak hedatuko dituzte ikasleek, eta euren ikasgelako lan gisa aurkeztuko dituzte. Modu honetan, normalki tiradera batean bukatzen duten lanak argitaratu eta guztion esku jartzen dugu. Auzolanean. Euskaraz.

1 comments