Durangoko Azoka dator, urtero kultura eta sorkuntzarekin dugun zita garrantzitsua. Aurten 400 berrikuntza izango dira eskuragarri bertan, baita zuzeneko 200 ekitaldi baino gehiago ere. Tartean, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak abenduaren 8an Wikipedia Eguna antolatu du Kabi@ gunean.

Egun osoko egitaraua izango da, hiru tarte nagusirekin. Goizean, Kabi@ ireki bezain pronto, Idazlezainak ekimena aurkeztuko dugu, eta egun osoan zehar bertan egongo den erakusketa ere ezagutzeko aukera izango da. Ondoren, goiz osoan zehar, Wikilari izaten ikasteko aukera izango du gerturatzen den edonork. Wikipedian, Wikisource, Vikidia edo bestelako proiektuetan nola aritu ikasi, galderak egin eta erantzunak jasotzeko aukera egongo da, bakoitzaren erritmoan. Aukera paregabea egiten ditugun proiektuak ezagutzeko.

Arratsaldean Wikipedia eta Hezkuntza izeneko hitzaldia eskainiko dugu, 15:00etan hasita. Hitzaldi honetan egiten ari garen hezkuntza proiektua ezagutzeko aukera egongo da, baita ekarpenak egin edo proiektuak abiatzeko laguntza eskatzeko ere. Hitzaldia bukatuta, beste bi orduz Wikilari izaten ikasteko aukera izango du gerturatzen den edonork.

Egunari amaiera emateko Durangoko Azokan izango diren sortzaile eta kulturgile ezberdinen argazkiekin jolasteko aukera izango dugu. Artikuluetan sartu, Wikidata hobetu… euskal kulturaren aldeko multimedia ariketa batzuk antolatu ditugu.

Abenduaren 8an Durangoko Azoka bisitatzeko aitzakia ederra, dudarik gabe!